2025 MAI. 03 - 00:00h Eta doktoretza ostean, zer? Ikerketa ezin da beka eta ekimen solidarioen oinarriz bakarrik sostengatu. (Aritz LOIOLA | FOKU) Izaro FERNANDEZ IRIONDO Konturatu orduko doktoretzako azken urtean zaude. Ez da bat-bateko jauzia, jakina: graduko lau edo bost urte, masterreko beste bat edo bi, eta erabaki-kate luze baten inertziak ekarri zaitu honaino. Tesia egin ala ez erabakitzen ari zinenean, behin eta berriz burura zetorkizun galdera hau zen: “Orain ez bada, noiz egingo dut tesia?” Lau edo bost urtez laborategian, unibertsitatean, kongresuetan eta ordenagailuaren aurrean pilatutako orduek egutegi oso bat jan dute, eta, hala ere, aurrera egin duzu. Hori ospatzeko modukoa da; bidea ikusita, erdibidean amore ematea erraza zen. «Zertan egiten duzu lan?», galdetzen dizu jendeak. «Doktorego tesian», erantzuten duzu, eta berehala: «Orduan ikasten jarraitzen al duzu?». Azalpenak aurreztearren, batzuetan «lanean nago» esaten amaitzen duzu, nahiz eta soldata beka prekario batetik etorri. Galderei ihes egitea estrategia hobea izaten da zure eguneroko akrobaziak azaltzen hastea baino: beka eskatzeko egin behar izan duzun paper-sorta amaigabea (Kaixo, burokrazia!), Donostian edo Bilbon (ikerkuntza zentro gehienak bertan baitaude) etxebizitza duin bat lortzeko egin dituzun bisita nekagarriak, gastuak ordaintzeko malabar ekonomikoak, ia 30 urterekin etxea partekatzearen nekea eta aurrezki urriek zure etorkizuna lausotzen duten modua. Norbaitek esaten dizunean «eskerrak zure lana gustuko duzun», burutik pasatzen zaizu erantzun ironikoa: «Bai zera!». Lanarekin gustura egoteko arrazoia ez da soilik egiten duzun hori maitatzea. Maitasun soila ez da nahikoa. Lanak berarekin dakar soldatak bizi zaren herrian duen erosahalmena, lan-ordutegiaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka, lankideekin eta zuzendariarekin duzun harremana, eta etorkizunean zure ikerlari ibilbideak jarraipen bat izango duen ala ez jakiteak sortzen duen tentsioa. Ziurgabetasun horrek osasun mentalean eragiten du, eta, emakume bazara, gehitu STEM esparruan kristalezko sabaia eta eguneroko mikromatxismoak. Pasioa ez da faktura guztiak ordaintzen dituen txartela, ezta etxetik kanpo ordaindu beharreko alokairuaren bermatzailea ere. Ez dezagun ikerlarion prekaritatea pasioarekin erromantizatu. Eta doktoretza bukatu ostean, zer? Ziurgabetasuna nagusi. Ikerkuntza munduan jarraitu nahi baduzu, ez dago argi unibertsitatean plaza iraunkorrik egongo den ala ordezko-irakasle gisa kontratu labur baten mende geratuko zaren. Unibertsitatea utziz gero, azken finean egoerak atzerrira joatera behartzen zaitu “nazioartekotze” puntuak pilatu eta, handik bueltan, etorkizunean beka hobe bat lortzeko (eta ez badut atzerrira joan nahi?). Horrez gain, litekeena da etxea partekatzeari eutsi behar izatea, nonahi eta nork daki zenbat denboraz. Buruko zama horiek ez dira “pasioarekin” estaltzen. Irtenbidea? Gizarte-lehentasunak birpentsatzea: ikerketa epe luzeko egitasmo estrategikotzat hartu, eta ikertzailea subjektu ekonomiko eta sozial gisa duintzea. Eztabaida ireki behar da, eta hori ere zientzia da: datuak eta esperientziak bildu, aztertu, ondorioztatu eta proposamen zehatzak egitea. Baina ezinbestekoa da, lehenbailehen, ikerketa-lanari dagokion aitortza instituzionala, ekonomikoa eta soziala bermatzea; ikerketa ezin baita beka eta ekimen solidarioen oinarriz bakarrik sostengatu. Bestela, biharko egunak gaurko galdera berak errepikatuko dizkigu: eta doktoretza ondoren, zer? Edo, agian, gauzak aldatuko dira eta tesia bukatu orduko unibertsitate zein zentro teknologikoetatik eskaintza bikainak izango ditugu zain! (“Nahi bai!”) •