
Bermeoko Udalak irakurleen txokoa eskaintzen jarraituko du datorren ikasturtean, ohikoa eta feminista, hain zuzen ere, eta parte hartzeko interesa dutenek ekainaren 30era bitarte eman dezakete izena, liburutegian edo udal egoitza elektronikoaren bidez, inprimaki bat beteta.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, berrikuntza bat izango da aurreko urteko partaideek lehentasuna izango dutela izena ematean, baina, behar izanez gero, ohiko bi talde sor daitezkeela aurreikusi da, eta oraindik ere leku arazoak baldin badaude izen emate berrien artean zozketa egingo da.
Gainontzekoan baldintzak mantendu dira eta leku librerik geratzen baldin bada, bigarren talde batean sartu ahal izateko aukera zabalik dago.
Talde bakoitzean 15 pertsona egon ahalko dira, eta udal liburutegian batuko dira: ohiko txokoa hileko hirugarren asteazkenetan batuko da, eta feminista, berriz, hileko azken ostegunetan. Ohiko bigarren talde bat sortuz gero hileko azken asteazkenetan egingo da.
Nagore Fernandezek gidatuta
Txoko feministak genero ikuspegitik irakurtzeko espazioa eskainiko du. Bertan, literaturaren alderdi estetiko eta fikzionaletik harago, generoak obretan duen presentzia eta horren inguruko diskurtsoak aztertuko dituzte.
Gaiak askotarikoak izango dira: amatasuna, genero indarkeria, maskulinitate eta feminitate ereduen eraikuntza, eredu ez-binarioak, espazio publiko eta pribatuaren arteko harremana, gorputzaren presentzia literaturan, ‘agency’ edo egiletasuna, prostituzioa eta abar.
Ohiko irakurle txokoa, berriz, 2011. urteaz geroztik dago martxan, eta literaturan interesa duten herritarrak batzen ditu hilero, irakurritako liburuen inguruan solasean aritzeko.
Bi irakurle txokoak Nagore Fernandez Zabalak dinamizatuko ditu, eta saioak doakoak izango dira. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Bermeon erroldatuta egotea, liburutegiko bazkidea izatea eta Udalarekin zorrik ez izatea. Saio bitan jarraian justifikaziorik gabe huts egiteak txokotik kanpo geratzea ekarriko du, eta liburutegitik liburuak garaiz jasotzea eta bueltatzea ere ezinbestekoa izango da.
Ekimenaren helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz sortzen duten zein euskarara itzulitako autoreak ezagutaraztea, talde egonkor eta dinamiko bat eratzea, eta parte hartzaileen eta dinamizatzailearen arteko konfiantza giroa sortzea.
Zero

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»
