
Hannah Arendt (Hannover, Alemania, 1906ko urriaren 14a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1975eko abenduaren 4a) pentsalari oparoa izan zen. Asko idatzi zuen: gutunak, artikuluak, liburuak... Foro ugaritan ere parte hartu zuen. Hain zuzen, eztabaida publiko horietako bat izan zen, 1968ko gertaerekin batera, ‘Indarkeriaz’ lanaren hazia. 1967ko abenduaren 17an «indarkeriaren zilegitasunaz» eztabaidatu zuen Arendtek Noam Chomsky, Conor Cruis O’Brien eta Robert Lowell-ekin.
Arendt XX. mende hasieran Europa ekialdetik zetorren familia bateko alaba zen eta bere bizitzan inportantea izan zen bere ama, Martha Cohn, Rosa Luxenburgen lagun eta jarraitzailea.
Marburg-eko unibertsitatean ikasi zuen Martin Heideggerrekin. 1929an egin zen doktore Heidelberg-en Karl Jaspers-en zuzendaritzapean. 1933an naziek atxilotu eta Gestaporen preso izan zen. Estatu frantziarrera egin zuen eskapo eta handik Portugalera egin zuen ihes lehenik, 1941ean AEBetara iritsi zen arte.
Hannah Arendt ez zetorren Alemaniako ezkerreko pentsamendutik. Bizitzan aurrera egin zuenean ulertu zuen Marxen garrantzia. Bere «jatorria», inon egotekotan, filosofia alemanean zegoen.
Politikaz eta historiaz idatzi zuen bereziki, bere liburu nagusiak ‘Totalitarismoaren jatorriak’ (1951), ‘Giza kondizioa’ (1958) eta ‘Eichmann Jerusalemen’ (1963) izan ziren baina idatzi zuen, baita ere, arteaz eta literaturaz.
‘Eichmann Jerusalemenez’ (Katakrak, 2023) gain ‘Indarkeriaz’ (Katakrak 2021) irakur dezakegu euskaraz, Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenarekin eta Mario Zubiagaren hitzaurrearekin.
Dena den, bere beste lan batzuk ere euskaraz aurkitu daitezke. Ikusgelak ere Simone de Beauvoir eta Arendt beraren ideien mamia jaso dute.

