
«Sekula ez nintzela oholtzara berriro igoko uste nuen. Infernura bertara jaitsi nintzen, baina nire orbainekin, asko borrokatu ostean, hemen nago». Hitz hauek behin baino gehiagotan errepikatu ditu azken hilabeteotan Amaia Monterok (Irun, 1976ko abuztuaren 26a) oholtzetan.
Maiatzean esan zituen BECen; atzo berriz gogora ekarri zituen EFE agentziako kazetariei egindako adierazpenetan, bere 50. urtebetetzeari buruz galdetu ziotenean: «Ni, nire 50 urteekin, zoriontsua naiz, eta hil ala bizikoa ez den guztia bost axola zait», ohartarazi du Amaia Monterok, hiru hilabetetan hamabost kontzertu eman ostean.
BECen eman zion hasiera Amaia Monterok La Oreja de Van Goghen itzulerari eta, zaleen aurrean, Barakaldokoak beretzat «kontzertu bat baino gehiago» izan zirela ziurtatu zuen.
Hain zuzen ere, abeslaria bere lehen taldera itzuli da, bakarkako ibilbideari ekin eta urte batzuetan musikatik urrunduta egon ondoren. Itzulera honek zalaparta handia sortu zuen La Oreja de Van Gogh taldekoek bere ordezkoa, Leire Martinez abeslaria, modu ez oso dotorean kaleratu zutelako, 17 urteko ibilbidearen ostean.
Leire Martinez irten eta urtebetera itzuli zen Amaia Montero. Aro berri honekin, La Oreja de Van Gogh taldeak bere lehen urteetako magia berpiztu eta, haien hitzetan, «gau magikoz eta abesti berriz beteta» egongo den kapitulu bat irekiko duela agindu zuten.

