Nerea Sancho Esnaola
Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta

Birikak: flotagailu bi. Egiten duzun horrek zer ordezkatzen du?

Collage: GAME IS OVER. SENSATHLON® 2026
Collage: GAME IS OVER. SENSATHLON® 2026

Jokabide adiktiboa, desorekatua, tentagarri bezain kaltegarria izateko joera dugunean, zergatik ari garen horretan galdetzen diogu geure buruari. Baina horrek ez gaitu inora eramaten. Galdera zuzena hau izaten da: zer arituko zinateke sentitzen hori egiten arituko ez bazina?

Batzuetan ez dugu egiten nahi dugulako, beste aukerarik ez dugula sentitzen dugulako baizik.

Ez dugula berriro errieta egingo optimismoz pentsatzea oso negatiboa da. Aldiz, kristalezko bola atera eta pentsatzen badugu zintzoki noiz espero dugun berriro elkarrekin borrokatzea, kasik eguna eta ordua zehazteko gai gara.

Gehienetan ez dugu arazoa zuzenean konpondu behar; lehenengo, erabiltzen ari garen sistema ulertu behar dugu, eta zergatik ematen digun beste aukerarik ez dagoen sentsazioa.

Arrautza egosiak ahal den eta hoberen zuritzeko xuxurlatu didaten sistema:

• klaskatu hego poloa

• klaskatu ipar poloa

• birrindu ekuatorea

Moda aldizkarietako gako hutsezina! (sistema): kapa bidez janztea (beheko kamiseta, kamiseta, alkandora, jertsea, berokia…). Ba al dago beste modurik? Jendea zer joaten da, bada, kulerotan eta gero bisoizko beroki batekin ala?

Sistema bat ondo ezagutzen dugunean, aukera berriak agertzen dira.

Batzuk sistema sendo batekin hazten dira; beste batzuek ordezko sistemak eraiki behar izaten dituzte, segurtasun gabeziari aurre egiteko.

Txikitatik barne segurtasuna; nola eraikitzen da hori? Haurrari entzunez, erantzunez, eskubideak eta betebeharrak esleituz, haren beharrak kontuan hartuz. Ahal duena egiteko gai dela ohartaraziz. Balioa aitortuz haren iritziari, haren gorputzari, haren joerei, haren erritmoei. Eta, behar duenean, heldu bat bere ondoan prest izango delako konfiantza eraikiz.

Horrela aukerak ditugula sinestera heltzen gara. Erabakitzeko.

Helduaroan geure aukeratzeko espazioa txikia bada, barne konfiantzaren ordez honelakoak ager daitezke: autokritika letalak, konparaketa injustuak, norbere beharrak alboratzea, nahiak alde batera uztea, besteen erritmoetara egokitzera derrigortuak sentitzea, sumisioa normalizatzea…

Baina ez dugu amore eman beharrik.

Bikote batekin hasi eta agian konturatu zara zu zarela “bestea” (maitalea), bikote harreman luze guztian zure gauzak abandonatzera eraman zaituela, sexualki ez duzula adorerik askatzeko.

Barne konfiantza lortu edo berreskura daiteke. Barruko ahots desberdinak bereizten joan eta norbere beharrak entzuten hasi beharko dugu. Behar horiek asetzen hasteko adorea bildu. Gidoi berri bat martxan jarri.

Zaila bezain gogobetegarria da. Ez da inor damutzen.

Sistema berri bat eraikitzeak ez du gehiago egitea esan nahi; gutxiago behartzea da kontua.

Gure biriketako airea uretako gure flotagailu nagusia da. Jakin berri dut. Horrela doa:

«... torax barruan litro bat aire gehiago izateak, gutxi gorabehera, litro bat ur gehiago desplazatzea esan nahi du. Hau da, gorantz bultzatzen gaituen indarra kilo bat inguru handiagoa izan daiteke. Lasai arnasteak, toraxa irekita edukitzeak eta postura etengabe zuzentzen ez ibiltzeak asko eragin dezake flotatzeko sentsazioan...».

Ondokoei atsegin ematea, beste aukerarik ez dagoela sentitzen dugunean: sistema txarra.

Behar duguna eskatzea, baiezkoa edo ezezkoa zintzo onartuz: aukeratzeko tartea.

Norbere erritmoa errespetatzea: txalo bero bat.

Zergatik sartzen dira surflariak uretara ilunabarrean? Arrazoi praktikoak eta naturalak nahasten dira: olatuak hobeak izaten dira -ilunabarrean haizea baretu egiten da askotan, ura leundu eta olatuak garbiago hausten dira-. Argia albo batetik sartzen da -eguzkia baxu dagoenean, argiak olatuaren forma, ertza eta hodia hobeto erakusten ditu-. Jende gutxiago dago uretan -askorentzat eguneko une librea da, eta olatuen eremua lasaiago egon daiteke-.

Gainera, ilundu aurreko une horrek badu bere magia: ez da soilik une praktiko bat, erritual moduko bat ere bada.

Eta aukeratzeko ahalmena haizea, argia eta unea interpretatu eta noiz sartu erabakitzea da. •