2025 API. 10 - 06:00h Kepa Junkerak 60 urte bete ditu gaur 1965eko apirilaren 10ean, gaur dela 60 urte, jaio zen Kepa Junkera Urraza. Bilboko Errekalde auzoan hazi zen eta euskal musikaririk internazionalenetako bat izatera eraman duen estilo propio bat sortu zuen trikitiarekin. Kepa Junkera, ‘Erromeriak’ diskoaren kontzertu batean, 2023an. (Aritz LOIOLA | FOKU) GAUR8 Kepa Junkera konpositore, ekoizle eta musikaria Bilbon jaio zen 1965eko apirilaren 10ean, eta haurtzaroa eta gaztaroa Errekalde auzoan bizi izan zituen. Musikarekin izan zituen lehen harremanak aitonarengandik etorri zitzaizkion. Izan ere, aitonak, orduko erromerietan, panderoarekin laguntzen zion alabari (Keparen amari) Txilibrinen bikote gisa dantzatzen hasi zenean. Ordutik aurrera, Kepa Junkera, batez ere, modu autodidaktan hezi zen, eta musikaren munduan zehar bidaia luze bat hasi zuen, euskal musikaririk internazionalenetako bat izatera eraman zuen estilo propio bat sortuz. 1987an bere lehenengo diskoa argitaratu zuen: ‘Infernuko Auspoa’ (Zabaleta eta Motrikurekin batera). Ordurako, trikiti txapelketetan zaildua zegoen Junkera. Hurrengo urteetan hainbat disko argitaratu zituen, baina arrakasta komertziala eta nazioarteko aitortza ekarri zizkion diskoa 1998an iritsi zen: ‘Bilbao 00.00h’ (Resistencia, 1998). Munduko soinuak ekarri zituen, Madagaskartik Quebecera, Europa erdialdetik Afrikara, Galizatik Irlandara Portugaldik igarota... Horretarako, hainbat kolaboratzaile izan zituen lagun trikitilariak: Phil Cunningham, Hedningarna, Alasdair Fraser, La Bottine Souriante, Paddy Moloney… 2004an ‘Athletic bihotzez’ (Balea Musika Ideiak) diskoa egin zuen futbol taldearen omenez. Euskal Herriko zein kanpoko hainbat abeslari eta musikari gonbidatu zituen (Francis Diez, Alex Sardui, Aitor Gorosabel, Faltriqueira, Tejedor…). Bi urte geroago ‘Hiri’ (Elkar, 2006) diskoa kaleratu zuen. ‘Etxea’, ‘Herria’, ‘Ultramarinos & Coloniales’ eta ‘Galiza’ diskoak ere hurrengo urteetan. 2012an ‘Ipar Haizea’ diskoa argitaratu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. 2014an ‘Trikitixaren historia txiki bat’ diskoa plazaratu zuen eta 2016an ‘Maletak’. Biak Sorginak talde gaztearen eta hainbat kolaboratzaileen laguntzarekin. 2018ko abenduan, kontzertu baterako Bruselan zela, iktus batek jo zuen eta ospitaleratua izan zen. Hainbat urtez eszenategietatik kanpo egon da, baina gutxinaka-gutxinaka bere osasuna hobetu eta 2022an publikoaren aurrean agertu zen berriro omenaldi batean. 2023an bere etapa berriko lehen diskoa argitaratu zuen: ‘Erromeriak’. Junkerak hainbat herrialdetako 40 emakume panderojole baino gehiago bildu zituen proiektuan.