2025 UZT. 05 - 00:00h Askatasun haizea «Euskal Herria krisian» liburuaren aurkezpen ekitaldian, 1999ko abenduaren 16an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Andoni Olariaga Azkarate eta Jon Jimenez Martinez, filosofoak Ondo dago guardia zibil bat hiltzea?». «Zer zara lehenago, abertzalea ala demokrata?». Halako galdera probokatzaileekin hasten zituen Joxe Azurmendik unibertsitate klase asko eta asko. Orain buruan izan dezakezun erantzun arrazionala, afektibo edo ideologikoa ez zitzaion interesatzen, ordea, ezpada galderek sortzen zituzten hausnarketaren ekosistemak arakatzea. Horrela ulertzen baitzuen filosofia Joxek: auziak testuinguruan jarri, gizartearen balio historikoen erroak eta aldaerak kritikoki aztertu eta azaleratu, pentsamendu sistema historikoekin alderatu, hausnarketa psikologiko eta antropologikoa egin, eta pentsamendu sare horretaz hausnartzeko ariketa bezala. Filosofia, pentsamenduaren pentsatze erradikal eta kritikoa, esentzialismotik, erredukzionismotik eta puntu arkimediko guztietatik harago. Filosofia mailukadaka egitea maite baitzuen Joxek, behinola Nietzschek bezala. Ideiak hartzea eta haien jatorria eta ondorioak arakatzea, zirujauaren zehaztasunaz. Askatasunaren pentsalari bezala, modernitatetik heredatutako dualismo, dogma eta metafisiketatik at askatasuna nola pentsatu aritu baitzen une oro. Joxe irakasle izan zuen azken belaunaldia izan zen gurea. Bere ikasleak gara, zentzu guztietan. Eta, etenik gabe, belaunaldi berriak ere batu dira bere ur-jauzira. Mundu ikuskera oso bat heredatu digu, mundua interpretatzeko eta munduan egoteko modu bat. Errotiko askatasunaren aldeko jarrera, inkisizio moral eta politikoaren kontrako ikuspegia; erlatibismoaren alde, dogmaren kontra. Tabu gutxi izan baitzituen eta, arinkeriaz beteriko garai honetan, haren ekarpenaren sakontasuna eta zabaltasuna oztopo eta aitzakia bihur ez daitezen, pentsalari osoaren aldarrikapena egin behar dugu. Inork alboan uzteko tentaldia badu ere, aipaturiko erlatibismoa, biolentzia eta ‘kondenamania’ edota gizakiaren animaltasun ireki guztizkoa bere obraren jatorri eta zerumuga ulertzeko ezinbestekoak baitira. Hegoak ebakita ez da txoririk. Desesperantzaren lurrak jotako belaunaldi batean munduratu zen Joxe. Frankismoaren hertsitasunak eraman zuen askatasunaren iturriaren bila. Hala, frantziskotar kide zenbaitzuei esker, Arantzazun berreuskaldundu eta Erriberrin, Arturo Campion gidari, abertzaletu zuen bere burua. Ibilbide horren justifikazioa izango da bere lanaren parte handi baten leitmotiv-a; Frantziaren eta Espainiaren batasun sakrosantuaren izenean ari direnek aurkakoa badiote ere, nazio kulturala eta nazio politikoa banandu ezinak direla aldarrikatu zuen maisuki. Erriberririk gabe ez da Arantzazurik. Eta alderantziz. Liburuetako Azurmendi, Azurmendi irakaslea eta Azurmendi laguna pertsona berbera izan dira: zorrotza, iradokitzailea, bere ezagutza entziklopedikoaren tamainako umiltasun eta eskuzabaltasunezkoa. Halaxe eskaini zien Filosofia lizentziatura bukatu gabe zuten bi gazte zorori bere etxea zen “Jakin”-en liburu bat idazteko eta publikatzeko aukera. Eskuzabaltasuna eta emaria, transmisioa eta belaunaldi berriekiko apustua. Filosofiaren arlo nagusi eta egile guztiak arakatu zituen: Antzinaroa, Erdi Aroa, Errenazimentua, pentsamendu modernoa eta, noski, bertako pentsamendu historikoa ere. Bere iturriak modernoak izan arren, gaur egungo mundu ikuskera dekolonial, feminista eta marxismo berriekin erabat uztargarria da bere pentsamenduaren ekosistema. «Apunteak hartzen dituen irakurle bat baino ez naiz», esaten zuen behin eta berriz. Baina bere produkzio intelektual bakoitza Euskal Herriaren momentuko gatazka, kezka eta korapiloak pentsatzeko “apunte” entziklopedikoak dira. Ez inor haserretzeko asmoz, ezta inor kontentatzeko gogoz; bai guztiok pentsarazi eta mugiarazteko intentzio osoz eginak. Abertzaletasunaren eta marxismoaren hertsitasunak seinalatu zituen, elegantziaz beti. Horrez gain, Euskal Herriaren problemak eta bere “pirata pareak” beste tokietako pentsamenduekin jartzen zituen elkarrizketan. Izango da, horregatik, batzuentzat, pentsalari nazionalista “soil” bat, edo gai “konkretuez” eta ez “unibertsalez” aritu den pentsalari bat. Joxerena, baina, txatalez jositako unibertso aberats, anitz eta oso bat biltzen duen filosofia da. Herri baten pentsalaria dugu Joxe, pentsamenduaren eta kulturaren aktibista nekaezina. Euskal Herria eta bere pentsamendua subjektu bilakatzen lagundu diguna, azpiratuaren lekua eta begirada inbertituz. Modernitatearen puskailetan ibiltzera kondenaturik gaudela erakutsi zigun eta, gida moduan, mapa andana zirriborratu zizkigun. Kontzientzia eta pentsamendua askatzeko ahalegin etengabean, moral kristauak, estatuaren biolentziek eta dogmek eta metafisikak kateatuta duten gizarte honi askatasun amiñi bat sartzen ahalegindu zen. Baita lortu ere. Mila esker guztiagatik, Joxe. EUSKAL HERRIA KRISIAN (1999) «Pentsatu, pentsa dezaket, biolentzia legitimoa dela, izan, baina ahulak eta gutxi garela, sufrimendu gehiegi kostatzen dela, etc.; edo pentsa dezaket, momentu honetan Europan agintzen duen sentsibilitateak ez lukeela ongi ulertuko askapen mugimendu biolento bat; edo izan ninteke Mirandetar bat soil, ideietan ausarta eta ekintzetan uzkurra: nolanahi ere, finean, borroka armatua ez dela egokiena, edo neuk egitendakidanerako behintzat egokiagoa dudala legezko lehian saiatzea, erabakitzen dut. Ez dut biolentzia kondenatu egiten. Hautu ez biolentoa da neurea, halere, berdin da zergatik, eta biolentziarik ez dut praktikatzen. Zein Estatuk eta San Pedrok esijitu behar dit, eta demokrata baldin bada are gutxiago, neure hautu hori beste guztientzat ere zilegizko bakarra kontsideratzea? Biolentziaren aurka arrazoi etiko edo erlijiosoengatik egotea -“printzipioz” alegia-, eta arrazoi intimo horiek aldarrikatu egin behar izatea gainera? Lapurtzen ez dudan bitartean, poliziaren eta kartzelaren beldurragatik bakarrik bada ere, Estatuari zor diodan guzti-guztia nahikoa konplitzen dut. Estatuak eta politikoek ez daukate zergatik ezer gehiago eskatu, eta gutxien-gutxiena daukate zergatik nire kontzientziaren barruan ezertarako sartu.Baina ezagun du, beste mila gauzatan ikusten den bezala, hemen berdin: Espainia Eliza bat da, eta horko politika erlijio katoliko apostolikoa. Ideiak, denak libre daudela demokrazian, esaten da gero! Hemengo hau zer kultura demokratiko den, galdetu behar.»