GAUR8

Polonian da Euskararen Etxea, Europako Museoen Urteko Sarietan finalista izan ondoren

European Museum Forum erakundeak antolatu duen European Museum of the Year Awards (EMYA) sarien kongresu eta sari banaketan parte hartuko du Euskararen Etxeak, Poloniako Bialystok hirian, maiatzaren 21etik 25era bitarte. Maiatzaren 23an, gainera, mahai-inguru baten gonbidatuak dira arduradunak.

Euskararen Etxea, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Euskararen Etxeak European Museum Forumek antolatutako Europako Museoen Urteko Sarien (EMYA) kongresu eta banaketa ekitaldian parte hartuko du, asteazken honetan hasi eta datorren igandera bitartean, Poloniako Bialystok herrian. ‘Memoria eta elkartasuna ekintza kolektiborako’ leloa du hiztorduak.

Euskararen Etxeko arduradunek gogorarazi dute  zentroa finalista izendatu zutela EMYA 2025 sarietan, Europako 42 museo berritzaileenen artean kokatuz. Gainera, Europako Kontseiluak emandako Europako 2025eko Museoa Saria irabazi zuen.

Iurdana Acasuso Atutxa Euskararen Etxeko zuzendariak bi ekitalditan parte hartuko du datorren ostiralean, maiatzaren 23an. Alde batetik, 30 minutuko hitzaldia eskainiko du Euskararen Etxearen proiektua aurkezteko.

Gainera, Acasusok ‘Ondare bizia: museoak eta komunitateak orainari forma emanez’ izeneko mahai-inguruan parte hartuko du, Alvor Lifeboat Interpretation Center (Portimao, Portugal), Open Air Museum Het Hoogeland (Warffum, Herbehereak) eta Collective Memory Point (Vad, Errumania) museoetako ordezkariekin batera.

Halaber, maiatzaren 24an, EMYA 2025 sariaren irabazlea jakinaraziko da 22.00etan hasiko den ekitaldian.

Europako Kontseiluak 1977an sortutako Europako Museoen Urteko Sariek Europako museoen sektorearen bikaintasuna eta berrikuntza aitortzen dute.

Saria azken bi urteetan instalazioak modernizatu dituzten edo jendearentzat ireki dituzten erakundeei ematen zaie, publikoa erakartzeagatik, murgiltze-esperientziak eskaintzeagatik eta hezkuntzan eta gizarte-erantzukizunean estrategia berritzaileak garatzeagatik nabarmentzen direnei.