GAUR8

Euskal gatazkarekin amaitzeko pauso garrantzitsua, Bruselako Adierazpena

15 urte bete dira Brian Currin abokatu hegoafrikarrak, beste 20 sinatzaileren izenean, Bruselako Adierazpena irakurri zuela. Nazioarteko adituak prest agertu ziren euskal gatazka amaitzen laguntzera, baina konpromisoak eskatu zituzten bai ETAren aldetik zein gobernu espainarraren aldetik.

Brian Currin, Euskal Herrira egin zuen bisita batean, adierazpena sinatu baino hilabete batzuk lehenago. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egun historikoa eman zen duela 15 urte Euskal Herriaren historiarako. Bruselako Adierazpenak mugarri bat ezarri zuen euskal gatazkaren ibilbidean. Beste gatazken konponbideetan esperientzia zuten nazioarteko aditu eta elkarteak Bruselan elkartu ziren 2010eko martxoaren 29an ‘Bruselako Adierazpena’ izena zeraman idazkia sinatzeko.

Sinatzaileen artean, Hegoafrika eta Irlandako gatazken konponbidean lanean aritu zirenak zein Bakearen Nobel Saridunak zeuden, hain ezagunak ez ziren baina bakegintzan eskarmentua zuten beste pertsona eta elkarteekin batera. Testuaren irakurketa Brian Currin abokatu afrikarraren esku gelditu zen.

Adituek, ezker abertzaleak proposatutako urratsak eta hartutako konpromisoa goraipatu zuten. «Konpromiso hori betetzea urrats handia izan liteke Europako azken gatazka bukatzeko», sinatu zuten. Hala, ETAri eskatu zioten konpromiso horrekin bat egin zezan, bide «bakezale, demokratiko eta indarkeriarik gabekoen» alde eginez.

Su-eten iraunkorra eskatu ostean, Estatu espainoleko gobernuari ere «behar bezala» erantzun zedin esan zion, ondoren beste pauso batzuk eman ahal izateko, desberdintasunak konpondu eta bake iraunkorra lortzeko asmoz.

Guzti hori adierazten zuen testua 20 adituk sinatu zuten, eta baita Nelson Mandela fundazioak ere, politikari mitikoaren pentsamenduekin bat egiten zuela aipatuz.

PPk eta PSOEk ez zuten begi onez hartu adierazpena, ez baitzizaien ondo iruditzen maila berean jartzea ETA eta Gobernua. Kontraz, alderdi abertzaleek harrera ona egin zioten, uste baitzuten nazioartearen laguntza beharrezkoa zela gatazkarekin amaitzeko.

ETAk berak, irailaren 19an, sinatzaileei esker ona adierazi zien eta konponbiderako pausoak emateko prestutasuna azaldu zuen. Hitza bete eta Nazioarteko Harreman Taldea osatu ostean, 2011ko urtarrilaren 10ean su-etena orokorra, iraunkorra eta egiaztagarria zela adierazi zuen ETAk. Urte bereko urriaren 17an Aieteko Konferentzia ospatu zen, eta hiru egun beranduago, 20an, berriz, borroka armatua behin betiko utziko zuela esan zuen ETAk. Ordutik, pauso gehiago ematen jarraitu dira gatazkaren alde guztiak konpontzen joateko.