Guk bagenekien
Hona hemen esaldi batzuk, ea ezagunak egiten zaizkizuen: «Biztanle asko, batez ere Bilboko zona jakin batzuetakoak, aspertzen hasiak dira ekitaldi hauekin, non Bilbo den eszenatoki nagusia, baina bilbotarrak figurante hutsak baino ez»; «Bilbok makroekitaldiak hartzeko dituen mugak agerian gelditu dira»; «Beharrezkoa litzateke kostu eta onuren azterketa zorrotz bat egitea, autokonplazentzia ariketarik gabe».
Norbaitek pentsa lezake Eusko Alderdi Jeltzaleko kideren batek esanak direla egunotan, 2030eko Munduko Kopako partidak Bilbon eta Donostian jokatzeak sortu dituen zalantzen harira antzekoak entzun baitira. Baina ez, Maria Del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak duela urtebete Bilbon jokatutako Europa Leagueko finalaren ostean egindako adierazpenak dira. Baten bat gogoratuko da hooligan ingelesen irudiekin, biluzik aldamiora igota. Auzo elkarteek ere salatu zuten Bilbo erdialdean bizitakoa.
Irrati eta telebistetako tertulietan buru-belarri dabiltza EAJren bat-bateko iritzi aldaketaren zergatia antzeman nahian. FIFAk eskatzen duen 50 milioi euroko kanona, salbuespen fiskala edo data horietan beste zenbait ekitaldi aurrera eramateko debekua izan litezke agian, agintarien gertuko komunikabideek zabaldu dutenaren arabera. Espainiako gizonezkoen futbol selekzioa Anoetan edo San Mamesen jokatzen ikusteak sortuko lukeen zalapartak beldurtu izana ere izan liteke, PSEko haien koaliziokideen susmoa baieztatuz. Edo sinpleki kanpotik etorritako jende uholdeak bi hirietan eragingo lituzkeen arazoez jabetu izana legoke atzean.
Egia esan, berdin-berdin zait. Argi dagoena da kostuen zerrenda oso luzea dela, eta onurena -turismoa eta ostalaritza dira okurritzen zaizkidan bakarrak-, ez oso lehentasunezkoa oraintxe bertan. Horrelakoetan esan ohi den bezala, inoiz ez da berandu atzera egin eta agerikoa dena onartzeko, baina argi geratu dadila: guk hau dena bagenekien. •

