Antzarak Larraulen

Globalizazioa bart gaueko kontua dela pentsatzen dugu eta ez da hala, gure arbasoek ere bidaiatu egiten zuten. Gaur egingo da antzara jokoa Lekeition, baina egin izan dira beste hainbat herritan ere lehorreko bertsioan. Mikaela Elizegik bere aita Pello Errotaren bizitzaz idatzi zuen liburuaren pasarte batean dio: «Larraulko alkatea izan zan eta antzara jokua arek jarri zuan ango festetan, San Bartolome bigarren batean. Nik sei bat urte nituan orduan, da amarekin joan nintzan ikustera. Antzarak plazan buruz bera ta ankaz gora jartzen zituzten, sokatik zintzilika. Zaldi gañean egiñal guzian zijoazela, eldu ta lepoa burrundan kendu bear zioten». Eta Oiartzunen ere behin ikusi zuela joko hori dio ondoren.

Nonbait irakurria dut Saran eta Biriatun ere egiten zela. Seguru nago, orain antzara haztegiak dituzten lekuetan, Perigorden esaterako, ibiliko zirela sokatik zintzilik zeuden antzarei lepoa mozten.

Ikasturtea hastera doa eta beste ohitura bat aipatu nahi nuke, nik gure esklusiba zela uste nuena. Umetan, auzoko eskolan genbiltzala, irakurketa lantzeko metodo berezi samar bat erabiltzen genuen: makila bana eskuetan genuela jartzen gintuen maistrak eta arbelean bakoitzari letra handi bat idazten zigun eta hari sekulakoak ematen jarduten genuen, letra ikasten genuen arte. Beti pentsatu izan dut bazuela metodo horrek pedagogia aktibotik ere zerbait.

Baina bazegoen, ordea, gure eskola horretan ohitura ilunago eta kritikagarriago bat, umeen kontrako tortura ere bazena: ikasturtea bukatzean azken putz zegoenari, guk tontoena deitzen genionari, «soy burro» idatzita zeraman petoa eta buruan asto belarriak jarri eta eramaten zuten baserriz baserri, bere amaren eta familiaren lotsa eta saminerako. Egun batez Marina von Zuylen idazleari frantziar eskolan ikasturte bukaeran azkena geratzen zenari bonnet d’âne delakoa jartzen ziotela irakurri nion, gurearen antzeko asto belarriak alegia, eta etxez etxe ez baina gelaz gela eramaten zutela. Ohitura hori nonbait Europa ia osoan zegoen zabalduta.

Seguru nago Proventzako edo Bretainiako umeren batzuek ere makilarekin arbela jo eta jo ikasiko zutela irakurtzen eta, handitzean, ez zutela denbora-pasa hoberik izango eta zaldi gainetik antzarei lepotik heltzen emango zituztela festetako arratsaldeak. •