GAUR8

Zaintza lanen diagnostikoa, antolaketa bidegabeari aitzin egiteko tresna

Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzako biztanle eta eragile aunitzen artean osatu dute zaintza lanen diagnostikoa eta proposamena helburu argi batekin: «Zaintza lanen antolaketa bidegabeari aitzin egitea, eta horiek demokratizazio bidean jartzeko aldaketak sustatzea».

Nagore Huegun Ibarbia Bortzirietako Berdintasun teknikaria zaintza lanen diagnostikoa aurkezten, Lesakako Udaleko batzar aretoan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Bortzirietako zaintza lanen diagnostikoa eta ekintzarako proposamena aurkeztu du bertako Berdintasun Zerbitzuak. 2024tik 2025 hasiera bitarte egindako prozesuaren lehen emaitza da, Emaginekin egina. Elkarte honetan formazio eta ikerketa feminista lantzen dute bereziki, eta zaintzan sakontzen hasi ziren duela zortzi urte, mugimendu feministak gaia sukalde eta etxe zokoetatik plazara atera zuenean. 2018an eta 2019an Euskal Herriaren luze-zabalean egin ziren greba jendetsuen eta ondoko greba feminista orokorraren ondorioz, oihartzun handia hartu zuen gaiak.

Orain, auzia tokian tokiko politiketara eramatea da erronketako bat, eta horri heldu diote Nafarroa iparraldeko eskualde honetan ere. Urteotan teoriatik eta batez ere zaintzaren lehen lerroan daudenen esperientzietatik ikasi du mugimendu feministak. Testigantzei esker hasi da teoria hezurmamitzen eta aldaketak bultzatzen. Lesakako Udaletxean egin den ekitaldian, ikerketa honetan parte hartu duten lagunen lagin bat bildu da. Badira zaintzaile profesionalak eta afektiboak. Eta badira udal, sindikatu eta hainbat eragileren ordezkariak eta norbanakoak ere.

MARKOA

Hagitz garrantzitsua da nondik begiratzen diogun errealitateari eta nondik egiten ditugun proposamenak. Eta lan honen markoa feminismoa da, argi eta garbi. Nagore Huegun Ibarbia Bortzirietako Berdintasun teknikariak eta Miren Aranguren Etxarte Emagineko kideak egin dute aurkezpena. Emaginekoak erran duenez, feminismoaren ekarpenetako bat izan da aitortzea gure bizitzak zaurgarriak direla eta autosufizientziaren ideia gezur hutsa dela. Azaldu duenez, gauzak gertatzen zaizkigunean, eritzen garenean, bizi bat joaten denean edo bizi batek aitzinera egiten ez duenean, orduan gorpuzten dugu zaintza, baina bertzela, ez balego bezala jokatzen dugu. Hil berri den Pepe Mujicak bizia miraria dela zioen. Gauza aunitz gertatu behar dira bizia egoteko, eta gauza horietako bat elkar zaintzea da. Zaintzarik gabe, prekaritatea gailentzen da.

«Ekomendekoak eta elkarmendekoak gara. Etenik ez duen hari bat». Ikuspuntu horretatik, bizitza jartzen da erdigunean, kapitalaren metaketa deszentralizatuz.

ZER DA ZAINTZA?

Zaintza dena izan daiteke, baina dena baldin bada, ez da deus. Lanaren sarreran, kontzeptua zehazten da: «Zaintza lana, denbora eta esfortzua da. Esanahi subjektibo eta emozionalak ditu, gure izaerarekin eta intimitatearekin estuki lotzen baita. Zaintza zuzena izan daiteke, pertsonala zein erlazionala, eta zeharkakoa ere bai. Ordaindua (formala) eta ez ordaindua (informala) izan daiteke. Zaintzea egoera mental bat ere bada, ume txiki bat edo mendekotasun handiko norbait zaintzen dugunean 24 orduz buruan eta gorputzean izaten dugulako. Aldiberekoa da, gauza ugari egiten ditugulako batera. Horrek, karga mentala areagotzeaz gain, neurtzeko zaila egiten du».

Zaintza zerbait handiagoa ere bada: planeta honetako izaki guztiok aurrera egiteko behar duguna.

2018ko Martxoaren 8an Lesakako plazan egin zen emakumeen kafe tertulia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Alde ustel bat ere badu zaintzak: «Emakumeok etengabe desjabetzen gaitu. Izan ere, zaintzaile izatea ere bada emakume egiten gaituena. Eremu erabat feminizatua da». Zapalkuntza ugari gurutzatzen dira, gainera, zaintza lanetan: prekaritatea, txirotzearen feminizazioa, jardun bikoitzak, denboraren pobrezia, proiektuen alboratzea, bazterketa soziala, indarkeria matxista, eta abar. Klase sozial baxuagoan bagaude, arrazializatuak bagara edo migratu badugu, gehiago pairatuko ditugu.

ZAINTZA KRISIA

Gure demografia eta antolaketa soziala aldatu egin dira. Aunitzez lagun gehiago bizi gara denbora gehiagoz, komunitateak lausotu dira, eta familia zabala ez dago lehen bezain hedatua. «Lehen emakumeen ejertzito bat zegoen zaintzan. Gaur egun, hori ere aldatu da pixka bat. Ahalduntzearen eta mugimendu feministaren ondorioz, jada ezin da espero emakumeok beti maitasunagatik eta doan zainduko dugunik. Egiten jarraitzen dugu, baina ez neurri berean».

Zaintzaren kate globalean, lehen katebegia iparraldeko emakumeek osatzen dute, ez dutelako nahi edo ezin dutelako inguruko zaintza lanez arduratu. Horiek lan merkatura ateratzen direnean, bertze emakume batzuengan uzten dituzte zaintzak. Horra bigarren katebegia, hegoaldetik migratu duten emakumeena.

Horiek, era berean, beren jatorrizko herrialdean inguruko bertze emakumeengan utzi dituzte ordura arte beren kargu zeuden lanak. Azken horiek dira hirugarren katebegia.

LANDA EREMUA

Lau ezaugarrirekin deskribatu dute Euskal Herriko (eta Bortzirietako) zaintza erregimena: hiperfeminizatua, familiarizatua, prekarizatua eta berpribatizatua. Legeek familiarizazioa eta arrazismoa sustatzen dituztela salatu dute. Agertu dutenez, zerbitzu gehiago jarri beharrean, dirulaguntza ekonomikoen alde egiten dute.

Zaintza zerbait salbuespenezko bezala hartzen da oraindik, ez guztion eskubide bezala. Mugimendu feministak defendatzen duena da antolaketa politikoa egin dadila eskubide horien kargu.

Bortzirietan, azken urteetan populazioak goiti egin du, bereziki herri handietan, Beran eta Lesakan. Gainontzekoetan mantendu egin da. 8.537 biztanle ziren denera 2023an. Horietatik %2,8k dute mendekotasun aitortua, hau da, 238 herritarrek, eta 46 dira gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak. Kontuan hartu behar da dauden premiak handiagoak direla, pertsona batzuek ez baitute mendekotasun aitortua.

MENDEKOTASUNA, GOITI

Adinekoen artean, gehiengoa emakumeak dira, baita zaintza premia dutenen artean ere (%71,7). Mendekotasunaren feminizazio bat dago, beraz. Eta, maiz, bakardadearen feminizazio bat. Mendekotasuna, gainera, goiti doa. 2019an mendekotasun handiarekin zeudenak gutxiengoa ziren arren, 2023an gradu horretan zeudenak ziren nagusi.

Grafikoa Emaginek egina da, Nastatek INEren errolda jarraituaren estatistikako datuetatik abiatuta sorturiko datuetan oinarrituta. (EMAGIN)

Zaintzaren eta euskararen arteko lotura ere aztertu dute. Zaintza gure izaerari eta intimitateari lotua dagoenez, guretzat garrantzitsuak diren moduetan jaso nahi izaten dugu, eta hizkuntza funtsezkoa da aunitzentzat. Bortziriak euskaldunak dira eta, defendatu dutenez, zaintza euskararekin nola gurutzatuko den pentsatu behar da.

ELKARRIZAN, ALTXOR HANDI BAT

Jubilotekak daude bortz herrietan. Guztira 58 emakumek eta 16 gizonek erabiltzen dituzte, eta hagitz ongi baloratzen dituzte. Udaleku irekiekin berdina gertatzen da: balorazio hagitz ona dute. 262 parte-hartzaile dituzte. Eskualdean bada bertze altxor bat: Elkarrizan, 63 boluntariok osatutako elkartea. 3.800 boluntario lanordu egiten dituzte.

Familietan zaintzen dutenak emakumeak dira nagusiki. Haur txiki bat edo mendekotasun handia duen senide bat zaintzen dutenen bizitzan etenaldi bat gertatzen da, 24 orduko dedikazioa dutelako, karga mental handia eta eragin fisiko eta psikologikoak. Soldatapeko lana dutenek kontziliazio arazo larriak ere badituzte.

Gaixotasunak tarteko daudenean, egoera aunitz larritzen da eta lan zama areagotzen da. Ez dago ikuspegi prebentiborik eta egoerak eztanda egiten duenean urgentziaz jotzen dute zerbitzuetara. Hori aldatzeko, garrantzitsua da prebentzio lana egitea, baita baliabideen sozializazioa ere, aldarrikatu dutenez.

Mendekotasun balorazio prozedurak motelak dira, eta erabat burokratizatuak daude. Hori aldatzea ez dute erraza ikusten, baina tokiko erakundeek prozeduretan laguntzen ahal dutela planteatu dute.

Gizarte zerbitzuen balorazio baikorra egiten dute erabiltzaileek. Hala ere, zerbitzuak hedatu eta hobetu behar direla uste dute.

AMATASUNA

Gurasoak gonbidatu zituzten ikerketara, baina amak bakarrik etorri ziren. Hori bera bada datu esanguratsu bat. Gizonen absentzia nabarmena da. Lan zamarik handiena emakumeek dute eta gizonen erantzukidetasuna falta dela diote, baita parte emozionalean ere.

Jaso dutenez, haurdunaldia eta erditzea ikusezinak dira, eta baliabide publikoak ez dira aski. Indarkeria obstetrikoaz ere gero eta kontzientzia handiagoa dago, eta erditzearen beldur da ama aunitz. Erditzeondoa eta edoskitzea, berriz, epaiak zeharkatzen ditu.

Ama izateak enpleguan zigor handiak eragiten ditu, eta isolamendua ere badakar. Sare berrien beharra agertu da.

ADINEKO PERTSONAK

Alabak dira adineko pertsonen zaintzaile nagusiak. Aunitz etxean artatzen dituzte, haien desioa betez. Zerbitzu batzuk erabiltzeko orduan lotsa nagusitzen dela ohartu dira eta, hori gainditzeko, garrantzitsua ikusten dute inongo zerbitzurik ez estigmatizatzea.

Aunitzek bakardadea sentitzen dutenez, etxez etxeko laguntza zerbitzua akonpainamendurako eskaintzea proposatu dute. Bertzalde, zerbitzuen zentralizazioa kritikatu dute eta landa eremuko herritarrek eskubide berak dituztela aldarrikatu dute.

2019ko Martxoaren 8an Bilbon egindako mobilizazio erraldoia. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Zaintzaile profesional gehienak emakumeak dira Bortzirietan, klase baxu eta ertainekoak, eta geroz eta gehiago atzerritik etorritakoak. Gehienek bertzelako zaintza ardura batzuk dituzte, bertan edo jatorrizko herrialdean, eta ez dute beren lana behar bezala aitortua sentitzen.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA

Zazpi emakume ari dira lanean etxez etxeko laguntza zerbitzuan (hiru jardun osoan). 40 pertsona artatzen dituzte eta gehienez bi orduko zerbitzuak eskaintzen dira. Familientzako zerbitzu mugatua da, baina aldi berean arnasa.

Arreta ereduak kezka sortzen du, ezin baitute beti pertsona ardatz duen zaintza eskaini. Eragin fisiko eta emozional handia sentitzen dute, gainera. Aldiz, lan baldintzekin eta koordinazio ereduarekin konforme daude.

ADINEKOEN EGOITZAK

Bi egoitza eredu ezberdin daude Bortzirietan eta bietan aldaketa prozesuan daude: Beran, lan baldintzak hobetzeko, eta Lesakan, barne antolaketan. Bi egoitzak dira txikiak. Lesakakoa irekia da; Berakoa, aldiz, itxiagoa, erabiltzaileen mendekotasun maila hagitzez altuagoa delako. Bietan dabiltza erlojuaren kontra, denbora faltan, bereziki Beran.

Alde ona da herrian errotuak daudela. Kokagune aproposak dituzte eta horrek aukera ematen du adinekoak komunitatearen parte izateko.

Atzerritartasun Lege Organikoak eta Etxeko Zerbitzuaren Errege Dekretuak erabat baldintzatutako errealitate ezkutua da etxeko langileena. Bortzirietan profil ugari daude: internak daude, orduka lan egiten dutenak, bertakoak zein atzerritik etorri direnak.

Atzerritik etorritakoen kasuan, distantziara ama izateak eragin handia du. Egoera emozional hauskorrean jartzen ditu emakumeak.

Landa eremuan dauden erronkak agerikoagoak dira etxeko langileen kasuan: garraio arazoak dituzte, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta zerbitzu eskasia. Hala ere, hurbiltasuna eta harrera egokia jaso dutela diote.

Euskara ikastea nahia eta desioa da. Zailtasun handiak dituzte horretarako, ordea.

ETORKIZUNERAKO PROPOSAMENAK

Herritarrekin egindako lan saioetatik eta kolektiboekin izandako elkarrizketetatik etorkizunerako erronka eta proposamen batzuk zehaztu dituzte. Lehenik eta behin, zaintzak erdigunean kokatzeko egiturak sortu behar direla aldarrikatu dute, gaur egun ez baitago zaintza sistemarik, irlatxoak baizik. Berariazko egiturak eraikitzea da erronka, komunitatearekin uztartuta.

Zaintza mahaiak sortzea, mankomunitateen elkarlana eta koordinazioa aztertzea, aurrekontuak zehaztea eta Nafarroako Zaintza Ituna sinatzea proposatu dute. Nagore Huegun Berdintasun teknikariak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak apustua egin du lehen kontziliazio ituna zena zaintza itun izan dadin, ikuspegi feminista kontuan izanik. 2026rako dago aurreikusia horren aldeko pausoak ematea.

Baliabide ekonomikoez gain, eragile eta norbanakoek konpromiso zehatzagoak hartzeko aukera emanen du itunak.

Arreta eredua eta zerbitzuak hobetzeko, pertsona ardatz duen arretarako trantsizioa planteatu dute. Zerbitzuen ezagutza hedatzea, horien dibertsifikazioa eta zabalpena; erresidentzien kudeaketa eredua aztertzea; haurren zaintza zerbitzuak hedatzea; erditze ondoko arreta eskaintzea; eta hezkuntzan zaintzaren pedagogia zabaltzea.

Zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetze aldera, topaguneak sortzea, garraioaz hausnartzea, etxeko langileen egoeraz sentsibilizatzea eta gizonen absentziari aurre egiteko estrategiak lantzea proposatu dute.

Saretze komunitarioa indartzeko, bakardadeen gainean gogoetatzea, orotariko zaintza beharrak asetzeko akonpainamendu eta sareak sustatzea, auzolanaren kultura hedatzea, euskara ikasteko baliabide publiko eta komunitarioak sortzea eta jantokiez hausnartzea izan daitezke ekintza interesgarri batzuk.

Huegunek adierazi duenez, hemen ez da deus bukatzen. Errealitatera hurbildu dira, beharrak atzeman dituzte, eta horiek betetzeko eta egoera hobetzeko, akordio zabalak eta konpromiso irmoak hartzeko abagunea sortzea da orain duten eginbeharra.



Zahartze indizea handiagoa da landan

Bortziriak landa eremua dira, eta badituzte zenbait berezitasun. Landako emakumeak nekazariak izan dira nagusiki. Baserriek emakumeei esker funtzionatu dute, langile nekaezinaren ideiari lotuta. Etxea zaindu dute, bertan bizi ziren guziak, ingurua zaindu dute eta baserriko lanak ere eraman dituzte aitzinera. Industrializazio prozesuak, ordea, eraiki zuten kultur ondare aberatsa baztertu zuen eta emakume landatarrak zokoratu zituen.

Faktore demografikoak ere badaude. Haur gutxiago jaiotzen da, gazteek landa eremua utzi dute, eta jendea gero eta gehiago bizitzen da. Ondorioz, zahartze indizea Nafarroako batezbestekoa baino dezente handiagoa da Bortzirietan. Horrek zaintza lanen pisua handitzen du eta aunitzetan bertze emakume batzuen kontrataziora jotzen da. Gehienetan migratu duten emakumeak daude zaintza lan profesionaletan.