Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Etxebizitza, zaintzako langileak eta klase arrakala

Azaroaren 3tik 7ra, Feministaldiaren XXI. edizioa ospatu zen Donostian, “Eh! Txe-txe!” lelopean. Aurten etxebizitzaren problematika izan da jaialdiaren ardatza, eta hainbat kolektibo, artista eta eragile feminista elkartu dira gaiaren inguruan hausnartzeko.

Gonbidatuen artean Zumaiako Malen Etxea elkarteko kideak izan ziren. Emakume migratzaileen esperientziak eta memoria kolektiboa biltzeko garatzen ari diren artxibo-proiektua aurkeztu zuten. Artxibo horretan duela 23 urteko dokumentu bat agertu zen, elkartea sortu zutenekoa, jada garai hartan etxeko eta zaintzako langileen etxebizitza eskuratzeko ezintasunaz hitz egiten zutela erakusten zuena. Kolektiboko kide berriei etsigarria egiten zitzaien, 23 urte geroago, egoera berdinean edo okerrago egotea.

Izan ere, etxebizitzaren arazoa ez da berria. Langile klasearen parte handi batek historikoki pairatu du, baina azken urteotan nabarmen larriagotu da, espekulazioaren, turistifikazioaren eta interes errentistei mesede egiten dien merkatuaren erregulazio faltaren ondorioz. Hala ere, arazoa gizarteko sektore zabalagoetara hedatu izanak ez digu ahantzarazi behar batzuentzat etxebizitza eskuratzeko ezintasuna ez dela krisi berri bat, hamarkadetan luzatu den errealitatea baizik.

Etxebizitzaren auzia, ordea, ez dago gainerako arazo sozialetatik bereizita, eta bereziki agerikoa da hori etxeko eta zaintzako langile migratzaileen kasuan. Langile egoiliarren erregimenean (internak), beste norbaiten etxean lan egiteak bertan bizitzeko aukera ere eskaintzen du, lantokia eta bizilekua espazio berean elkartuz. Askotan etxebizitza eskuratzeko zailtasunak lan erregimen jakin bat onartzera bultzatzen du langilea, nahiz eta horrek autonomia mugatu eta enplegatzailearekiko mendekotasuna areagotu.

Madrilgo “Territorio Doméstico” kolektiboko kideak Feministaldian egon ziren baita. Talde feminista horrek etxeko langile egoiliarren erregimenaren inguruan jarrera erregulazionista hartzen du. Ez dute erregimen horren esplotazio izaera ukatzen, baina haren berehalako abolizioaren aurka agertzen dira. Izan ere, emakume migratzaile askorentzat, bereziki iritsi berrientzat, etxeko langile egoiliar izatea bizirauteko aukera bakarretako bat da, soldata bat eskuratzeaz gain (askotan tamalgarria den arren), bizitzeko toki bat ere eskaintzen diena.

Emakume Migratu Feministak Sociosanitarias kolektiboko kideak ezagutzeko zortea ere izan nuen. Langile egoiliarren erregimena desagerraraztea aldarrikatzen dute, esklabotzarekin parekatzen dituzten lan baldintzak salatuz. Baina ez dira salaketara mugatzen, etxebizitza komunitarioen proiektuak sustatzen dituzte, emakume migratzaileek esklabotza horretatik ateratzeko aukera materialak izan ditzaten, kontziente direlako alternatibarik sortu ezean ezinezkoa dela esklabotza forma horrekin bukatzea.

Bi kolektiboen arteko desadostasunak ez ditu elkarren arteko aliantzak ezabatzen, baina etxeko eta zaintzako langileen eskubideen aldeko mugimenduaren barruan ohikoa den zailtasunetako bat agerian uzten du. Alde batetik, langile egoiliarren erregimenak etxeko langileak eguneko 24 orduetan eskuragarri egotera behartzen ditu, lana absolutizatu eta atsedenaren eskubidea ezabatuz. Bestetik, sektore feminizatuen lan baldintza penagarriek, etxebizitza eskuratzeko ezintasunak eta Atzerritartasun Legeak eragindako prekaritateak emakume asko baldintza horiek onartzera bultzatzen dituzte. Gainera, lana galtzeak etxebizitza ere galtzea ekar dezake. Nola hitz egin askatasunezko hautuaz alternatiba materialik ez dagoenean? Eta nola desagerrarazi haren menpe dauden langileak babesgabe utzi gabe?

Etxebizitzaren arazoak langile klase osoari eragiten dio, baina ez modu berean. Langile mugimenduko zenbait sektorek klasea subjektu homogeneo gisa aurkeztu nahi badute ere, errealitatea bestelakoa da. Generoa eta arraza ez dira klase ekonomikoari gehitzen zaizkion faktore hutsak, klase desberdintasun horiek ekoizten dituzten harremanen parte dira. Klase batasuna ez delako diferentzia horiek ukatuz eraikitzen, menderakuntza harreman patriarkal eta kolonialei kolektiboki aurre eginez baizik. •