Udako aterpe emozionalak

Nire paziente gehienak euren buruarekin nahiko exijenteak dira, eta, oporrei buruz hitz egiten dugunean, beraien estutasuna zabaltzeko lanetan aritzen naiz. Batek esaten badit «hiru aste egingo ditut jai», orduan nik bikoitza aholkatzen diot.
Eta horrela, baimenak, bizigarritasunaren alde.
Norbaitek kanpotik zabaldu behar digu barrutik estutzen zaigun espazioa.
Barruko ahotsak ez dizkio esango. Txikitan jaso ez zituen...
... baimenak, onarpena, lasaitasuna eta euskarria, nire ahotik jasotzea dut helburu. Terapeutak garenok badakigu gure ahotsa, momentu jakinetan, gure pazienteen barne ahots bihurtzen dela. Hori da gure jomuga. Eta guk geuk geure terapeuten erreakzioa eta ahotsa iragartzera edo esaldi zehatz bat gogora ekartzera jotzen dugu.
Hori klabea da.
Aste honetan, zorrozkailua beti prest duen emakume bizkor eta maitagarri batekin izan dut saioa. Aholkatu nion (ez da aholkatu behar, baina…) koloredun eta pinportadun arropa janzten hastea lehenbailehen.
Eta, bestetik, oporretan sormenari lekua emateko, Produkzio Asmorik gabeko Gauzak (PAG) egiteko, ahal bada, etzanda, buelta eta buelta, tunbonan edo itsasoaren erritmora.
Hari emandako aholkua betez, neronek gaur goizetik gorputzak eskatzen zidanaren hariari jarraitzeko aukera izan dut. Gosea nuenean, gosaldu; beroa izan dudanean, putzura; jakin-mina asetzeko, mugikorrari galdegin.
Eta inguratzen nauten txorien kantuak identifikatzen dituen aplikazio iparramerikar bat deskargatzera eraman nau hari horrek. Txorien izenak euskaraz eta izen zientifikoak ematen ditu!
Txora-txora eginda nago.
Zein helbururekin? Batere ez. Txoragarria da eta listo. Bilatu aterpe emozionalak: zerbait egitea ondoren zertarako balio izan duen azaldu beharrik gabe. Ez ikasteko. Ez produzitzeko. Ez norbait hobe bihurtzeko. Gustatu zaizulako, edo probatzeko, besterik gabe.
Irakasle bakar batzuek, euren buruarengan nahiko konfiantza ez dutenez, behar baino azterketa zailagoak jartzen dituzte, euren balio pertsonala ikusarazteko.
Psikologoak hemen gaude.
Batzuetan, pertsona zehatz baten heriotza desiratzen dugu gizakiok. Jakin, askotan, ez dela bihotz gaizto baten ametsa. Azkenik babestua izateko, arriskuan eta mehatxupean egon denaren itxaropen isila baita.
Aterpe guztiek ez dute forma bera. Barruan sartzen dena bezain garrantzitsua da KANPOAN UZTEN DUGUNA.
· Gogorarazpen bat etxeko elkarbizitzaren alde: hondartzako toallak eta dutxakoak desberdinak dira.
Argituta.
· Bikotea eta zu muturtuta baldin bazabiltzate, bilatu etsai komun bat (beroa, gobernua, kontziliazio falta, janariaren prezioa...). Ez dago horrek bezala batzen duenik. Gurea eraikitzea, aliantzak. Gugintza.
· Ekarpenik egiten ez dizuten pertsonei: Ux! Ux! -nire lagun berri batek dixit-.
Bilatu bihotzarentzat arnaslekuak:
• Liburu eta komikietan.
• Zure gustuko gauzak eginez (nahiz eta denboraldiz kanpokoak izan!).
• Bermuda hawaiiarrak eta kolore ausartak erabiliz (zuk, bai, zuk!).
• Inoiz egingo ez zenituzkeen planak onartuz -antiplanak-.
• Siesta mundialak eginez.
• Zure gustu berak dituzten pertsonak bilatuz: munduaren Historian -H handiz- ez da inoiz hain posible izan.
Tempus fugit.
Baina ihes egiten duen denboratik zerbait gorde daiteke. Ez oroigarri moduan. Tori hausnarketa existentzialerako galdera bat: uda honetatik zer esportatu nahiko zenuke eguneroko bizitzara?
Jarri mugarri txikiren bat, bidean gal ez dadin!
Eta azken dilema: oporrak azken unera arte luzatu edo egun bat lehenago iritsi arropa garbigailuan jartzeko?
Zero

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»

