GAUR8

Duela 40 urte, EAJren zatiketa gauzatu zen Gasteizen

1986ko irailaren 4ko gauean, desegindako EAJko Gasteizko Udal Batzordeko afiliatuen batzarrak alderdi politiko berri baterako oinarriak jasotzen zituen dokumentua onartu zuen. Eusko Abertzaleak izenarekin jaio zen, baina ezin izan zuenez erregistratu, Eusko Alkartasuna izena hartu zuen.

Gasteizko Europa jauregian, Eusko Alkartasunaren ezohiko kongresua, 2009an. Irudian, Peio Urizar idazkari nagusi berria Manuel Ibarrondoren zorionak jasotzen. Bere ondoan, Carlos Garaikoetxea eta Unai Ziarreta.
Gasteizko Europa jauregian, Eusko Alkartasunaren ezohiko kongresua, 2009an. Irudian, Peio Urizar idazkari nagusi berria Manuel Ibarrondoren zorionak jasotzen. Bere ondoan, Carlos Garaikoetxea eta Unai Ziarreta. (Jon HERNAEZ | FOKU)

«EAJren zatiketa gauzatu da Gasteizko batzarraren ostean» irakur zitekeen hurrengo eguneko ‘Egin’ egunkarian. Jeltzaleen barneko krisia ia bi urte lehenago hasi zen mamitzen, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren dimisioarekin.

Eta 1986ko abuztuan, Gasteizko Udal Batzordea alderditik kanporatu zutenean, dena azkartu egin zen. Afiliatu jeltzaleek batzar batera deitu zuten irailaren 4rako, non Eusko Abertzaleak izeneko alderdi politiko berri bat sortzea onartu baitzuten. Izen hori ezin izan zuten erregistratu EAJkoa zelako; orduan, siglak mantendu zituzten. Horrela jaio zen Eusko Alkartasuna.

335 afiliatuk parte hartu zuten batzarrean eta, hiru orduko bilera horretan 313k dokumentuaren alde bozkatu zuten. Horrela, 1895ean Sabino Aranak sortutako alderdi jeltzalearen zatiketa gauzatu zen.

Onartutako dokumentuaren arabera, EA alderdi berria «herrikoi, demokratiko, moderno eta progresista» definitu zuten. Ezaugarri nabarmenetako bat autodeterminazio eskubidearen defentsa zen, «Autonomia Estatutuak ezartzen duen marko legala gainditu gabe».

Dokumentuaren lehen zatian, ‘EAJren krisiaren alderdi ideologikoak’ izenekoan, kritika sutsua egiten zitzaion alderdi jeltzalearen zuzendaritzak egindako ibilbideari.

Ondoren, Manuel Ibarrondo hautatu zuten EAko lehen presidente, eta gasteiztar «kritikoen» bozeramaile bihurtu zen. Alderdi berriak Carlos Garaikoetxearen oniritzia zuen, baina ez zen bilera hartan bertan egon, nahiz eta gero alderdi berriaren gidaritza hartuko zuen.

Jose Angel Cuerda, Arabako hiriburuko alkatea bai, bertan izan zen. 1990ean, EAJra itzuli zen.