
‘Euskara, zientzia eta gizarte berriak’ hitzaldi-zikloa egingo dute Azkoitian, gizartearen eraldaketaren aurrean euskarak dituen erronkak aztertzeko. Hainbat ahots bilduko ditu zikloak, eta era honetara aurkeztu du hitzorduaren abiapuntuan dagoen hausnarketa: «Globalizazioa, aldaketa soziodemografikoak, garapen teknologikoa eta bizimodu berriak mundu osoko hizkuntza komunitateak eraldatzen ari dira, baita euskalduna ere. Nola egin diezaieke aurre euskarak aldaketa horiei?»
Abenduaren 1etik 3ra izango da zikloa eta lau hizlari gonbidatu dituzte: Kike Amonarriz soziolinguista, Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria, Olatz Perez de Viñaspre informatika-ingeniaria eta Andoni Sudupe adimen artifizialean aditua.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Azkoitiko Udalak antolatuta, hitzaldi guztiak euskaraz egingo dira, eta sarrera librea eta doakoa izango da. Hasiera 18.30ean finkatu dute hitzaldi guztientzat,eta Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoan egingo dira.
Bertaratu ezin duenak aukera bat du hitzaldiak EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalaren bidez jarraitzeko.
Esperientzia, ikaskuntza eta tresnak
Kike Amonarrizek zabalduko du zikloa abenduaren 1ean, landu dituen hainbat proiektu eta esperientzia oinarri hartuta, euskal hiztunak aurrean dituen erronkak aztertuz.
Abenduaren 2an Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) doktoregaiak euskara hizkuntza zaila dela dioen ustea izango du hizpide, zenbaterainoko oinarria duen aztertzeko. Era berean, hizkuntzen ikaskuntzan eragina duten faktoreak azalduko ditu, «arreta berezia jarriz testuinguru eleaniztunetan ikaskuntza prozesua erraztu dezaketen faktoreetan».
Olatz Perez de Viñaspre informatika ingeniaria eta Andoni Sudupe AAn aditua abenduaren 3ko hitzaldiko bi gonbidatuak dira. Lehenengoa EHUko Fakultateko irakaslea da. Sudupe, berriz, EHUko HiTZ zentroko ikertzailea. Aurreratu dutenez, «adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza-eredu handiek nola funtzionatzen duten azalduko dute, eta Latxa bezalako tresnek euskarazko komunikazioa, erabilera eta ikaskuntza nola erraztu dezaketen erakutsiko dute».
