
Bilboko Udalak izena emateko epea ireki du gaur, Haurgune, Kidegune eta KideLego First Lego League aisialdi hezigarriko udal programetan. 900 plaza baino gehiago daude hiriko 3 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 9ra arte egongo da zabalik.
Helburu bikoitza du programak: aisialdirako eta ikaskuntzarako guneak eskaintzea eta ikasturtean zehar lana eta familia bizitza uztartea erraztea. Izen ematea www.bilbao.eus udal webgunearen bidez edo 944 010 010 (010) telefono zenbakira deituta egin ahal izango da.
Plazak zozketa bidez esleituko dira irailaren 11n, emaitzak hurrengo egunean jakinaraziko dira, eta plaza lortu duten familiek irailaren 16ra bitarte formalizatu beharko dute matrikula.
Otxarkoagako, Errekaldeko eta Zorrotzako Haurgune eta Kideguneetan izan ezik, izapidea www.bilbao.eus webgunearen bidez edo 944 010 010 (010) telefono zenbakira deituta egingo da. Otxarkoagako, Errekaldeko eta Zorrotzako Haurguneen eta Kideguneen kasuan, zuzenean jarri beharko da harremanetan jarduerak garatuko dituzten entitateekin.
Haurgune eta Kidegune programen edizio berria urriaren 5ean hasi eta ekainaren 11ra arte luzatuko da. Jarduerak hiriko zortzi barrutietan banatutako 13 udaltegitan egingo dira, hau da, Abandon, Abusun, Basurtun, Begoñan, San Frantziskon, Castañosen, Deustun, Esperantzan, Miribillan, Iralan, Otxarkoagan, Errekalden eta Zorrotzan.
KideLego, berriz, irailaren 26an hasi eta martxoaren hasieran amaituko da, otsailaren amaierarako aurreikusita dagoen First Lego League lehiaketa egin ondoren. Berrikuntza gisa, aurten KideLego First Lego League programak plaza gehiago izango ditu; zehazki, eskaintza handituko du ostiraletan Basurtun talde berri bat sortu eta Miribillan Challenge taldea abian jarriko baitira. Horrela, KideLego jarduera Abandon, Basurtun, Begoñan, Castañosen, Deustun, Esperantzan, Iralan eta Miribillan dauden espazioetan egingo da.
Haurgune eta Kidegune programen ordutegia berdina izango da, hots, 17.30etik 19.30era; Esperantzan egiten diren programen kasuan, ordutegia 17.00etatik 19.00etara izango da. Programa bakoitzak gehieneko plaza kopurua izango du: Haurguneen kasuan, bakoitzak 12 plaza izango ditu, eta Kideguneen kasuan, gehienez 15.
Ostiral eta larunbatak Legorentzat
KideLego First Lego League programa ostiral eta larunbatetan egingo da: Basurtun ostiraletan egingo da, 17.30etik 20.30era; Deustun, Castañosen, Begoñan, Miribillan, Esperantzan, Abandon, Iralan eta Basurtun, aldiz, larunbatetan izango da, 17.00etatik 20.00etara.
Challenge taldeak hamar parte hartzailek osatuko dituzte, eta Explore kategoriako taldeak, berriz, seik. Kidegune horietan hainbat erronka planteatuko dira LEGO teknologia erabiliz pentsamendu kritikoa sustatzeko. Jarduera amaitzeko, taldeek First Lego League txapelketan parte hartuko dute, aurreikuspenen arabera martxoan.
Aurten, lehiaketaren ardatz nagusia ‘Bioglow’ da. Taldeek biodibertsitatearen gaia landuko dute STEAM metodologiaren (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) eta LEGO tresnen bidez ere. Horrela, parte hartzaileek hainbat gaitasun garatuko dituzte, hala nola talde lana, sormena, arrazoiketa eta arazoak konpontzeko gaitasuna.
Haurguneen egutegia
0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako jarduerak Esperantzako, Miribillako eta Castañoseko Haurguneetan egiten dira, eta 2026an, eskaintza horri Abandoko eta Basurtuko Haurguneak gehitu zaizkio.
2027ko urtarrilean, Haurguneen sarea barruti gehiagora zabalduko da, eta horrela, gaur egun martxan daudenei, Deustuko, Begoñako, San Frantziskoko, Abusuko eta Iralako Haurguneak gehituko zaizkie.
Jarduerak hilean behin egingo dira berriro, batez ere larunbatetan, eta gutxienez familia jarduera bat eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako beste jarduera bat egingo dira. Familia jarduerak eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako jarduerak doakoak dira, eta parte hartzeko dagokion Haurgunera jo beharko da.
Programen tarifak honako hauek dira: 17,00 euro Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen duten familientzat, 50,50 euro familia ugarientzat eta guraso bakarreko familientzat eta 67,50 euro gainerako familientzat. Aurreko urteetan bezala, taldea sortzeko gutxienez sei parte hartzaile beharko dira udaltegi eta egun bakoitzeko.
Ohea egitearena

«Gaur egun bezeroetako askok ez dute enpatiarik lanean dagoen jendearekiko»
«Cringe»-a eman gabe

Portugaleteko txakolina; herri ekimen batetik munduko hiri mahastien mapara
