2025 MAI. 23 - 06:01h Annapurna garaitu nahian hil zen duela 17 urte Iñaki Otxoa de Olza alpinista Alpinismoaren historian eman den erreskate saiakerarik garrantzitsuenetarikoa izan zen Iñaki Otxoa de Olza mendizale nafarraren alde egin zutena. Hura Annapurnaren gailurretik gertu ondoezik zegoela jakitean, hainbat mendizalek indarrak batu zituzten oxigenoa eta botikak eramateko. Iñaki Otxoa de Olza Nepaleko haur batekin. (SOS Himalaya) NAIZ 2008ko maiatzaren 23an euskal alpinismoak kolpe gogorra jaso zuen Iñaki Otxoa de Olza nafarra Annapurna mendian hil zela jakitean. 14 zortzimilako jada garaituak zituen eta guztien gailurrak zapaldu nahi zituen; Annapurna eta Kanchenjunga besterik ez zitzaizkion falta. Zorigaitzeko maiatzaren 19an, tontorrera iristeko 100 metro besterik ez zitzaizkion falta ondoezik sentitu zenean. Harekin zeuden Alexei Bolotov errusiarra eta Horia Colibasanu errumaniarra; lehenak gailurrera jarraitzea erabaki zuen eta bigarrena, berriz, medikuekin harremanetan jarri zen nafarra zorabiatuta zegoela kontatzeko. Konortea galtzeko zorian zegoenez eta zentzurik ez zuten gauzak esaten zituenez, medikuek ahalik eta lasterren jaistea gomendatu zioten garun-edema bat izan zezakelako. IV. kanpamentura arte (7.400 metro) jaistea lortu zuen, eta hor gelditu ziren erreskate taldearen zain. Berria jakin eta berehala, jatorri desberdinetako alpinistek indarrak batu zituzten, euren bizitza arriskatuz, nafarra salbatzen saiatzeko, oso zaila –ia ezinezkoa– zela jakin arren. Ueli Steck suitzarra inguruan zebilen eta Otxoa de Olzari oxigenoa eta botikak eramango zizkiola erabaki zuen. Goi-mendiko ekipazioa ez zuenez, kosta egiten ari zitzaion, eta bidean menditik jeisten ari zen Bolotovekin egin zuen topo, kasualitatez oin taila berdina zuena. Botak trukatu eta gora ekin zion. Ez zuen laguna bakarrik utzi Maiatzaren 22a zen ordurako. Hiru egun horietan Colibasanuk zaindu zuen alpinista nafarra, eta Steck iritsi zenean, Otxoa de Olzak bere kabuz jaitsi ezin zuenez, errumaniarrari jaisten lagunduko ziola esan zion, gutxienez bera salbatu ahal izateko, hainbeste egunen ostean berarentzat ere arriskutsua zelako han gelditzea. Honek, berriz, bere laguna bakarrik utziko ez zuela adierazi zion. Hala, Steckek erreleboa hartuko ziola esan zion, eta orduan bai, Otxoa de Olza bakarrik geldituko ez zela ikustean, jaistea erabaki zuen Colibasanuk. Bitartean, Dennis Urubko errusiarra eta Don Bowie kanadiarra goruntz abiatu ziren botika eta oxigeno gehiagorekin, baina eguraldia zela eta ezin izan zuten base kanpamendutik hasi, beherago baizik, eta azkar igo behar zuten. Bestalde, Nima Nuru sherpak 6.200 metrora igo zitekeen helikoptero bat lortu zuen. Esfortzu handiak egin arren, Urubko IV. kanpamentura iritsi baino lehen hil zen Otxoa de Olza. Alpinista nafarrak mendiak igotzea maite zuen, baina bere bidaietan ezagututakoen bizitzak hobetzea ere zuen helburu. Hori dela eta, bere intentzioa zen espedizioetan lortutakoaren parte bat 8.000 metroko mendiak dituzten herrialdeetako haur umezurtz eta pobreei laguntzeko erabiltzea. Bere legatu hori bizirik dago, SOS Himalaya Fundazioa sortu baitzuen bere familiak, eta hori Makalu bailaran proiektuak garatzeaz arduratzen da.