«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»

Eguzki erreferentziazko taberna da Zarautzen, belaunaldi desberdinen biltokia. Alde zaharrean dago, hondartzatik oso gertu eta autobus geralekuaren pare-parean, eta herritar askorentzat eroso sentitzeko gune bat izan da urtea joan eta urtea etorri; are gehiago, kanpotarrak izugarri ugaritzen hasten diren uda sasoi honetan.
Aspalditik daramate tabernaren martxa Josune Iruretak eta Natxo Zumetak. Hainbat hamarkada, Josunek barraren beste aldetik aipatu digunez, halako detaileentzat buru txarra duela esan arren: «Nik 30 bat urte daramatzat hemen. Nire gizonak, gehiago; ni etortzerako hemen zegoen. Hark 40 bat urte eramango ditu. Anaiarekin-eta hasi zen, eta gero, haiek utzi zutenean, guk biok hartu genuen».
Hasiera haietaz dituen oroitzapenez galdetuta, lan asko egiten zutela izan da Josuneri burura etorri zaion lehen ideia, baina ez zentzu txarrean. «Oroitzapenak? Ordu pila bat pasatzen genituela. Orain ere bai, baina orduan sentsazioa zeneukan lan asko egiten zenuela. Gaur egun ordu asko pasa bai, hemen egon beharra bai, baina sentipena da ez duzula horrenbeste lan egiten, mugimendua falta dela».
Mugimendu falta hori, garai bateko taberna-giro hori galdu izana, nabarmentzen du Iruretak gaur egungo egoeraz. Alde horretatik, gizartearen aldaketa asko nabaritzen omen da tabernako eguneroko jardunean. «Garai hartan egunerokoan askoz jende gehiago ibiltzen zen. Eguneroko txikiteoa izaten zen, adibidez. Orain ez dago horrelakorik. Neguan behintzat ezer ez. Asteburuetan mugitzen da zerbait, baina larunbatetan batez ere. Igandeetan ere asko nabaritu da jaitsiera. Asko galdu da. Gaur egungo gazteek larunbatetan egiten dute egin beharrekoa, eta kito. Asteko beste egunetan zaintzera, gimnasioa eta abar. Nik traza hori hartzen diot», baieztatu du.
Uda garaian gaudenez, eta Zarautz herri turistiko izanda, benetan lan gehiago egiten ote duten galdetu diogu. Baietz dio Josunek, baina kasu horretan ere jendearen ohiturak aldatu egin direla. «Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez lehen bezala. Ez da garai bateko lana hiru aldiz gehiago egite hori. Eta astegunetan ere zertxobait gehiago bai, baina ez horrenbesteko alderik. Ohiturak aldatu egin dira. Orain jendea hondartzara etortzen da, eta handik etxera joaten da zuzenean».
Gaineratu duenez, udan eguraldi eguzkitsuak ere laguntzen du bezero gehixeago erakartzen, jende askok horren arabera egiten baititu bere planak. «Eguraldiak asko baldintzatzen du gure lana. Eguraldi onarekin beti nabaritzen da mugimendu gehiago». Eta parranda giroko tabernak gertu izanda, gau giroa ere antzematen dute, nahiz eta beraiek ez egon giro horretan zuzen-zuzenean sartuta: «Gauez ibiltzen den jendea ere asko jaitsi dela esango nuke. Egia da guk batez ere egunez lan egiten dugula, baina nabaritzen da».
ETORKIZUN ZAILA
Uda partean lan egiteak suposatzen duenaz galdetuta, Josunek argi du hor ageriko arazo bat dagoela, baina ez du ostalaritzara mugatzen. «Uste dut arazo hori denean nabaritzen dela, ez dela tabernetako arazo bat bakarrik. Lan munduko arazo orokorra dela uste dut. Noski, tabernetan gehiago antzematen da, jendeak asteburuetan ere ez duelako lanik egin nahi», esan du sektorean duen esperientziatik.
Azken batean, eta askotan bezeroek larunbat arratseko zalaparta eta jendetza bakarrik ikusten duten arren, kezka eta buruhauste asko pilatzen zaizkie tabernariei egunero-egunero. Elkarrizketa egiten ari garen bitartean, esaterako, Josune etengabe barra atenditzen ari da, tartetxo bat hartzeko ia denborarik gabe; izozkailuan matxuraren bat izan dutenez, teknikaria bertan dabil atzera eta aurrera, horrek udan sortzen duen ezinegonarekin; eta udaltzainak agertu dira kanpoko mahaien kokapenari buruz zerbait galdetzera.
Horiek denak kontuan hartuta, hobeto ulertzen da tabernetan dagoen errelebo falta. «Ahal baldin bada ez», onartu du Josunek urte askoan jarraitzeko asmoa ote duen galdetuta. «Nik ahalko banu, azkar utziko nuke hau, baina bueno, egia esanda, saiatu ere ez naiz egiten beste zerbait bilatzen. Gizonak ere 61 urte ditu; ez zaizkio urte asko geratzen jubilatzeko. Eta hori ere arazo bat izango da: gu ez gaudenean ea nork hartzen duen hau. ‘Kebab’-ak eta horrelakoak dira denak orain. Erreleboa zaila ikusten dut taberna munduan».
Horregatik, balio dezala artikulu honek gure betiko tabernariei esker ona adierazteko, gu ongi pasatzen ari garenean lanean diharduten horiek oztopo askorik ez jartzearekin konformatzen direlako. Alde horretatik, herriko jendearen babesa eskertzen du Josunek: «Konfiantza daukagu herritarrekin. Horiek izan dira gure bezeroak eta ongi moldatu izan gara». Ziur herritarrak ere eskertuta daudela beraiekin.

«Sanferminetako gauetan denetarik ikusten dugu... Aipatu nahi ez ditudan kontuak»

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»

«Urteten jake, urteten jakena»
Waka-waka eta dai-dai

