GAUR8

35 urte dira ertzainek ‘Tturko’ ETAkidea hil zutela

Juan Mari Ormazabal ‘Tturko’ hernaniarra izan zen, 1991eko abuztuaren 29an, Ertzaintzak hil zuen lehen ETAkidea, Bilboko Etxebarria parkean izandako tiroketa batean. Bertan, Alfonso Mentxaka ertzaina ere zauritua gertatu zen, eta egun batzutara hil zen.

‘Tturko’ren ama, 2003an egin zitzaion omenaldian.
‘Tturko’ren ama, 2003an egin zitzaion omenaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ETA erakunde armatua eta euskal polizia autonomikoaren arteko enfrentamendua modu gordinean azaleratu zen 1991eko abuztuaren 29an. Bertsio ofizialaren arabera, ETAko militanteak lehergailu bat jartzera zihoazen eta tiro egin zuten ertzainen aurka.

Morlanseko hiru heriotzak gertatu eta bi astera gertatu zen dena. Bilboko Etxebarria parke ondoko biribilgune batean gertatu zen, gaueko 22.30ean. Lekukoek adierazitakoaren arabera, une horretan, Juan Mari Ormazabal ‘Tturko’, Jose Mari Mendinueta –hau ere zauritua gertatu zen– eta hirugarren pertsona bat Gasteizko matrikula zuen Opel Kadett baten barruan zeuden eta, bapatean, inguruan zeuden paisanozko eta furgoneta batetik ateratako beste zenbait poliziek tiro egin zuten beraien aurka, «¡todo el mundo al suelo!» oihukatzen zuten bitartean. 

Lekukoek gaineratu zutenez, polizia operazioa oso azkarra izan zen eta nahasmen handia sortu zen.

Tiroketaren ondorioz, autoan zegoen Juan Mari Ormazabal 'Tturko' ETAko militantea hil zen, eta Mendinueta, larriki zaurituta geratu zen. Era berean, Alfonso Mentxaka ertzaina ere larri zaurituta geratu zen eta, ospitalera eraman ondoren, handik egun batzutara hil zen.

‘Tturko’ren familiak paisanozko ertzainek eragindako segada bat izan zela salatu zuen. Forentseek buru-hezurrean gertu-gertutik botatako tiro baten ondorioz hil zela ziurtatu zuten prentsaurreko batean. 

Ormazabal hernaniarra –‘Tturko’ ezizena baserriaren izenetik zetorkion– izan zen Ertzaintzak hil zuen lehen ETAkidea. Gertakariak eragin handia izan zuen herritarrengan. Hernanin greba orokorra egin zuten eta Euskal Herrian zehar protesta ekintza asko antolatu ziren, guztiak Ertzaintzak desegindakoak.