Lagunenganako ardura
Ez nuke lagunekin zorretan sentitzerik nahi. Ez gaizki ulertu. Bi pertsonaren artean dagoen intentsitate mailak ez du zertan etengabe orekaturik egon. Pertsonok itsasgorak eta itsasbeherak dauzkagu. Horien arabera eraldatzen da harreman batean betetzen dugun lekua, gorpuzten dugun rola.
2024ko udaberrian izan zen. Ez zen giro gure lagunartean. Kuadrillako kide batek egindako eraso matxistak zirela-eta gure ardura hartu genuen, bi lagun elkarri hitzik ez egitera iritsi ziren tarte batez, eta, ni, depresioan murgildu nintzen. Itxura batean, elkarrekin zerikusirik ez zeukaten gertakariak denak, baina guziongan arrastoa utzi zutenak.
Gertuko lau lagunek besarkatu ninduten ospitale psikiatrikoaren atarian, egun batzuetarako bertan sartzear nengoela. Etxean bakarrik egon ezin nuelako erregutu nien lagunei profesionalengana eramateko. Ospitaleratu baino lehenago, bitartean zein ondotik, baldintzarik gabeko babesa eman zidaten horretarako energia zeukatenek -neskak gehienak, ez da kasualitatea-. Beren konpainia izan nuen ukendu negarraldietan, bisita egin eta liburuak ekarri zizkidaten ospitalera, nire baitako korapiloez baizik mintzo ez nintzen garaietan kafeak hartu genituen…
Zaurgarri agertzen eta laguntza jasotzeagatik errudun ez sentitzen ikasi nuen. Era berean, niregandik urrundu ziren lagunak ulertu behar nituela barneratu nuen. Ez naiz nor lezioak emateko. Hamaika aldiz damutu naiz lagunekin izandako jokabideez. Akatsak akats, ahal dela, ez diezaiegun babesa behar duten lagunei hutsik egin, eta saia gaitezen zaintzerakoan izan ditzakegun muga propioak zein bertzeenak onartzen. •



