GAUR8

Andima Ibinagabeitiaren artxiboak eskuragarri daude Euskaltzaindiaren webgunean

Andima Ibinagabeitia idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlearen artxiboak kontsultagarri daude Euskaltzaindiaren webgunean. 1936ko gerran Venezuelan erbesteratua, atzerrian garatu zituen ia lan guztiak. Frankismo garaiko euskaltzaletasunaren testigantza gisa duten balioa nabarmendu dute.

Andima Ibinagabeitia idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea erbestera jo behar izan zuen 1936ko gerran. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak Andima Ibinagabeitiaren artxiboak kontsultagarri jarri ditu bere webgunean. Akademiak jakinarazi duenez, balio berezia duen informazioa da, frankismo garaiko euskaltzaletasunaren testigantza gisa.

Andima Ibinagabeitia (Elantxobe, 1906-Caracas, 1967) idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea izan zen. 1936ko gerraren ondorioz erbesteratu egin behar izan zuen eta atzerrian gauzatu ziren bere lan ia guztiak.

Ibiñagabeitiaren familiak 2000. urteko urrian eman zion artxiboa Euskaltzaindiari, Akademiaren egoitzan eginiko ekitaldian, Bilbon. 2006an, Euskaltzaindiak idazlea omendu zuen bere sorterrian, Elantxoben. Egun berean, Ibinagabeitiarekin batera omendu ziren Imanol Berriatua idazle eta euskaltzain urgazlea eta Gorgonio Renteria politikari eta idazlea.

Sei ataletan banatu da Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeen funtsa: ‘Gutuneria’, jaso eta erantzundako gutunak biltzen dituena; ‘Kazetaritza’, Euskadi Irratia, Alderdi, Euzko Gogoa, Irrintzi eta bestelako hedabideetarako landutako artikuluak erakusten dituena; ‘Itzulpengintza’ idazle klasikoen lanen itzulpenak (Ovidio, Virgilio...); ‘Jon Mirande’ idazlearen lanak eta berarekiko gutuneria mamitsua; ‘Editore lanak’, editore lanetan hainbat egilek bidalitako lanak eta ‘Saski-Naskia’ orotariko dokumentuak jaso dituena.

Zehaztu dutenez, izen-aurkibidea ere jarri dute, bilaketa errazteko.