Isidro Esnaola
Ekonomia politikoko ikerlaria / Investigador de economía política

Erreskatea abiatu da

Ekaina oso hilabete mugitua izan da adimen artifizialean aritzen diren konpainia estatubatuarrentzat. Elon Musken konpainia espazialaren Hasierako Akzio Eskaintzak (IPO ingelesez) arrakasta handia izan zuen. SpaceX-ek inoiz lortu ez den merkatuko baloraziorik handiena lortu zuen, 1,7 bilioi dolarrekoa. Emaitza horrek, dirudienez, merkatura ere ateratzera bultzatu ditu AAko enpresak. Zurrumurruen arabera, Anthropic urrian atera liteke eta OpenAI urtarrilean. Garrantzitsua da irteerak mailakatzea, elkar ez zapaltzeko. Bilioi bat dolarretik gorako balorazioa lortzea espero dute biek.

Hala ere, hilaren erdialdean kolpe latza jaso zuten, AEBko Administrazioak bere programa aurreratuenen esportazioa murriztu zuenean, “segurtasun nazionaleko” arrazoiengatik. Europan eragina izan zuen erabaki horrek, menpekotasuna oso handia baita. Baina batez ere konpainia horietan izan zuen eragina; izan ere, esportazioen murrizketek diru-sarrera gutxiago eta irabazi apalagoak lortzea dakarte. Burtsara atera aurretik, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik enpresa horiek irabazi gutxiago lortuko dituztela iragartzea ez da, noski, estrategia ona.

Gaitz handiak, sendabide handiak. Estatu Batuetako administrazioa beti egon da korporazio handien interesekin konprometituta, eta oraingoan ezin zen bestela izan. Astebete geroago, Donald Trumpek iragarri zuen bere administrazioa aukerak aztertzen ari zela jendeak adimen artifizialeko enpresetan parte hartzeko eta, horrela, sektoreak “espero zituen” irabazietan parte hartzeko.

Badirudi bi direla buruan darabiltzaten ideiak. Horietako bat enpresekin akordioak lortzea da, halako moldez non gobernua akziodunen artean sartzearen truke eta administrazio-kontseiluan ordezkari bat izendatu ahal izatearen truke, finantzaketa publikoa jasoko lukeen. Estatu Batuetako gobernuak dagoeneko itxi du horrelako akordio bat Intelekin, eta orain enpresaren %10 dauka. Batzuek diote bide horrek ez duela interes publikoa bermatzen, enpresa horien inbertsioa baizik. Anthropic, bestetik, estatubatuarrentzako “dibidendu digitala” aztertzen ari da, adimen artifizialaren sektoreari zergak ordainduta finantzatuko litzatekeena. Unibertsitateko bi irakaslek proposatu dute enpresa horiek zerga berezi bat ordaintzea akzioekin, eskudiruarekin ordaindu beharrean. Ideia horrekin bat egin du Bernie Sandersek, eta urtean 200 milioitik gorako salmentak dituzten adimen artifizialeko enpresen akzioen %50ekin funts subirano bat sortzea proposatu du. Funts subirano horrek erabakiak hartzeko gaitasuna izango luke administrazio-kontseiluetan, eta, beraz, AAren garapena baldintza lezake. Gainera, akzioen %50 horren dibidenduak banatuko lizkieke herritarrei.

Oso polita dirudi denak, baina arazoa beste bat da: “espero diren” irabazi horiek. Googleko CEO ohi Eric Schmidtek hau esan zuen duela gutxi: «Txinako IA ez zait gustatzen kode irekikoa delako, eta horrek esan nahi du ia kontrolik gabe dagoela eta guk ez dugula kontrolatzen». Ondorioa argia da: AEBk ez dauka monopolioa; programa txinatarrak askoz merkeagoak dira eta antzeko emaitzak ematen dituzte; beraz, zaila izango da etekinak lortzea; are zailagoa, inbertsioak berreskuratzea. Palantirreko CEO Alex Karp-ek esan zuen aurtengo Davosko foroan lasterketa hori galduta dagoela, denek adimen artifiziala gaizki baloratzen dutelako. Kontua ez da, hortaz, AAren dibidenduak nola banatu, ezta haren garapena nola kontrolatu ere; afera da erreskate publikoa antolatzen ari direla AAren burbuila puztu duten enpresak salbatzeko. •