Nola igo zutabe batera
Zutabe batera igotzeko bi modu daudela esango nuke. Bata, profetarena. Edo anakoretarena behintzat, Simeon Estilitarena: Siriako basamortuan hamazazpi metroko zutabe batera igo eta 37 urte igaro omen zituen, puntaren puntan, salmoak errezitatzen.
Simeonen antza hartzen ari naizela iruditzen zaidanean, beste modu bat bilatzen dut: zutabera igotzen naiz Johnny Hernández Orurotik La Pazera doan autobusera bezala. Zuloz jositako errepidean saltoka, Johnny gaztea -brontzezko aurpegia, gomina, bibotetxoa, piano baten irribarrea- pasilloaren erdian jarri da, oinak ondo tinkatuta, eta hizketan hasi zaie bidaiariei: «Muy cordiales buenos días». Emakumeek pasilloan fardelak pilatu eta bizkarrean lotutako umetxoak askatu dituzte. Gizonak zurrunka sismikoetan hasi dira, koka hostoek puztutako masailak dardarka, listu berdea ezpainetan. Johnnyk traje iluna darama alkandora urdin argiarekin, zapata distiratsuak eta exekutibo batena izan nahiko lukeen maletatxoa. «Señores pasajeros, señoras pasajeras, perdonen que interrumpa su lindo pensamiento, su linda conversación. Mi nombre llega a ser Johnny Hernández». Poto bat atera du patrikatik. «Cochabambako enpresa naturista batean egiten dut lan, jauna, anderea, eta zuen guztion osasuna zaintzera nator. Pomadatxo hau aurkeztera etorri naiz, kokarekin prestatutako ukendua, erreumaren oinazeak arintzeko batez ere, artritisa, gota, ziatika; eta batez ere, anderea, jauna, hezurretako min hori arintzeko, giharraren deformazioa. Ukendua gauetan bakarrik emango dugu batez ere. Minbera daukagun guztia ondo igurtzi ondoren, zapitxo bat hartuko dugu mesedez, berotuko dugu eta min jasanezinaren gainean jarriko dugu. Eta orain, jauna, anderea, ukendu pixka bat oparituko dizuet, usaina hartzen joateko batez ere». Johnnyk koka ukendua saltzen du: cinco pesitos. Beste batzuek hortzetako pasta eskainiko dute hilezkortasunaren elixirra balitz bezala; agure batek txiste liburuak salduko ditu; hamabi urteko neska bat pasillora aterako da, hiru kanta abestu eta txanponak eskatuko ditu ikasten jarraitzeko. Ni ere autobus horretara igotzen naiz zutabeak publikatzera: «Perdonen que interrumpa su lindo pensamiento, su linda conversación». •



