Lin Meigiong garbitzaileak bere lana errazten dion lankide bitxi berria du. Gurpildun robot luze bat da, Adimen Artifizialaz lagunduta gauzak txukuntzeko gaitasuna duena. 58.com eta X Square enpresa txinatarrek elkarlanean sustatutako etxe-garbiketa zerbitzu baten parte da ekimen hau, gizakiak eta robotak uztartzen dituenak.
«Zerbait berritzailea zela pentsatu nuen eta probatu egin nahi nuen. Inoiz ez dut izan robot bat nire etxean garbitzen eta jakinmina nuen ikusteko zer egin dezakeen», dio Tan Pei bezeroak. «Espero dezakegu gauza asko egin ahal izatea, adibidez lurra garbitzea. Hain eraginkorra ez den arren, harritu egin nau, adibidez nola tolesten duen arropa. Arropa mota asko dago eta zaila da identifikatzea zein oihal eta jantzi den, baina egia esan nahiko lan txukuna egin du», gehitu du.
Etxez etxe lanean datuak balioztatzea ahalbidetzen diela dio Yang Jianfei Singapurreko Nanyang unibertsitate teknologikoko irakasle laguntzaileak «Emaitzak datu-fabrika batetik lortutakoak baino askoz hobeak izango dira. Robotak etxe desberdinetan egon direnez, orokortzeko gaitasun askoz hobeak izango ditu. Uste dut X Square eta 58.com-en zerbitzuen oinarrizko balioa datuak biltzeko eszenatoki bat sortzean datzala, aldi berean roboten zeregin sinple batzuk probatzea ahalbidetuz».
Michiganeko unibertsitateko irakaslea den Christoforos Mavrogiannisek uste du froga hauek baliagarriak direla, baita ere, etorkizunean roboten erabilera errazteko eta zabaltzeko: «Robotak makina konplexuak dira. Zure aspiragailua erabili dezakezu, edo zure telefonoa; biak oso ezagunak dira guretzat eta entrenatuak gaude horiek erabiltzeko, urteetan interakzio asko izan ditugulako. Robotak erabiltzea zailagoa izan daiteke, jende gehienak ez du ulertzen nola egin dezakegun lana hauekin. Eta horrek beste erronka batzuk sortzen dizkigu, alegia, erabilera errazteko moduak asmatzea».

