GAUR8

Eskerrik asko Imanol, estimatua dago


Zutabe hau beste gai baten inguruan idazteko asmoa nuen, baina ordenagailu aurrean esertzera nindoanean entzun dut albistea: Imanolek ez du Realean jarraituko datorren denboraldian. Zurrumurruak aspalditik bolo-bolo bazebiltzan ere, onartu behar dut baieztapen ofiziala heltzean pena txiki bat sentitu dudala, tristura puntu bat.

Zerrenda nitzakeen hemen oriotarrak aulkitik gidatu dituen kirol lorpen apartak: Reala titulu bat irabazten ikusteko esperantza handirik ez genuen belaunaldi bati opari hori eskaini izana -gizonezkoen taldeaz ari naiz, noski-, buruko min eta umiliazio iturri besterik ez zen Kopa ilusioz beterik hartzen den txapelketa bilakatzea, edota taldea Europako lehiaketetara sailkatzea ohitura bihurtu izana.

Baina hori ez da garrantzitsuena. Pentsa, orain dela ez horrenbeste, Ipuruan eta Galen izan ginen Reala Bigarren Mailan animatzen, eta ederki asko pasa genuen. Eta Lehen Mailara igotzea lortu zeneko festa ere gogoangarria izan zen. Esaera batek dio futbola, eta kirola orokorrean, gauza ez-garrantzitsuetan garrantzitsuena dela, eta hobe denontzat horrela hartzea.

Horregatik, zelaian irabazitako guztia bezainbeste, zelaitik kanpo ereindako hazia eskertu behar zaio Imanoli. Prentsaurreko eta elkarrizketa bakoitzean erakutsitako apaltasuna, euskararekiko une oro erakutsi duen begirunea, harrobiko jokalariei eman dien garrantzia eta Realak talde moduan izan beharko lukeena ulertarazteko etengabe egin duen pedagogia.

Olatu handia da futbolarena, lehertzen denean bidean harrapatzen duen guztia aurretik eramaten duena, eta eskertzekoa da tsunami ero horretan gure gaztetxoentzat erreferente duinak aurkitu ahal izatea. Aspaldi aipatu zuen Imanolek, berak jarraitu ala ez, garrantzitsuena klubean gauzak ongi egitea zela. Espero dezagun geratzen direnek berak bezain argi izatea. •