
Hélène Elizaga izen artistikoz, jaiotzez Heléne Marie Lucie Elissague, (Banhèras de Bigòrra, Okzitania, 1896ko martxoaren 3a - Donibane Lohizune, 1981eko irailaren 25a) Ipar eta Hego Euskal Herriko artegintzan zubi lanak egin zituen.
Parisen ikasi zuen eta Henry La Tourasse erretratu egilearekin ezkondu zen. Berarekin Euskal Herrira itzuli eta Urruñan bizi izan ziren –bertan ehortzi zuten, berak hala eskatuta–. Gerora Donibane Lohizunera joan ziren eta han margolanen errestauraziorako atelierra zabaldu zuten, ikusita artelan propioak saltzea ez zela hain erraza.
Atelier haren inguruan ibili ziren garaiko euskal margolariak, Ramiro Arrue bilbotarra eta Gaspar Montes Iturrioz irundarra tartean 1932an, Arruek animatuta, Euskal Artisten Elkarteko kide egin zen Elizaga eta orduan euskaldundu zuen bere abizena.
Euskal Herriko ikuspegiak eta gaiak landu zituen bere koadro eta erretratu bizietan. Paisaiak -nekazaritza eta arrantza girokoak- eta erretratuak landu zituen. Bere obran baserritarrak, arrantzaleak eta pilotariak islatuko ditu. Aldi berean, emakumeak protagonista diren margo ugari ditu. «Lanari lotutako eszenak dira. Figura sendoak dira, duintasuna islatzen dute», dio Lekuonak.
Bere obra nagusiak hauek dira: ‘Partie de pelote’ (‘Pilota partida’, Baionako Euskal Museoa) eta ‘Portrait des frères Arrayet, champions de pelote’ (‘Arrayet anaien, pilota txapeldunen erretratua’, Baionako Euskal Museoa).
Bere margogintzaren estiloari dagokionez ere, hanka bat euskal tradizioan izan zuen, bestea modernitatean. Inpresionismorako joera agertu zuen, tarteka kubismora hurbilduz.

