GAUR8

Konstituzioan aldaketa azkarra, ohiko aitzakiak gezurtatuz

2011ko abuztuaren 23an, PSOEk eta PPk akordio bat iragarri zuten Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua erreformatzeko, kontu publikoen defizitari muga ezarri eta zorra ordaintzeak lehentasun osoa izan zezan.

Rodriguez Zapatero, Irunen egindako ekitaldi batean.
Rodriguez Zapatero, Irunen egindako ekitaldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriaren hegoaldetik arrazoi desberdinengatik espainiar Estatuko konstituzioa aldatzeko eskatu izan denean, Madriletik aldaketa horiek egiteko behar den lasaitasuna eta patxada argudiatu izan da ezezkoa erantzuteko, ez dela egun batetik bestera egin daitekeen zerbait. 2011ko udak, ordea, argi eta garbi erakutsi zuen benetako borondatea edo beharra dagoenean azkar asko aldatu daitekeela.

Ikasturte politikoa oraindik hasi gabe zegoenean, 2011ko abuztuaren 23an, PSOEk eta PPk akordio bat iragarri zuten Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua erreformatzeko, kontu publikoen defizitari muga bat ezarri eta zorraren interesak eta kapitala ordaintzeak lehentasun osoa izan zezan. Aldaketa benetan esanguratsua, udako egun gutxi batzuetan gauzatu zena.

Tramitazioa berehalakoa izan zen: abuztuaren 28an presako eta irakurketa bakarreko prozedura hasi zen, irailaren 2an Kongresuan bozkatu zen eta 7an Senatuan. Guztira, 13 egun. ERCk, IU ICVk, BNGk, NA Baik, EAJk eta CiUk ez zuten bozketan parte hartu. Kongresuak zuzenketa gramatikal bakarra onartu zuen, eta baiespenez onartu zen. Ondoren, 15 egunez itxaron zuten, legebiltzarkideen hamarren batek erreferenduma eskatzen bazuen ere, baina ez zen horrelakorik gertatu. Epea amaituta, irailaren 27an Juan Carlos I.a erregeak erreforma aldarrikatu eta BOEn argitaratu zen.

Interpretazio orokorra izan zen konstituzio-aldaketa Europar Batasunaren eskakizuna zela. Hala ere, Jose Luis Rodriguez Zapaterok beti defendatu izan du Espainiako Gobernuak proposatu ziela Europako buruzagiei, aldaketa ideia ona zela uste baitzuten, egoera ekonomikoa oso nahasia zegoen une batean. Higiezinen eta finantzen burbuilak eztanda egin zuenean, presio espekulatiboak itzelak izan ziren.