Begoña Zabala
Militante feminista

GAUR8, nire leiho propioa

Nik beti irakurtzen dut GARA paperean. Horregatik, larunbatero kontaktu fisiko garrantzitsua izaten dut GAUR8 separatarekin. Oro har, atzetik irakurtzen hasten naiz; batez ere, azken-aurreko orrialdean agertzen den argazkia ikusteko (Behatxulotik). Argazki horrek harrapatu egiten nau. Gure lurraren historia txiki bat islatzen duten argazki zaharrek liluratu egiten naute.

Argazki hori separata irakurtzeko aitzakia edo amua bezalakoa da, eta argazki oina ikusi eta irakurri ondoren, barruan nago datozen artikuluak irakurtzeko prest. Zer irakurtzen dut? Orain bai, hasieratik hasten naiz eta pertsona ezagun edo hurbilen batek idatzitako artikulu txikiren bat aurkitzen badut, gustura irakurtzen dut. Beti pentsatzen dut: «Zenbat gauza hain espazio txikian! Eta ze ondo idatzitakoa!». Hortik aurrera irakurtzen ditut gehien erakartzen nauten artikuluak: elkarrizketak, feminismoa, memoria, kultur gaiak...

Bistan denez, euskarazko irakurketan motibatzen nauen eta gure gauza asko erakusten dizkidan neure leihoaz gain, askoz leiho gehiago daude irekita, aniztasunak adierazten dituen eta gure begien aurrean gaurkotasun handiko gaiak jartzen dituen leiho kolektiboa. Zailak eta polemikoak izan arren, argi eta zintzotasunez tratatzen dira hainbat ikuspuntutatik.

Eta dena euskaraz: bai, Iñaki Sotok esaten duen bezala, euskarara jauzi egin nahi dugunok laguntzen gaitu astekariak! •