Gaur 8

Mende erdi Moldavia Sobietar Batasunetik banandu zenetik

Gaur 50 urte, Sobietar Batasuna desegiteko sortu zen prozesu nahasiaren barnean, Moldaviako Errepublikak aldarrikatu zuen bere independentzia. 1991ko abuztuaren 27a zen eta, egun, Mendebaldea eta Ekialdea lotzen dituen zubia den herrialde hau pobrea da oso. Korapilo asko ditu askatzeko. 

Gheorghe Ghimpu sobietarren bandera kendu eta moldaviarrena jarri zueneko irudia, 1990eko apirilaren 27koa.
Gheorghe Ghimpu sobietarren bandera kendu eta moldaviarrena jarri zueneko irudia, 1990eko apirilaren 27koa. (WIKIPEDIA COMMONS)

Sobietar Batasuna desegiteko prozesua bete betean zegoenean, Moldaviako Errepublikak aldarrikatu zuen bere independentzia, Europar Batasunaren eta Errusiaren artean kokatuta, bi blokeen erdian dago Moldavia. Gazteek Europa dute itxaropen; zaharrek Errusiaren altzora bueltatu nahi dute. 

Europako herrialde txiroena, industriarik eta nekazaritzarik gabea, jendez hustua, migratzaileek bidalitako dirua BPG barne produktu gordinaren %40 da, Europako per capita errenta txikiena du eta ustelkeria oso zabaldua dago.

Pentsioak 50 eurora ozta-ozta iristen dira, bizirauteko hileko kostuaren herena, eta milioi bat moldaviar inguru (biztanleriaren %25) bere mugetatik kanpo bizi dira, erdia Errusian. Gutxieneko soldata 100 eurokoa da.  Belaunaldi berriek, beraz, migrazioaren bidea hartu dute. 

Hainbat korapilo dituzte askatzeke Moldavian. Esaterako, Ukraina eta Moldavia artean dagoen aitortzarik gabeko Transnistria estatua.

Hain zuzen, NAIZek 2018an argitaratutako elkarrizketa batean, gertatzen denaren gakoak eman zituen. Galina Antyufeevak, Renoveko presidente eta Transnistriako Parlamentuko presidenteordeak, eta Serguei Aleksandrovich, Shirokov Parlamentuko presidentearen kanpo politikako kontseilariak, hauxe aipatu zuten: «Azpimarratu behar dena da ez ginela gu izan SESBetik atera ginenak, Moldavia izan zen atera zena. Gu ez gara separatistak izan. Sezesioa Moldaviak egin zuen. Gu saiatu ginen espazio horretan geratzen. Gaur egun Errusia deitzen den gune horren parte sentitzen gara, ‘errusiar mundua’ deitzen zaion partea».