2025 MAI. 14 - 11:10h Alcatrazko kartzela berriz irekitzeko agindu du Trumpek AEBetakok presidente Donald Trumpek Alcatrazko kartzela berriro ireki eta zabaldu nahi du, AEBetako «delitugilerik bortitzenak» hara sartzeko. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. NAIZ Zabalik egon zen denboran, famatu egin zen Alcatrazko kartzela, eta ondoren zinemak are ezagunagoa egin zuen. San Frantzisko (Kalifornia) aurrean dagoen uharteko segurtasun gehieneko kartzela hura itxi zutenetik hainbat hamarkada igarota, Donald Trump AEBko presidenteak igande honetan iragarri duenez, berriro irekitzeko eta handitzeko agindua eman die Espetxeetako Bulego Federalari (BOP), Justizia Departamentuari, FBIri eta Segurtasun Nazionaleko Departamentuari, AEBetako «gaizkile bortitzenak» hara bidaltzeko.Presidente erreplublikanoak hau idatzi zuen Truth Socialeko post batean: «Nazio serioagoa ginenean, iraganean, ez genuen zalantzarik egiten kriminal arriskutsuenak giltzapetu eta kalte egin ziezaioketen edonorengandik urrun izateko. Horrela izan behar du. Dagoeneko ez ditugu onartuko serieko gaizkile hauek, gure kaleetan zikinkeria, odol isuria eta kaosa ereiten dutenak».Post berean, paperik gabeko pertsonak kartzelara bidali ahal izango dituztela ere eman zuen aditzera Trumpek. «Ez gara kriminalen, hiltzaileen bahituak izango, ezta beren lana egiteko beldur diren eta gure herrialdean legez kanpo sartutako gaizkileak kanporatzen uzten ez diguten epaileen bahituak ere», epaileen aurkako hamaikagarren erasoa eginez.Epaileen aurkaIzan ere, igande gauean esan zuen Alcatraz berriro irekitzeko ideia deportatuek «epaile erradikalizatuek» eragin dioten frustrazioa dela-eta bururatu zitzaiola, deportatuek prozesu judizial bat izan dezaten nahi baitute. Estatubatuar presidentearen iritziz, Alcatraz «legearen eta ordenaren sinboloa» izan da luzaroan.Behin baino gehiagotan, Trump kexu agertu izan da migratzaileak El Salvadorreko Cecot espetxera bidaltzea saihestu duten epaiak direla eta. Epaileen aurkako jardunaren erakusgarri, joan den astean FBIk Wisconsineko epaile bat atxilotu zuen, dokumenturik gabeko pertsona bat atxilotzea eragotzi zuela leporatuta.Trumpek urtarrilean iradoki zuen Alcaraz berriro ireki nahi zuela. Migratzaileak Guantanamora deportatzeko agindu exekutibo bat sinatzean, haren seme Donaldek bideo batean esan zuen Alcatrazek erabilera bera izan zezakeela. «Ideia bikaina da. Alcatraz ere berriro ireki beharko genuke beharbada?», esan zuen semeak.BOP Espetxeetako Bulegoko bozeramaile batek aginduak jaso dituztela esan dio The Associated Pressi, baita bete egingo dituztela ere aginduok.Gaur egun Alcatraz gune turistiko garrantzitsua da, bi kilometo koadro baino gehixeagoko hedadura duena. Espetxe gisa 1934tik 1963ra bitartean erabilgarri, hiru gizonek ihes egin eta desagertu ondoren itxi zuten; BOPek, hala ere, beste arrazoi bat agertu zuen, espetxea erabilgarri mantentzeak kostu handia eskatzen zuela, hain zuzen. Mantentze lanak 3 eta 5 milioi dolar arteko kostua omen zuen; beraz, uste izatekoa da errepublikanoak iragarri berri duen irekiera eta handitzea garesti askoa izatea.