Juantxo Egaña
Argazkilaria

Tejeriako Ataria eraisten, 1918an

(AQUILINO GARCIA DEAN. IRUÑEKO UDAL ARTXIBOA.)

1915eko uztailaren 25ean, Iruñeko harresiak eraisten hasi ziren, eta milaka herritar bildu ziren Erreginaren Baluartearen inguruan. Gaita jotzaileak, udal musika banda eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ere bertan izan ziren. Arratsaldeko seiak pasatxo, eraisteko ekintza sinbolikoa egin zen, dinamita kargak eztandarazita. Baina aurrerapenaren ospakizun hark aurpegi mingotsa ere izan zuen: balio historiko eta monumental handiko aztarna multzo baten desagerpena, zeinaren galerak kritikak eragin baitzituen hirian eta zenbait komunikabidetan. 1918ko ekainean jarraitu zuten Tejeriako Ataria eraisten (argazkian), 1644an eraikitakoa eta hiriaren sarrera zaharretako bat. Gertaera hori «La Avalancha» aldizkariak ere jaso zuen argazki batean. Eraiste horrek eta harresi atala kentzeak Labriteko aldapa irekitzea eta Bigarren Zabalgunearen garapena erraztea ahalbidetu zuten.