Koldo Sagasti
Giza eskubideen aldeko ekintzailea

Urteurren odoltsua

Aste honetan hiru urte bete dira Israel bere historia laburreko orrialde odoltsuenetako bat idazten hasi zenetik. 2023ko urri hartan, eta Palestinako erresistentziaren ekintza baten ondorengo mendekuaren aitzakian, aurrekaririk gabeko oldarraldi masibo bat jarri zuten abian, mende bateko kolonizazio prozesuari behin betiko amaiera eman nahi zion oldarraldia. Hiru urte geroagoko zenbakiak ikaragarriak dira. Gaza, bi milioi eta erdi palestinarren bizitokia, zeharo suntsitu dute; 70 mila lagunetik gora erail; eta ehunka mila baino gehiago ur eskasiaren, gosetearen eta gaitz kutsakorren mende hiltzera kondenatu. Palestinako beste zatietako batean, Zisjordanian, egoera ez da samurragoa. Hor kontrolik gabeko kolono armatuak dira izua nonahi zabaltzen dutenak.

Eta hiru urte geroago oraindik segitzen dugu galdezka, «Nola ote da posible?». Erantzuna Pernandoren egia da. Posible da ezinezkoa ez delako, alegia, ez dagoelako lasterketa zoro hilgarri horri oztoporik jarriko dionik. Eta posible da, gaur-gaurkoz, oraindik, badelako Israeletik kanpo Israelen gerra makineria sostengatzen duenik. Eta oso gertu dauzkagu gainera.

Aste honetan, genozidioaren abiapuntuaren urteurrena gogoratzearekin batera, jakin dugu, Israelekiko Arma Merkataritza Gelditu kanpainak kaleratutako ikerketa bati esker, Tubos Reunidos euskal enpresak 20 mila kilo altzairu bidali zizkiola 2024an Israel Military Industries armagintza enpresari, gazatarrak akabatzen dituzten koheteak eta doitasun handiko munizioa egin zitzaten. Baina Amurriokoak ez dira bakarrak. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea ere ikerketapean dago Espainiako Auzitegi Nazionalean, konpainia berari altzairua saltzeagatik. Fokupean dago, halaber, CAFeko Andres Arizkorreta ere, Palestinako kolonizazioaren azpiegiturak eraikiz genozidioaren ekonomiari laguntzeagatik.

Urteurrenak ondo daude atzera begira eta gogoeta egiteko. Baina, gogoetak gorabehera, Euskal Herrian, genozidioaren katebegi esanguratsua garen neurrian, erantzukizun historikoa daukagu, Israelgo heriotza makineria elikatzeari utz diezaiogun, edo elikatzen dutenei garesti atera dakien. •