GAUR8

Hondartzen pribatizazio lodifoboaren aurka


Oporrak behar dituzten langileen neke aurpegiek, gero eta motzago diren galtzek eta fruta dendetako melokotoiek iragarri bezala, uda dator, eta horrekin batera, gorputza erakusteko argal egon behar zarela dioten diskurtso lodifoboak. «Orain hasten bazara uztaila heltzerako 10kg galduko dituzu» edo «erosi tripa disimulatzen duen plus size bainujantzia eta gozatu hondartzaz!» diotenak.

Propaganda lodifobo horren guztiaren analisia eginez, feminismoak gorputzaren inguruan sortu dituen kritikek eta ekarpenek aukera ematen dute lodifobia ulertzeko ez soilik diskriminazio fisiko baten adierazpen gisa, baizik eta botere patriarkalaren tresna diziplinatzaile gisa. Lodifobia ez delako soilik pertsona lodiak gutxiestea edo haien gorputza patologizatzea; lodifobiak emakumeen gorputzaren kontrol sozial eta politikoarekin du zerikusia, eta horregatik da funtsezkoa ikuspegi feministatik aztertzea. Lodifobiari esker, emakumeek ikasten dute zein gorputz diren onargarriak eta zein ez; ikasten dute nor den desiragarria eta nor ez; eta batez ere, ikasten dute beren gorputza besteen epaiaren arabera kontrolatu eta moldatu behar dutela emakume onak izan eta onarpena lortzeko.

Argaltasunaren kanon estetikoak ez duelako bilatzen osasuna edo edertasuna, baizik eta bi horiek instrumentalizatzea emakumeek kontrol soziala barneratzeko eta horrekiko otzan izateko. Naomi Wolfek 90eko hamarkadan salatu zuen edertasunaren mitoa emakumeak kontrolatzeko mekanismoa zela: «Emakumeek eskubide gehiago lortu ahala, gorputzaren zapalkuntza areagotu egin da». Bere iritziz, gorputzaren inguruko presioek emakumeen energia eta denbora xurgatzen dute, eta, horrela, emakumeak ez dira gai boterea zalantzan jartzeko edo espazio publikoan eragiteko.

Horrek erakusten du lodifobiak ez duela soilik norbanakoaren osasuna edo itxura interpelatzen, baizik eta emakumeen ahalduntze sozial eta politikoa mugatzen duen tresna dela. Uda bakarrik jende argalarentzat dela dioten diskurtsoen helburua ez baita bakarrik jende lodia hondartzetatik kanpo uztea, baizik eta jendeak, eta bereziki emakumeek, haien burua etengabe epaitzea, kontrolatzea eta horrek sortzen duen gaizkiegonaz negozioa egitea. Virgie Tobarren hitzek horrela diote gaiari buruz: «Edertasun-kanona trikimailu bat da dirua gastatzeko eta gaizki sentitzeko, uztaitik pasatzeko eta ez etortzeko gora, zure denbora erabiliz Estatu Batuetan adingabe latinoamerikarrak beren familietatik bereizi eta kaioletan sartzen dituztela salatzen».

Horregatik, beharrezkoa da loditasun kritikoak ahotsa izatea, gorputz lodia "arazo pertsonal" edo "osasun arazo" gisa ulertzen ez duten diskurtsoen zabalpena egitea, hau da, fokua zapalkuntza sozial lodifobo eta patriarkalean jartzen dutenena. Horretarako, Fat Studies mugimenduak eta feminismo lodiek (Euskal Herrian “Ezin Kabitu!” taldeak) ekarpen oso garrantzitsuak egin dituzte, gorputz lodia subjektu politiko bihurtuz eta loditasunaren aurkako politikak errotik kritikatuz.

Hondartza gurea delako. Lodiok eta emakumeok ez garelako begirada maskulinoaren onespena bilatzen duten objektuen multzoa, baizik eta hareatan etzan, paseatu eta bainatu nahi duten subjektu politikoa. •