
Israelgo soldaduek Gazako Zerrendan haurrei nahita apuntatu eta tiro egiten diete, hiltzeko asmoarekin. Hori salatu du Nazio Batuen agindupean dagoen ikerketa batzordeak. Ekintza horiek genozidiotzat jo daitezkeela nabarmendu zuen Srinivasan Muralidhar (India) Florence Mumba (Zambia) eta Chris Sidotik (Australia) osatzen duten batzordeak. «Umeak bi modutan hiltzen dituzte indar armatuek: potentzia eta talka-erradio handia duten aire erasoen bidez, baita burura eta gorputzaren goiko ataletara zuzenean apuntatzen duten droneak, koadrikopteroak eta frankotiratzaileak erabiliz ere. Israelek haurrei eraso egiten die demografia ahultzeko eta palestinar herriari autodeterminazio eskubidea ukatzeko», nabarmendu zuen Muralidharrek. Datu ikaragarriok gogorarazi zituen: 2023ko urritik 20.000 haur baino gehiago hil dituzte Gazan; beste 44.000, zauritu; eta 58.000 baino gehiago umezurtz geratu dira. Eta, horrez gain, Gazako eskolen %97 suntsitu ditu Israelek. Batzordekidearen esanetan, aditu taldeak orain arte egin dituen hamazazpi txostenetatik azken hau izan da zailena. «Israelgo herriarengana jo nahi dut zuzenean, eta galdetu, zer-nolako pertsonak diren bere soldaduak, 14 urteko mutiko bat 45 minutuz odolusten uzteko», esan zuen Nazio Batuetako ikerketa batzordeko presidenteak.


