Ziborgak lurraren biziraupenerako!
Tekno-oligarkak manifestuak kaleratu eta kaleratu ari dira azken boladan. Donna Harawayk ere idatzi zuen bat, «Ziborg manifestua», baina oso bestelako mundua marrazten du.

"Nahiago dut ziborga izan Jainkosa baino"
Haraway
«Gure aroan denok kimerak gara, makina eta organismoaren arteko hibridoak; hitz lauz, ziborgak gara». Ez, ez da 2026an idatzitako testu bat, ezta saiakera distopiko baterako sarrera ere. Donna Haraway (Colorado, 1944) biologo, historialari eta filosofo estatubatuarrak 1985ean idatzitako “Ziborg manifestua”-n planteatutako tesia da, feminismo sozialista baterako oinarri bezala formulatua.
«Ziborgak lurraren biziraupenerako!», aldarrikatzen zuen, politika eta utopiak hortik birpentsatzea. Alabaina, zer zerikusi dute ziborgek, feminismoak eta lurraren biziraupenak? Ziborga nolatan izan daiteke promesa bat, mehatxua beharrean? Lau hamarkada ondoren, are ziborgagoak bilakatzen ari garenean, interesgarria da manifestua berrirakurtzea.
MUGEN LAUSOTZEA
1985, AEB. Gerra Hotza bero zegoen, Ronald Reagan presidenteak “Galaxien Gerra” delako defentsa estrategia planteatu zuen... Testuinguru horretan, iraultza teknologiko sakona gauzatzen ari zen, informazioaren aroari ateak parez pare irekiz: ordenagailuak etxe eta bulegoetara heltzen hasi ziren (sagua orduantxe asmatu zen); ofizialki Internet sortu zen; VHS bideo sistema eta walkmana bezalako gailuak zabaldu ziren; bideojokoaren industria izugarri hedatu zen... Lehen telefono mugikorra ere orduantxe saldu zen, 3.995 dolarreko prezioan –arrazoiz, “adreilua” deitzen zioten, 33 zentimetroko luzera baitzuen–.
Duela mende bateko kontuak direla badirudi ere, orain dela lau hamarkada eskaseko sorkuntzak dira. Eta garaian ez ziren nolanahikoak izan, horrek herritarren egunerokoan inpaktu zuzena izan baitzuen: orain ohituta bagaude ere, pentsa zer izan zen walkman bidez musika era pertsonalizatuan entzun ahal izatea. Edo agente aktibo bihurtuz, VHS bideo sistema erabilita norberak nahieran grabatzea.
Harawayren ustez, Mendebaldeko pentsamenduan ere eragin nabarmena izan zuen horrek, tinko iraundako dualismoak are gehiago urtu baitziren: natura-kultura, gizakia-animalia, gizona-emakumea… Tartean, jakina, gizakiaren eta teknologien artekoa. Ordura arteko iruditeriaren arabera, «makinek ez zuten berez mugimendurik, ez zuten erabakitzen, ez ziren autonomoak. Ezin zuten giza ametsa lortu, soilik imitatu egin zezaketen. Orain jada ez gaude hain ziur. Mende amaiera honetako makinek anbiguo bihurtu dituzte organismoei eta makinei aplikatu ohi zitzaizkien hainbat bereizketa: naturalaren eta artifizialaren artekoa, gorputzaren eta adimenaren artekoa, garapen pertsonalaren eta kanpokoaren artekoa, eta beste hainbat».
Horren lekuko, Harawayrentzat, makina berriek mundu fisikoaren eta ez-fisikoaren arteko muga ere lausotu dute. Adibidez, «konpara ditzagun 1950eko hamarkadako telebista-aparatuak edo 1970eko hamarkadako argazki-kamerak egungo bideokamerekin edo eskumuturrari erloju baten moduan lotzen zaizkion telebista-pantailekin. Gure makinarik onenak eguzki-izpiz eginak daude, arinak eta garbiak dira, eta batez ere eramangarriak eta mugikorrak dira; seinaleak edo uhin elektromagnetikoak baizik ez dira». Mikrotxipekin ikusten den bezala, makinak jada ez dira aparatu astun eta ikusgarriak: «Leku guztietan daude, baina ikusezinak dira». Aldiz, «jendea, aldi berean materiala eta opakoa, ez da inondik ere hain mugikorra».
ZIBORG HIBRIDOAK
Iraultza azkar horren aurrean, zer egin? Galga sakatu eta nahaste-borrastearen aurreko muga argiak berreskuratzea izan daiteke estrategietako bat; makinen aurrean gizakien berezitasunei kosta ahala kosta eustea. Ulergarria da, noski. Haraway, baina, ez dator bat, makinak gure parte bilakatu baitira: «Makinak artefaktu protesikoak izan daitezke, osagai intimoak, gure zati lagunkoiak». Adibidez, zenbait kasutan horiei esker entzun, ibili, usaindu edota dastatzen da; are, horren erritmora funtzionatzen dute hamaika bihotzek. Hortaz, «gure gorputzek zergatik amaitu beharko lukete gure larruazalean?», galdetzen du. Zientzialariarentzat, «ez dugu osotasun zeharkaezin bat bihurtuko gaituen holismo organikorik behar, emakume totalik», ezta makina horien aurrean kustodiatu behar den gizaki puru, oso eta harmoniatsurik ere, jada ezin direlako bata eta bestea bereizi.
Hori kontuan izanik, jendarte teknologizatuetan hobeto borrokatzeko asmoz, organismo eta makinen arteko hibridazio «teknopolitikoak» bilatzeko gonbita egiten du Harawayk. Ziborga, hain zuzen, horiek pentsatzeko metafora ironiko eta probokatzailea da: «Organismo zibernetiko bat da, makinaren eta organismoaren arteko hibrido bat, errealitate sozialeko eta fikziozko izaki bat». Mugetan bizi da eta «fusio ilegitimo eta arriskutsuak» egiten ditu. Horrela, dualismoaren alde batean edo bestean kokatu beharrean, koordenatuak beraiek birpentsatzen ditu, «horien aginte eta kontrola iraultzeko».
HAUR BASTARTAK
Harawayren iritziz, fusioen ondorioa denez, ziborgaren jatorria ez dago argi: «Edengo Lorategia [Jainkoak Adam eta Evarentzat antolatutako paradisua] ez luke ezagutuko, ez dago lokatzez egina eta ezin du berriro hauts bihurtu». Hasiera-hasieratik kutsatuta dago, eta, ondorioz, ez du nora itzuli.
Genesirik ez badu ere, ez da hutsetik abiatzen. Teknologia nola, ziborgak ere «ez dira inozoak», botere-egitura jakin batzuen ordaina baizik: «Haien arazo nagusia da militarismoaren eta kapitalismo patriarkalaren haur ez-legitimoak direla, estatu-sozialismoa ez aipatzearren». Adibidez, Internet AEBk Gerra Hotzerako garatutako proiektu militar batetik sortu zen. Alabaina, kontuz, «bastartak, askotan, beren jatorriarekiko desleialak dira. Gurasoak, azken finean, ez dira esentzialak», eta maiz ez dute haien tutoretza onartzen.
Horretan datza tentsio nagusia: ziborgak boterearen haurrak dira, baina ez dute zertan horren jarraipena izan, irekita daude. Anbiguotasun horretan, «ikuspegi batetik, ziborgen mundu bat kontrol-sistema planetario baten ezarpena da, defentsa nazionalaren izenean hasitako ‘Galaxien Gerra’ apokaliptiko baten azkena. Beste ikuspegi batetik, horrelako mundu batek bestelako errealitate sozial eta korporalak ere adieraz ditzake, non jendeak ez dion beldurrik animaliekin eta makinekin dituen ahaidetasunei, identitate partzialei eta ikuspuntu kontraesankorrei».

Beraz, non jarri fokua? Harawayrentzat, «borroka politikoa bi ikuspegietatik aldi berean ikustean datza». Batetik, jatorritik kutsatuta gauden neurrian, ezin da teknologien eta boterearen aurreko Edengo Lorategira itzuli; hor murgildu eta lehiatu behar da nahitaez. Bestetik, baina, horrek ez du esan nahi logika horrekiko otzanak eta akritikoak izan behar dugunik. Haur bastartek egin bezala, sistemak eskainitako ahalmen eta ezagutzak sistemaren kontra egiteko baliatu behar dira, tresnak gurasoen asmoen aurka erabili.
Hori azaltzeko, arrabioaren metafora iradokitzen du: «Arrabioek, galdutako gorputz-adar bat erregeneratzeko, egitura berriz haztea eta funtzioa berrezartzea behar dute, zauriaren lekuan ekoizpen bikiak edo bestelako bitxikeriak sortzeko aukera etengabearekin. Berriz hazitako zatia munstroa izan daiteke, bikoiztua, ahaltsua». Denok zaurituak izan garela kontuan izanik, Harawayk, hain zuzen, bide hori proposatzen du: zaurietatik bestelako gizaki eta gizarte eredua erregeneratzea, aurreikusi gabeko munduei bide emanez. Bere hitzetan, «generorik, genesirik eta, agian, amaierarik gabeko mundua».
ETA ADIMEN ARTIFIZIALAZ?
Lau hamarkada ez dira alferrik pasa. Harawayk berak ziborgaren inguruan gogoeta kritikoa egin izan du gerora: «Nire ustez, figura borrokalari gisa, ziborgak bizitza laburra izan du [barreak]. Pertsonen gehiengoarentzat, ziborgaren figurazioak ez dira sekula borrokalariak, askatzaileak edo kritikoak izan». Interneti lotutako itxaropenak ere apaldu dira. Dena den, Harawayk ez dio metaforari uko egin.
Alde horretatik, manifestua berrirakurtzean, galdera saihestezina etortzen da gogora: ziborgaren begiradatik nola irakurtzen ote du adimen artifiziala (AA)? Bila eta bila aritu gara –Harawayri ere galdetu diogu postaz–, baina ez dugu horri buruzko elkarrizketa edo artikulurik topatu. Halere, bere esaldi bat bai. Honela dio: «AA praktika materialista erreala da, eta oso gauza interesgarriak egiten ditu, beharbada praktika artistikoetan, lan-praktiketan edo, agian, hainbat nekazaritza-praktikatan integratu daitezkeenak. Ez nago AAren praktika eta trebetasun materialisten aurka, baina bai erabateko adimen artifizial edo robotizazioaren eskutik lurretik alde egin nahi duen nozio inozo horren kontra. Hori gizon zurien masturbazio falikoa da».
Bada pista bat. Hortik abiatuta, manifestuko hiru gogoeta gaur egunera ekartzera ausartuko gara. Batetik, mende hasierako makinekin gizakiaren eta teknologiaren arteko balizko muga hori are gehiago pitzatu da. Harawayk 1985ean aipatutako pantaila eta bideokamerak egungo mugikor estandar batekin konparatu besterik ez dago. Gizakion organo bat bilakatu balira bezala, egungoak are leku gehiagotan daude, eta askoz azkarrago mugitzen dira. Pentsa, AA generatiboak beraien kabuz sortu, grabatu, erabaki eta hiltzeko gai dira! Lekutan geratu dira VHS bideo sistema eta walkmanak.
Bestetik, AAren sorrera eta garapena ere ez da inozoa. Ibai Azparrenek eta Cecilia Rikapek berriki azaldu dutenez, kapitalismo digitalari, militarismoari, patriarkatuari eta kolonialismoari hertsiki lotuta dago. Horren baitan ulertzen dira gizakia «supergizaki teknologikoa» bilakatu nahi duten fantasia transhumanistak, bai eta tekno-oligarkak egiten ari diren inbertsio erraldoiak ere. Aipuan irakur daitekeenez, halakoen guztiz kontra agertzen da Haraway.
Hala ere, teknologia guztiak bezalaxe, AA ere anbiguotasunak zeharkatzen du: milioika gizakiren datu eta lanari esker funtzionatzen du, eta ibilian-ibilian bestelako aukerak ere marrazten ari dira. Alde horretatik, Harawayren markotik abiatuta, kontua ez da adimen naturalaren eta artifizialaren arteko horma etengabe zedarritzea, baizik eta mugetan bizitzen ikastea, fusio konplexu eta emantzipatzaileak bilatuz: nola bihurtu AAren haur bastartak? AA generatiboa nola erregeneratu bestela? Iragarpen apokaliptikoen kontra, mundua –eta partida– ez baitago amaituta.





