Karlos IBARGUREN

Igeltseroak behar ditu Osakidetzak

Alberto Martinez, EAEko Osasun sailburua, txertoen inguruko azalpenak ematen.
Alberto Martinez, EAEko Osasun sailburua, txertoen inguruko azalpenak ematen. (Mikel MARTINEZ DE TRESPIUENTES | FOKU)

Ez, ez dut iritzia aldatu. Lasaitu zaitezte. Aurreko artikuluan neurririk gabe eta beharrik gabe planifikatzen diren eraikinen aurka azaltzen nintzen. Eraikin horiek osasunari ekarpen eskasa egiten diotela esaten nuen eta dirua beste atal batzuek indartzeko erabiltzea proposatzen nuen. Bigarren artikulu honen izenburuan, aldiz, Osakidetzak igeltseroak behar dituela baieztatzen dut. Saia nadin azaltzen, beraz, eraikinak egiteko ez bada, obra hasi aurretik prentsan iragarri berri duten Galdakao-Usansoloko Ospitaleko aparkalekua handitzeko ez bada, zertarako behar dituen Osakidetzak igeltseroak.

Gertakari bakarrera mugatu nahi ez dudan arren, txertoekin gertatutakoak balio dezake enigma argitzeko. Iraungi egin zaizkio hainbat txerto Osakidetzari eta, horretaz ohartu gabe, herritarrei jarri dizkio. Dirudienez, hainbat herritan eta hainbat datatan. 2025. urtean 21 txerto ezberdinetako 274 dosi eta erakunde sanitario integratu guztietan. Beste urte batzuetan ere iraungitako txertoak jarri izan ditu. Gertatutakoak, txertaketa prozesua balego, egonkortu gabe dagoela erakusten du. Txertaketaren prozesua idatzita baldin badago, bistakoa da zenbait profesionalek, arrazoi ezberdinak tarteko, ez dutela bete eta intzidentzia herritarrengana iritsi dela, akaso kaltea sortuz. Arrazoiak aztertuz inguratuko gara enigmaren soluziora.

Prozesuaren pausu bakoitza (txertoa erostea, zentroetan banatzea, zentro bakoitzean biltegiratzea, iraungitze data berrikustea, herritarrari ematea) gazta-xerra bat da. Prozesua egonkortuta baldin badago, xerrak ez du apenas zulorik. Profesional bakoitzak badaki zer eta noiz egin behar duen, eta, gainera, ondo egiten ote den gainbegiratzen beste profesionalen bat dago. Prozesua egoki kudeatu ezean, zuloak sortzen dira xerratan. Zuloa xerra bakarrean sortuz gero, beste xerra batek tapatuko du zuloa eta intzidentzia ez da gaixoarenganaino iritsiko. Zuloak gehiago badira eta lerrokatzen badira, intzidentzia herritarrarengana iritsiko da. Gero eta zulo gehiago, errazagoa izango da lerrokatzea.

Gazta-xerretako zuloen teoria azaltzen duen irudia. (GAUR8)

Zuloengan eragina izan dezaketen arrazoiak definituta daude jada. Lehena giza baliabideen kudeaketa izan daiteke: langileen gaitasuna baloratzea lana esleitu aurretik, prestakuntza ibilbide bat diseinatzea, lan-kargen banaketa egokia den aztertzea edo profesionala kontratu oso laburren bidez hamabost egunetik behin zerbitzu ezberdin batetik bestera ez mugitzea. Hain da laburra kontratuen iraupena eta, ondorioz, hainbeste kontratu egin behar dira, ezen kontratuak sistema informatikoan sartzeko denbora ez duela ematen eta profesionalok ez dutela hilabetea kobratzen. Langileei pagatzeko gai ez den enpresa bati nola ez zaizkio txertoak iraungiko? Hemen zulo beltz ikaragarria du Osakidetzak. Profesionalon ilusioa eta bokazioa irensten duen zulo beltza. Zergatik ematen digun horrelako tratu txarra Osakidetzak profesionaloi? Zulo beltzena baino enigma askaezinagoa da hori! Akaso nazkatu eta sistema pribatura lanera joan gaitezen bilatzen du.

Bigarrena prozesuak eta protokoloak egoki idatzita egotea, ezarrita egotea (profesional guztiek ezagutu eta non kontsulta daitezkeen jakitea), neurtzea (bai betetze maila eta bai emaitzak) eta neurketaren ondorioz beharrezko doikuntzak egitea izan daiteke. Osakidetzan ez dago kudeaketa eredu hori jarraitzeko ohiturarik. Euskaliten kudeaketa aurreratuaren eredua lehenesten duen arren, oso gutxi dira eredu hori jarraitzen duten Osakidetzako zerbitzuak. Suak itzaltzea da Osakidetzako zerbitzu gehienetan nagusitzen den kudeaketa eredua. Kudeaketa egoki bat egiten ez bada, suak eta zuloak gero eta ugariagoak dira.

Ekipoak eta gailuak izan daitezke hirugarren arrazoia. Gaixoak artatzeko ezinbesteko bihurtu dugun softwarea maiz erortzen da Osakidetzan, eta egoera horiek kudeatzeko protokolo eraginkorrik ez dago. Inork ez digu azaltzen zergatik erori den edo zer neurri hartu den berriz gerta ez dadin. Txertoen kasu zehatzean, barra-kodeak irakurri eta datuak zuzenean ordenagailuan sartzeko gailuen gabezia nabarmendu da.

Luze jarrai dezakegu arrazoiak aztertzen. Gertatu denaren eta gertatuko denaren zergatia argitzeko, aldiz, emandako adibideak nahikoak direla deritzot. Esan dut txertoen afera adibide bat besterik ez dela. Berdina gertatzen da txertoen gisa iraungita dagoen Osakidetzaren Plan Estrategikoarekin, Pazientearen Segurtasunerako Estrategiarekin, Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategiarekin edo Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planarekin. Lehen planak jada kartel eta errotulu aldakorrak elebidunak izango direla jasotzen zuen arren, hirugarrenean goaz eta beheko argazki hau da egungo egoeraren testigu.

Osasun zentro batean jarritako afixa, gaztelera hutsean. (GAUR8)

ZULOEN SORRERA EKIDIN ORDEZ...

Hau da, beraz, arazoa. Zuloen sorrera ekidingo duen kudeaketa egoki bat egin eta zuloen sorrera ekiditeko gaitasunik ez duenez, zuloak zarpiatuko dituzten igeltseroak behar ditugu Osakidetzan. Igeltsero horiek, kopuru eskasean, baina egon badaude Osakidetzan: «antolakuntzako goi mailako teknikari» deitzen dira. Behar adina teknikari kontratatu, beraiengan konfiantza jarri eta lan egiten uztea da kontua. Baina zuloak ekiditen ez baditu, eta kirurgikoki ixteko neurririk hartzen ez badu, zer egiten du Osakidetzak egoeron aurrean? Suak itzali, noski! Suhiltzaileak sobran eta igeltsero eskasia kargudunen artean!

Txertoekin gertatutakoa konpontzeko pazientearen segurtasunerako estrategia martxan jarri izan balu, gaixoaren (lehen biktima) segurtasuna arriskuan jarri duen gorabehera aztertzeaz gain, kontrako gertaera batean parte hartzearen ondorioz traumatizatuta geratutako profesionalak (bigarren biktimak) eta erakunde sanitarioa -kontrako gertaera eman den lekua (hirugarren biktima)- babestu beharko lituzke Osakidetzak. Ez du horrelakorik egin. Profesionalek abandonatuak eta seinalatuak izan diren sentipena dute. Birbiktimizatuak sentitu dira. Erakundea ere ez dute babestu. Txertoen trazabilitatea ikertzeko komiteak egin duen txostena ezkutatzea eta moldatutako bat argitaratzea ez da ez soluzioa ez gardentasuna, eta, gainera, erakundea kaltetzen du. Erizaintzako arduraduna kargugabetzea ez da ez soluzioa ez neurri justua. Soluzio-neurriak zein diren azaldu gabe, hartu direla prentsarazteak zalantzak eta mesfidantzak sortzen ditu.

Hau da, ordea, Osakidetzaren modus operandi-a. Arazoa sakontasunez aztertu eta errepika ez dadin neurriak hartu ordez, ardura politikoak erremediatzea da helburua. Baina sagua igarotzen den zulotik, sagukumeak. Denbora kontua besterik ez da. Txertoen prozesuan edo beste edozeinetan, zuloak lerrokatu egingo dira eta, azkenean, intzidentzia gaixoarengana iritsiko da, kasurik onenean kalterik sortu gabe.

Zergatik den hori Osakidetzaren modus operandi-a? Bakoitzak elabora beza bere hipotesia. Datu bakarra emango dut nik: Osakidetzaren gainbehera hasi zenetik, aseguru pribatuek modu eskandalagarrian egin dute gora.

Txertoen gaian azkenengo berria fiskaltzaren esku-hartzea da. Albiste oso sumingarria iruditzen zait. Profesional batzuek, suhiltzaile ala igeltsero izan, epaile aurrean deklaratu behar izatea sistemaren porrot erabatekoa da. Baina arazoa errotik moztu ezean, kontu honengatik edo beste batengatik fiskalak arduradun gehiago deituko ditu. Fiskalaren mehatxua eta esku-hartzea al da, benetan, kudeaketa eredu lastimoso hau aldatzeko modu bakarra?