Vijay PRASHAD

Inperioak tributua exijitu du

Inperialismoari mozorroa kendu dio Trumpek. Agur balio komun eta arauei. Gauzak argi eta garbi: aliatuak bezero dira, itsasbideak bidesari, mineralak besteen lur azpiko altxor, muga zergak zigortzeko tresna. Pagatu behar zaion tributuak inporta du benetan.

Donald Trump ez da botere estatubatuarraren gainean flotatzen duen aberrazio bat.
Donald Trump ez da botere estatubatuarraren gainean flotatzen duen aberrazio bat. (Niall CARSON | EUROPA PRESS)

Mundua sakoneko aldaketa betean dabil. Bigarren Mundu Gerraz geroztik sortutako instituzioek, hein handi batean, berdin diraute, zutik; baina haien zutoin materialak aldatu dira. AEBk munduko finantzak dominatzen jarraitzen du, bai eta botere militarra, teknologiaren estandarrak, komunikazio sistemak... Baina, hala eta guztiz ere, ez dauka garai batean bere lidergoari eusten zion produkzioaren nagusitasun erabatekoa.

Ekoizpen globalaren zentroa Asiara mugitu da. Txina da munduko manufakturaren potentzia; Hegoalde Globaleko herrialdeek komertzioaren, ekoizpenaren, inbertsioaren eta ahalmen teknologikoaren kuota gero eta handiagoa ordezkatzen dute. Ekoizpena geografikoki zabaldu arren, botereak -finantzetan, monetan, informazioan eta arlo militarrean- Ipar Atlantikoko blokean kontzentratzen segitzen du.

Kontraesan horrek definitzen du egungo koiuntura. AEBk besteak zigortzeko indar itzela du oraindik, baina ekoizpen mailako nagusitasunaren bidez munduko ekonomiaren buru izateko bere ahalmena txikitu da. Erreserbako moneta dominantea (dolarra) jaulkitzen segitzen du, kapitalen merkatuaren zentroa da, teknologia enpresa boteretsuen egoitza, planetako potentzia militar beldurgarriena, baina ezin du ekoizpenean Txina gainditu, ezta 1945etik izan zuen monopolio industriala berrezarri ere. Elkarren artean loturarik ez duten krisien segida dirudiena -muga zergak, zigorrak, esportazio kontrolak, gehiegizko zorpetzea...- hobeto ulertzen da prozesu gisa aztertuta; hau da, oinarria presiopean eta zutoinak dardarka dituen hierarkia inperialistari eusteko ahalegin gisa.

Trumpen inperialismoa hori baita: AEBk oraindik dauzkan abantailak -militarrak, dolarra, monopolio teknologikoak...- tributu eta aginterako tresna bihurtzea. “America First” leloak hori esan nahi duelako: AEBk pribilegio globalak eskatzea, obligazio unibertsalen itxurari uko eginez. Menderatu, kudeatzeko ardura hartzeke. Trumpismoa ez da AEBren inperialismoa mundutik erretiratzea, baizik eta nazioarteko erantzukizuna inperialismoaren hizkuntzatik kentzea.

EKOIZTETIK HERTSATZERA

1945 osteko ordenak elkarri lotuta zeuden hiru zutoinen gainean eusten zion: AEBren lidergo produktiboa, dolarraren zentraltasuna eta nagusitasun militarra. AEBren aparatu industriala osorik eta ikaragarri hedatua atera zen Bigarren Mundu Gerratik; aldiz, Europarena eta Asiaren parte handi batena guztiz hondatuta geratu zen. AEBko fabrikek, zientzia instituzioek, azpiegiturek... mundu kapitalistaren muin produktiboa osatu zuten. Bretton Woods, Marshall plana, NATO eta halakoen bidez, abantaila ekonomiko hori ordena instituzional bihurtu zuten. Dolarra zen erreserba eta trukerako moneta printzipala, eta botere militarrarekin komertziorako bideak, lehengaiak, gobernu otzanak eta kapitala metatzeko kondizioak ziurtatu zituzten.

1970eko krisiaren ondoren, ordena hori aldatu egin zen. Kapital estatubatuarrak atzerrira eraman zuen produkzio gero eta gehiago, soldatak baxuagoak ziren lekuetara, horniketa kate global konplexuak zituzten herrialdeetara, bereziki Ekialdeko Asiara. Finantza sektoreak gain hartu zion sektore produktiboari. Fabrikak joan ziren, baina fakturak, kreditu lerroak, aseguru kontratuak, jabetza intelektualaren erreklamazioak eta ordainketa sistemak New York, Londres edo Washingtongo instituzioen mende geratu ziren.

Denbora batez, pagotxa itzela izan zen, errentagarritasunaren arazoari konponbide bikaina. Enpresek kanpoko ekoizpenaren kostu baxuetatik etekina atera zezaketen, kontsumitzaileek merkeago eros zezaketen eta AEBko Ogasunak bere defizit itzela finantzatu zezakeen munduko aurrezkia dolarretan egiten zen bitartean.

Baina prozesu horrek beste ekoizpen zentro batzuk indartu zituen. Txina ez zen balio erantsi baxuko produkziora mugatu. Planifikazio, inbertsio publiko eta finantzen gaineko kontrolaren bitartez, telekomunikazioetan sartzen hasi zen, abiadura handiko trenetan, itsasontzien eraikuntzan, energia berriztagarrietan, ibilgailu elektrikoetan, adimen artifizialean... Horrela, muga zergen bidez bakarrik erreproduzitu ezin diren ekosistema industrialak eraiki dituzte.

Globalizazio neoliberalaren ironia historikoa da AEBren enpresen eta finantzen boterea indartu zuen nazioartekotzeak produkzio aurreratuaren gainean Ipar Atlantikoak zuen monopolioaren higadura azkartu zuela. Txinarekin duen desafioa ez da hark barne produktu gordin itzela duela, baizik eskala handian ekoitzi, sektore industrial guztietan berritu, azpiegiturak eskaini eta antzinako inperioetatik pasatzen ez den komertzioa lantzeko ahalmena garatu duela.

Trumpek, «Ilargia gurea da» mezua sareetan publikatuz, nazioartean zalaparta handia piztu du. (TRUTH SOCIAL)

Analisi serio batek, baina, ezin du gainbehera erlatiboa ahultasunarekin berdindu. AEBk iraganeko beste inperioek baino indartsuagoa izaten jarraitzen du. Gainbeherak harreman bat deskribatzen du, ez kolapsoa. AEBren eta beste estatu batzuen arteko aldea txikitu egin dela esan nahi du eta Washingtonek jada ezin duela bere lidergoa orain arteko konbinazio berdinekin erreproduzitu. Eta hortik, botere hertsatzailearen eta nagusitasun produktiboaren arteko arrakalatik, sortzen da oraingo agresibitatea.

Trump ondo ohartzen da arrakala horretaz, igartzen ditu globalizazioak bere herrikideen artean sortu haserreak. Baina errua ez da produkzioa hara eraman zuten enpresena, edo hortik etekina atera zuten finantza instituzioena. Errua, erru osoa, Txinarena da. Eta migratzaileena, eta AEB engainatzen duten aliatuena. Kapitalak sortutako krisia erresumin nazional bihurtzen du, eta, hala, neoliberalismoaren zauri sozialak inperialismo erasokorrago baterako erregai egin.

EZ DA ISOLAZIONISMOA

Askotan esaten da Trump isolazionista bat dela, instituzio multilateralak mespretxatzen dituela eta aliatuez ez dela fio. Deskribapen engainagarria da. Isolazionismoak ahalmen militar eta politikoen nolabaiteko uzkurtzea esan nahi luke, baina Trumpek anbizio horiek zein kondiziotan erabili berrikustea nahi du. Ez ditu AEBrentzat pribilegio gutxiago nahi, muga eta kostu gutxiago nahi ditu. NATO babeserako kontratu bat bezala ikusten du eta bere kideak, bezero itxuragile lez. Base militarrak, herrialde anfitrioiek ordaindu behar dituzten zerbitzu lez. Garapenerako laguntza dirua xahutzea da, baldin eta herrialde lagunduek ez badute berehalako obedientzia erakusten. Menderakuntzaren muinak berdin segitzen du, forma aldatuta: lidergotik transakziora.

Ikuspegi transakzional horrek mundua joko zelai egiten du, merkatu estatubatuarretik, dolarraren sistematik kanpo, teknologia aurreratu, inteligentzia mailako kooperazio edo babes militar gabe geratzeko arriskuetan oinarritutako akordioetarako joko zelai. Ordaindu eta obeditzen duen aliatua saritu daiteke; eta kontra egiten duena, zigortu.

Baina ezinezkoa dena ez da posible, AEB ezin da 1945eko egoerara bueltatu. Panorama industriala, munduko merkatua eta indar produktiboen oreka aldatu dira. Txinaren kontrako enfrentamendu estrategikoa ez zen Trumpekin hasi, ezta Biden presidentearekin desagertu ere. Esportazioen kontrola, Asian aliantza militarrak, zigorrak, muga alderdikoiak pasatzen dituzte. Trumpek, baina, joera horiek kontzentratu eta mozorro liberala kendu die. Bere berezko tasuna ez da AEBren inperialismoa asmatu izana, baizik eta metatu den larrimina hertsadura eta mehatxu zuzenerako programa batean eraldatzea.

MUGA ZERGA, TRIBUTUA

Muga zergak ezinbestekoak dira Trumpen irudimen politikorako, une berean hainbat arazo konpontzearen itxura ematen dutelako: industria nazionala babestea, atzerriko lehiakideak zigortzea, Estatuarentzat diru sarrerak eskuratzea eta presidenteak besteak men egitera behartzea. Harentzat, defizit komertziala lapurreta baten erakusgarria da, eta muga zerga lapurtutakoa errekuperatzea da. Trumpentzat ez dira soilik autobabesa, hertsatzeko tresna dira.

Politika horren logika guztiz inperiala da. Kolonialismoaren aroan, azpiratutako herrialdeak beren merkatuak irekitzera, lehengaiak ematera eta kaltegarriak zitzaizkien akordio juridikoak onartzera behartzen zituzten. Egun, horrela administratzea ez da beharrezkoa. Muga zergekin, ordainketa sistemetatik kanporatuz, zigorrekin edo teknologia ukatuz behartzen dira ustez subiranoak diren gobernuak. Obedientzia politikoa lortzeko bidea politika ekonomikoa da.

Txinaren kontrako erasoak estrategia horren bertsio zabal bat erakusten du. Helburua ez baita aldebiko defizita gutxitzea. Txina soka motzean lotzea da, bere garapen teknologikoa frenatzea, hornikuntza kateak Txinatik urrunduz berrantolatzea, aliatuak kontentzio politika horretan parte hartzera behartzea. Segurtasun nazionalaz hitz egiten da, baina helburua sistema produktibo aurkariak autonomia estrategikoa ez lortzea da.

Apustu horren ezinak oso handiak dira. Muga zergak inportatutako ibilgailu elektrikoaren prezioa igo dezake, baina ezin ditu gauetik egunera garraiorako sareak, eskulan kualifikatua edo ikerketarako zerbitzu publikoak sortu. Muntaketa katea herrialde batetik bestera alda dezakete, baina Txinako osagaiak zirkulatzen ibiliko dira hornikuntza kateetan.

Muga zergekin batera zigorrek tributuaren beste forma bat bezala funtzionatzen dute. Dolarrak erreserbetan, ordainketetan, zorrean eta lehengaien prezioen finkatzean jokatzen duen rolak AEBri bere mugetatik kanpo iristen den jurisdikzio bat ematen dio. Herrialde bateko banku bat zigortu daiteke beste herrialde batekin transakzio bat egiteagatik, nahiz eta tartean produktu estatubatuarrik ez egon. Ordainketa sistematik kanporatu daiteke herrialde bat, atzerrian dituen aktiboak enbargatu (lapurtu), bere itsas garraioa oztopatu eta bere populazioa medikamentuen inportaziorik gabe utzi. Botere hori herrialdeek munduko ekonomian modu normalean parte hartu dezaketen ala ez erabakitzeko gaitasun bihurtzen da.

Donald Trumpek adimen artifizialarekin egindako mapa hau partekatu berri du. (INSTAGRAM)

Muga zerga, zigor eta babesagatik ordaintzearen konbinazio hori «tributuaren inperialismo» deitu daiteke. Trumpek, hain zuen, hori nahi du, hau da, beste herrialdeek ordaintzea segurtasunagatik, merkatura sarbidea izateko, zigorretik libratzeko. Baliabideak edo autonomia politikoa emanez edo galduz, baina ordain dezatela. Metodo transakzionala da, baina ez da berdinen arteko transakzio bat.

LURRALDEA, JABETZA

Trumpek Groenlandia erosteko, Panamako kanalaren kontrola berreskuratzeko eta Kanada bereganatzeko botatako hitzak espektakulutzat jo ohi dira maiz. Baina espektakulu horrek boterearen teoria bat gordetzen du. Trumpek jabetzaren antzinako hizkera berpiztu du: lurraldea ondasun higiezina da eta burujabetza, eroskeria, presioa eta indarraren bidez gaindi daitekeen oztopoa.

Groenlandiak inperialismo berri horren kezkak argi erakusten ditu: Artikoan estrategia militarra, misilen aurkako alerta sistemak, itsasbide berriak eta Txina eta Errusiarekin aurkakotasuna. Lurrazpian mineral pila bat dauzka, ezinbestekoak bateria, elektronika, arma eta trantsizio energetikorako. Artikoko izotza urtzen den heinean, Trumpek geografia berri hori irudikatu eta jabetza lortzeko aukera bat ikusten du. Groenlandiako biztanleak kalkulutik kanpo geratzen dira. Trumpentzat lur bat bere azpian dagoenagatik da preziatua, gainean bizi diren pertsonak traba bat dira.

Panamako kanalak logika bertsua du. Munduko komertzioaren arteria garrantzitsuena da, Atlantikoa eta Ozeano Barea lotzen dituena. Eta, egun, zirkulazioaren gaineko kontrola produkzioaren gainekoa bezain garrantzitsua denez... Kanadarekin, antzera.

Asian, ekonomikoki munduko eskualde dinamikoenean, militarizazioa handitzen ari da. AEBren base militarrak Japonian, Hego Korean, Guamen, Filipinetan eta Australian. AUKUS, Quad, itsas patruilak, ariketa militarrak, Taiwan, erdieroaleen kontrola, inbertsioen murrizketak... Fabrika, laborategia, itsasbideak, satelitea, ordainketarako plataforma eta base militarrak, denak dira estrategia beraren parte.

INPERIO KONPONEZINA

Trumpen inperialismoa horregatik da arriskutsua: sekulako botere bat ezinezkoak diren anbizioekin konbinatzen duelako. Trump ez da aberrazio bat. Hertsatzeko ahalmen itzelak gordetzen dituen eta une berean nagusitasun produktiboa eta konfiantza ideologikoa galtzen ari den sistema inperial baten adierazpen politikoa da. Aliantzei begiratu eta ordaintzeke dauden fakturak ikusten ditu; Groenlandian, mineralak; Panaman, ordainlekuak dituen bere autobide; Gazan, itsasoaren aurrean eraikitzeko pronto dauden lurrak; migratzailea, inbasorea; muga zergak, obedientzia exijitzeko armak.

Trumpen inperialismoaren ezaugarri nabarmenena ez da mundutik isolatu dela, munduari tributua exijitzen diola baizik. Babesaren truke ordainketa eskatzen du; merkatuetarako sarbidearen truke, kortesia; lehengaiak fabore politikoen truke, eta inpunitatea beti, berarentzat eta bere aliatuentzat. Oraindik dituen egiturazko abantailak eragotzi ezin dezakeen trantsizio historikoa atzeratzeko tresna bihurtzen ditu.

Baina atzeratzeko metodoek krisia gaiztotzen dute. Zigorrek dolarraren sistemari alternatibak bilatzea dakarte. Teknologiaren gaineko kontrolak ikerketa independentea indartzen du. Txinaren inguratze militarrak Asia arriskutsuagoa egiten du. Finean, Trumpek hertsa dezake, zigortu, hondatu, baina ezin du AEBren nagusitasunak naturala zirudien mundua leheneratu.