Urduñako Alde Zaharrean, Foru Plazatik oso gertu, Ametsgoien izeneko proiektu bat jaio berri da. Egitasmoak 150 urtetik gorako etxetzar bat hartu du, goitik behera, egur zaharreko espazio zabalak elkartasunez betez eta bizitza proiektu berrientzako zubi izan daitekeen aldi baterako aterpea eskainiz. Ganbara eder bat eta hiru solairu egokitu dituzte seme-alabekin kale egoeran dauden emakumeentzako, bide independentea hasteko beharrezkoa duten denboran familion bizileku izateko bokazioarekin, bizileku segurua, goxoa... Egitasmoaren buruan, hiru seme-alaben guraso diren Aitor Arbaiza eta Josu Beaskoetxea daude, eta amets bat abiapuntuan: «ez dadila inor haurrekin kale gorrian geratu».
Urduñako etxea ikusi zuten salgai, «baina gure irismenetik kanpo zegoen, eta oraindik ere pentsatzen dut hori! Handik denbora batera, baina, higiezinen agentzian ikusi genuen berriz eta kontraeskaintza bat egin genuen, negoziatzen hasi ginen eta erosi egin genuen. Hormak ikustera etortzen ginen, txakur txikirik ez genuelako obrak egiteko», gogoratu dute.
Familiak utzitako diruarekin egin zituzten premiazko konponketak: iturgintza, elektrizitatea... Horrela heldu zen urria, baina lan asko zegoen oraindik aurretik, bizilekua behar bezala egokitzeko. Ordurako bazuten Ametsgoien elkartea sortua, eta haren bidez auzolanean aritzeko deialdi bat egin zuten. Erantzuna sekulakoa izan zela nabarmendu dute, «hunkitzeraino».
Auzolan handi horretan, «komunitate bat sortu» zela dio Beaskoetxeak; boluntario talde handi bat prest agertu zen etxea eraberritzeko beharrezko lanak egiteko. Esan daiteke proiektuaren izaera komunitarioaren abiapuntua ere izan zela une hura. Kasik 500 laguneko sarea josi dute.


