2025 EKA. 21 - 00:00h Gazte gazatarren ahotsa zabaltzeko sortu zen proiektua liburu bihurtu dute We Are Not Numbers (WANN) proiektua 2014an jarri zuten martxan Ahmed Alnaouq-ek eta Pam Bailey-k, Gazako gazteei ahotsa emateko eta haien egunerokotasuna lau haizeetara zabaltzeko. Orain, urrats bat gehiago egin dute eta, genozidioaren erdian, testigantza horiek liburu batean bildu dituzte. Gaza Hirian suntsitutako etxebizitza bat. Irudia pasa den ekainaren 3an eginda dago. (Abdullah Abu Al-Khair/APA Images / DPA | EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi Gazako gazteei ingelesez trebatzeko eta, bide batez, lana bilatzeko baliabide gehiago eskaintzea, haien egunerokotasuna Gazatik kanpo ezagutzera emateko eta aurreiritziak apurtzeko. Hitz gutxitan esanda, haien ahotsa lehen lerroan jartzeko jaio zen 2014. urtean We Are Not Numbers. Proiektu honen atzean bi pertsona daude, Pam Bailey eta Ahmed Alnaouq. Bata estatubatuarra da, bestea gazatarra. Bailey formakuntzaz kazetaria da, enpresa-konglomeratu batean lan egiten zuen presidenteorde gisa. Lanpostu hori, ordea, ez zetorren bat bere izaera eta baloreekin. Aldaketa baten beharra sumatzen zuen bere barruan. Halako batean, gerraren kontrako CODEPINK erakunde amerikarrak Gazara zihoan emakume ordezkaritza batean parte izateko gonbita luzatu zion 2009. urtearen hasieran. Eskualdera egingo zituen bidaia askoren lehenengoa izan zen hura. Hoteletan baino, bertako familien etxeetan ostatu hartzea erabaki zuen bidaia guztietan. Behin, gonbidatuta zegoen urtebetetze festa batean, Ahmed Alnaouq gaztea ezagutu zuen. Ingeles literatura ikasten ari zen unibertsitatean. Estatu Batuetara bueltan, Facebook bitartez harremanetan jarraitu zuten. 2014ko uztailaren 8an, Israelek «Hegi babesgarria» deitu zuen operazio militarra hasi zuen. Ordura arte egon ziren erasoaldien artean bortitzena izan zen. Uztailaren 19an, Alnaouqen anai bat, Ayman, eta haren lau lagun misil batek hil zituen. Beste bi anai eta bost arreba eduki arren, Ayman zuen gertukoena, bere hitzetan «berezko lider» bat. Haren heriotzak depresio batean sumindu zuen. Bailey horretaz jabetu zen egun batetik bestera Facebook-en ohikoa zuen maiztasunarekin idazteari utzi ziolako. Zokogunetik ateratzeko, anaiari buruz idaztea proposatu zion. Hasieran, Alnaouq beldur zen Baileyk bere anaia «terroristatzat» hartuko ote zuen, Palestinaren askapenerako mugimendu bateko kidea zela jakiten zuenean. Baina ordurako, Bailey Aymanen beste aurpegi bat ezagutzen zuen: anai, bikote, langile… gisa. Hiru hilabetez egon ziren «Aymanen istorioa» osatzen; Alnaouq anaiarekin partekatu zituen pasadizoak ingelesez idazten, eta Bailey horiek zuzentzen eta bueltan bideratzen. Behin bukatuta, zerbait «magikoa» sortu zutela sentitu zuten biek. Idazketa prozesuan, Alnaouq-ek ingelesez idazteko trebetasuna unibertsitatean ikasita baino gehiago hobetu zuen. Aldi berean, idazketa prozesua terapia moduko bat izan zen: doluari, minari, bakardadeari… hitzak jartzeko aukera eman zion. Eta Baileyk Palestinari buruz zuen ezagutza sakondu zuen. PROIEKTUAREN HAZIA «Gazte askok senideren bat, lagunen bat edo maite duten norbait galdu dute Israelen erasoaldien ondorioz. Zergatik ez dugu Ahmed eta bion artean idazten sortu dugun magia hori zabaltzen? Zergatik ez diegu bere egoeran egon daitezkeen beste gazte gazatarrei idazteko aukera bera ematen?», proposatu zien egun batean Baileyk gertuko lagunei. Horixe izan zen We Are No Numbers proiektuaren hazia. Ramy Abduk, Euro-Mediterranean Human Rights Monitor gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak, laguntza eskaini zien. Bulego bat uzteaz gain, soldatak ordaintzeko eta webgunea martxan jartzeko diru-sarrerak eman zizkien. 2016an, Israelek Bailey Gazatik deportatu zuen, eta itzultzea debekatu zion. Abdu Turkiara joan zen, eta Gazara itzultzea debekatu zioten honi ere. Alnaouqek Britaina Handian ikasteko Chevening beka irabazi zuen. Berari ere Gazara itzultzea debekatu zioten. Egun, Londresen bizi da eta WANNen nazioarteko zuzendaria da. We Are Not Numbers proiektuaren parte diren idazlegai gazatar gazteen taldeko argazkia. (WE ARE NOT NUMBERS) Kazetari, irakasle, idazle eta komunikazioan adituak ziren hainbat boluntariorekin harremanetan jarri ziren, proiektuarekin bat egiten zuten gazatar gazte horien mentore bihurtzeko. Hamarkada honetan, osotara, herrialde desberdinetako 162 profesional ibili dira boluntario lana egiten 385 gazteren mentore gisa. Harreman hori Israelek ezarritako blokeoa eta isolamendua apurtzeko baliagarria izan da, baita palestinarrei buruzko aurreiritziak apurtzeko ere. Mentoreek lan erreferentziak eman dituzte, idazleei atzerrian bekak irabazten lagundu diete eta, orain, genozidioaren testuinguruan, dirua biltzen lagundu diete, Egiptora edo atzerrira ihes egiteko eta familiei laguntzeko. We Are Not Numbers taldeko kideak hemezortzi eta hogeita bederatzi urte bitarteko idazlegaiak dira. Gazako biztanleen %21ek 15 eta 24 urte bitartean ditu, eta genozidioa hasi aurretik, %60 langabezian zeuden. Hori dela eta, askok ingeles literatura ikasten zuten unibertsitatean, nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiteko edo atzerrian ikasketa bekaren bat lortzeko esperantzarekin. Liburuaren hitzaurrean Alnaouqek eta Baileyk nabarmentzen dutenez, egitasmoaren «helburu nagusia idazle eta pentsalari palestinarren belaunaldi berri bat sortzea izan zen, euren hitzen boterea balia zezaketenak zapalkuntzari aurre egiteko eta iritzi publikoan eragiteko. Zentsurarik eta bitartekaririk gabe, palestinarren narratiba ezagutzeko leiho bat da We Are Not Numbers». 2015eko maiatzean publikatu zuten lehenengo lana. 2024ra bitarte, 323 gazteren 1.300 idazlan baino gehiago argitaratu dituzte. ASKOTARIKO GAIAK Jorratutako gaiak askotarikoak dira: heriotza, erbestea, elektrizitate falta… baina baita haur baten jaiotza ospatzeko egiten diren bilkura festak ere. Kaleratu berri duten liburua saiakera, poema eta idazlan onenen bilduma bat da. Atal bakoitzak urte bat islatzen du. «Istorio, olerki eta saiakera horien bidez, irakurlea Gazako eguneroko bizitzan murgiltzea nahi genuen. Fokua ez genuen soilik Israelen erasoaldietan jarri nahi, baizik eta eguneroko erronketan eta plazeretan. 2023 eta 2024 urteetako kontakizunak ere badaude, askok irakurri nahi dituztenak, albistegietan entzuten diren gertaerak hobeto ulertzeko. Saiakera bakoitzaren amaieran, idazle bakoitzari buruzko eguneratze bat partekatu dugu. Hala ere, eguneratze hauek 2024ko azarora arte bakarrik eginda daude», azaldu dute. Idazlegai horietako askok beraien ametsak betetzea lortu dute. Esaterako, Mosab Abu Toha egun nazioarte mailan poeta eta saiakera-idazle ezaguna da; Said Alyacoubi zirujaua da Britainia Handian; Issam Adwan Associated Press agentziako kazetaria da, eta Hind Khoudary Al Jazeerako kazetaria da Gazan. Egunero genozidioari buruz egiten dituen kronikek oihartzun handia dute, nazioarteko hedabideek aipatu ohi dituzte. «We Are Not Numbers gerra garaian jaio zen, eta gerran jarraitzen dugu. Erasoaldi hau, ordea, ez da 2014. urtekoa bezalakoa arrazoi askorengatik; batetik, iraupenagatik, eta bestetik, auzoak bere osotasunean, azpiegitura zibilak eta eremu desberdinetako profesionalak -medikuak, irakasleak, kazetariak, kirolariak...-, ezabatzeko duten helburuagatik. Israelen planak garbiketa etnikoaren antz handiagoa du Hamas zapaltzailearena baino», adierazi dute Alnaouqek eta Baileyk. We Are Not Numbers liburuaren azala. (WE ARE NOT NUMBERS) 2023ko urriaren 22an, aire eraso batek Alnaouqen familiaren etxea jo zuen Deir al-Balahn. 21 senide galdu zituen, tartean 75 urteko aita, bi anai, hiru arreba, horien seme-alabak, osotara 12 adin txikiko, eta lehengusina bat. Soilik bi arreba atera ziren bizirik. Ezer egin ezinda jaso zuen bonbardaketaren berri Londresen. Genozidioa eta elektrizitate mozketa etengabeak gorabehera, historia eta testigantza berriekin elikatzen jarraitzen dute We Are Not Number proiektuaren web-orria. AYUMAN GOGOAN «Orain, lehen baino hiru aldiz gehiago argitaratzen dugu. Gure idazle gehienek etxeak eta ordenagailuak galdu dituzte, eta ez dute Interneterako konexiorik edo elektrizitaterik. Baina mugikorretan idazten dute, eta egun luzeetan zain egoten dira Interneterako konexioa izan arte, idazkiak guri bidaltzeko. Hilero 35-40 istorio argitaratzen ditugu. Gazako historiaren kronika egiten ari gara, ez datu eta estatistikekin, baizik eta jendearen bizipenekin. Ez da proiektu politikoa: giza proiektua da», helarazi du Alnaouqek. Lehenengo kapitulua bere anaia gogoratuz egin zuen idazlana da. «Ayman: munduarentzat zenbaki huts bat, niretzat, nire anaia eta lagunik onena» du izenburua. Hitz hauekin gogoratzen du: «1991ko urtarrilaren 28a oso egun zoriontsua izan zen nire familian. Lau urtez saiatzen aritu ostean eta lau alaba eduki ondoren, nire amak bigarren mutiko bat izan zuen. Ayman deitu zion, ‘zintzotasuna’ esanahi duena. Nire amak ez zuen uste zoriontasunak negarra eragin zezakeenik, baina Ayman jaio zenean, posible zela deskubritu zuen, pozaren pozez negar egin baitzuen. Bere irribarrearengatik ezaguna egin zen; egoera zailenetan ere, irribarre egiten zuen». «Bigarren Intifadak eztanda egin zuenean 2000. urtean, Aymanek heriotzari aurrez aurre begiratu zion. Lagunekin jolasten ari zela, tanke israeldar bat errepidearen erdian gelditu zen eta tiroka hasi zen. Bost lagun hil zituen eta beste hamaika zauritu. Haien krimen bakarra tankearen bidean jarri izana izan zen, baina beste edozein umek bezala, jolastu besterik ez zuten egin nahi. Horrelakoa zen, eta da, bizitza Gazan. Handik bost urtera intifada amaitu zenean, bizirik atera izanagatik zorionekoak ginela jabetu ginen. Ehunka palestinar hil edo zauritu zituzten intifada garaian, eta milaka etxerik gabe gelditu ziren, Israelgo Armadak suntsitu zituelako». 2008an Israelek Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuen, «1.300 pertsona hil zituen eta beste 5.000 zauritu, gehienak zibilak. Erasoaldia izan zenean, Ayman oraindik institutuan zegoen. Bera bezalako 340 haur hil zituen Israelek eta Ayman horren lekuko izan zen. 17 urte besterik ez zituen. Ez zen gai ikasketetan arreta jartzeko; hala ere, nota onak ateratzen jarraitzen zuen. Gerra amaitzean, Israelek blokeoa estutu zuen. Ezin genuen gasa, ura, petrolioa edo elektrizitatea eskuratu. Gure familiarentzat egoera bereziki gordina izan zen, aita taxi gidaria baitzen eta ezin baitzuen inon ere fuel-oliorik aurkitu. Blokeoak ehunka urte atzera eraman gintuen. Egurra eta guzti erabili behar izan genuen janaria kozinatzeko. Aymanek familiari eta bizilagunei laguntzeko modua aurkitu zuen, eta Nazio Batuetako eskola batean Finantza-kudeaketako diplomatura lortu zuen». 2012an, Israelek Gaza zortzi egun luzez inbaditu zuen berriro. Horien ostean, Ayman ez zen pertsona bera izan. Aita larri gaixotu zen eta bihotzeko ebakuntza egin behar izan zioten. Ayman familiaren sostengu bakarra bihurtu zen». 21 urteko Menna Hamouda artista gazatarrak Deir al-Balah-ko eskolako paretetan margotutako murala. (DPA / EUROPA PRESS) 2014ko uztailean, Israelen hirugarren erasoaldia hasi zen. «Hasieratik, ospitaleei, meskitei eta eskolei eraso egin zien. Nazioartean debekatuta dauden arma mota guztiak gure kontra probatu zituen, familia osoak hil zituen. Hilerriak eta guzti bonbardatu zituzten. Gaza familien eta haurren odolean itotzen ari zen. Aymanen barruan, ezinegona eta amorrua handitzen joan ziren, eta erresistentzia armatuarekin bat egin zuen. Uztailaren 19an, beste erasoaldi batean suntsitutako eraikin batean zegoen kide batzuekin. Misil batek bilduta zeuden lekua suntsitu zuen. Begiak ixten ditudan bakoitzean, bere aurpegia ikusten dut», dio Alnaouqek. Azkeneko kapitulua, berriz, Huda Skaik idatziriko poema bat da, «Tell them» -«Esaiezu»- izenburupean. Horrela dio lehenengo estrofak: «Esaiezu, esaiezu, gu zenbaki huts bat baino gehiago garela, heriotza-zerrenda batean isildutako oihartzunak baino gehiago garela, gu familiak gara, maitasunak batzen gaituen familiak, lagunak gara, genituen esperantzen itzalen artean bizi gara». 2024ko azarora arte, hamaika aldiz aldatu behar izan zuen lekuz. Testuinguru zail horretan, ikasketak online bukatu ahal izateko saiakera egiten ari zen. KLEIN, ALBANESE... Liburuak -momentuz ingelesez bakarrik dago eskuragarri- kritika oso onak jaso ditu, horien artean, Naomi Kleinena: «Maitasunez idatzitako hitzekin eta istorioekin, We Are Not Numbers-eko egileek Israelgo apartheidaren harresian zirrikituak ireki dituzte, Gazako setiopeko bizitzaren ezinezko errealitateetara gonbidatuz irakurleak. Testigantzen sinfonia berezi hau ekoizteko behar den guztia egiteko konpromiso kolektiboa agerikoa da orrialde bakoitzean. Ihesa eta miraria da liburu hau», idatzi du. 2013ko Granta Best Young British Novelist saria irabazi zuen Jenni Fagan poeta, nobelagile eta gidoilari eskoziarraren aburuz, liburuak jasotzen dituen istorioak «boteretsuak, humanoak eta heroikoak dira, palestinarren ahotsek indarra hartzen dute. Uste dut hau dela gaur egun argitaratu den idazki bildumarik garrantzitsuena. Munduak ezagutu behar duen liburua da. Irakurri eta berrirakurri poema eta kontakizun hauek. Aberatsak dira izpirituz, adimenez, talentuz, bihotzez, arimaz, eta, aldi berean, historia kontatzen dute hura bizitzen ari direnen bidez. Sakonki hunkitzen nau bilduma honetako idazleen eskuzabaltasunak, haien ahotsak askotan horiek batere entzuteko gogorik ez duela dirudien mundu batekin partekatzen baitituzte. Erosi eta partekatu», esan du . Bangladeshko idazlea eta nobelagilea den Monica Aliren hitzetan, «gazte palestinar arrunten borrokak eta sufrimendua agerian uzten dituen ahots bilduma bikaina da. Eta are garrantzitsuagoa dena, agerian uzten ditu haien gizatasuna eta duintasuna, eta heriotzaren eta suntsipenaren aurrean duten itxaropena». Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko Palestinako giza eskubideen egoerari buruzko errelatore berezia ere mintzatu da liburuaren gainean. «We Are Not Numbers 2019tik ezagutzen dut. Idazketa askapen modu gisa hartu duten gazte distiratsuak, bai beraientzat, bai munduarentzat, Gazaren mundu mailako ikusezintasunari aurre egiteko», plazaratu du.