2025 MAI. 24 - 00:00h Bideak Amets Arzallus Londresko Liburutegi Britainiarrean izan da asteon. (G. GOIA) Garazi GOIA Migrazioaren sinplifikazioa egiteko joera daukagu, egunero ikusten ditugun goiburuetatik eta dauzkagun aurreiritzietatik konklusio errazak ateratzen ditugu. Hainbat milaka pertsona iritsi zirela atzo Espainiara esaten da. Ez da esaten zenbat gelditu ziren bidean. Edo zenbat ziren etorri nahi ez zutenak, baina etorri beharra izan zutenak. Ez da esaten zenbat gelditu ziren amets huts batekin atzean. Irunen azken urteetan elkarrizketatu diren eta laguntza eskaini dieten 50.000 etorkinetatik, 50 baino gutxiago gelditu dira bertan. Besteek bidean jarraitu zuten. Norberaren bidean. «Zenbakiak abstraktuak dira», esan du asteon Amets Arzallusek Londresko Liburutegi Britainiarrean egindako hitzaldian. Jakitearen eta ulertzearen arteko ezberdintasunaz aritu da ondoren. Teorikoki emozioa eragiten digute hainbat albistek, baina distantzia batetik ikusten ditugu. Miñan liburuaren itzulpena ingelesez “Little brother“ deitzen da, eta azpian “An odissey to Europe” dio. Europara odisea. Ez zuen Europara etorri nahi. Liburuaren bideak aurrera jarraitzen du. Gaur Londresen elkartu gaitu interes, bizitza eta kuriositate ezberdinek lotzen gintuzten jende multzoa. Gogortasunaren eta edertasunaren arteko oreka perfekzioan islatu zituen Amets Arzallusek idatzian. Gaur, elokuentzia finean, esaldiko hitz bakoitza intentzioz aukeratuz, liburua irakurtzean sentitu nuen mezua beste modu batean sentiarazi dit. «Istorioa eta estiloa zituen Ibrahimak, literatura bat zeukan», esan du. Timberlake Wertenbaker aparta izan du bidelagun Arzallusek. Atzo estreinatu zen Londresko antzoki batean ingelesez egindako egokitzapena. Antzerkiak duen indarraz aritu da Wertenbaker: «Istorioari beste bide bat ireki dio; eta bide horretan partaide berri batzuk agertu dira: aktoreek, afrikar jatorrikoak, haien emozioak transmititu dituzte». Wertenbakerrek berarekin daraman istorio berezi eta txundigarriak are indar gehiago ematen dio lanari. Bide ezberdinetan jarraitzen dugu, baina geldialdi bat egin dugu gaur. Distantzia horri, zenbakien abstrakzioa handitzen duen distantzia horri, erreparatzeko. Urrun gaude ulertzetik, baina gaur geruza txiki bat desestali dugu. «Gauzak aldatu behar baditugu, beste min bat sentitu behar dugu». Gauzak aldatzeko esfortzuan lezio ederra eman digute Arzallus eta Wertenbakerrek. Pribilegio handia da bidegurutzean elkarrekin topo egin izana. •