GAUR8

Herri harresia zer zen jakin genuen duela 15 urte

Frantziako Polizia Aurore Martin Batasuneko militantea atxilotzen saiatu zen 2011ko ekainaren 21ean Baionan, baina ez zuen lortu. Herritarren babes harresia errealitate material bilakatu zen.

Egun haietan Aurore Martin sustengatzeko Bilbon eginiko adierazpena.
Egun haietan Aurore Martin sustengatzeko Bilbon eginiko adierazpena. (Jon HERNAEZ | FOKU)

2011ko ekainaren 19an irten zen ezkututik Aurore Martin Biarritzen, ehunka herritarrek eta ordezkari politiko eta sozial talde handi batek babestuta. Bi egunera, 2011ko ekainaren 21ean, Polizia frantziarra hura atxilotzera joan zen, baina ez zuen eramatea lortu. Ordura arte askok modu sinbolikoan aipatutako herri harresia errealitate material bilakatu zelako.

Aurore Martinen atxiloketa Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen, ilegalizazio garai betean. Aurrekaririk gabeko egoera zen, Espainiako auzitegiek frantziar hiritartasuna zuen herritar baten espainiaratzea eskatzen zutelako haren ekimen politikoagatik. Hala ere, 2010eko azaroaren 23an euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak.

Ipar Euskal Herriko ia klase guztietako alderdi eta eragileen kontrako iritzia eragin zuen erabakiak. Frantziako Alderdi Sozialistaren erreakzioa horren adierazgarri izan zen, Departamenduko bulegotik igorritako agiri batean «demokrata garen neurrian onartezina» zela zioten, eta hori ez zela ETAren aurkako borroka, «ekitaldi politiko demokratikoak kriminalizatzea» baizik.

2010eko abenduaren 16an Kasazio Gorteak (Frantziako Auzitegi Gorena) atzera bota zuen Martinen defentsaren helegitea. Egun gutxira gutun bidez iragarri zuen 31 urteko militante independentistak ezkutatzea erabaki zuela.

Urte erdi bat izan zen ezkutuan Martin, harik eta 2011ko ekainaren 18an Biarritzen antolatutako ekitaldi jendetsu batean berriro agertu zen arte. Lauzpabost aldiz errepikatu zuen Martinek herri harresi bat eraikitzeko beharra, eta ekitaldia amaituta, ñabardura garrantzitsu bat egin zuen, ez zen argitara atera atxilo zezaten, «ez dut amore eman nahi, beste bataila bat hasten dut bihar bertan».

Biarritzeko ekitaldia izan eta bi egunera, ekainaren 21ean, Frantziako Polizia espainiarren agindua betearazten saiatu zen. Errepresioaren aurkako herri harresiaren metafora egia bilakatu zen, dozenaka herritarrek atxiloketa ekidin baitzuten.