2025 UZT. 05 - 06:00h Duela 40 urte hil zen Paulino Uzkudun, Euskal Herriak eman duen boxeolaririk onena Gaur bete dira 40 urte Paulino Uzkudun boxeolari errezildarra zendu zenetik. Euskal Herriak inoiz eman duen boxeolaririk garrantzitsuena da eta pisu astunen kategorian aritu zen. Falangista zen eta frankismoaren aldeko propagandarako erabili zuten gerraostean. Paulino Uzkudun, erdian. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Paulino Uzkudun Eizmendi Errezilen jaio zen, Gipuzkoan, 1899ko maiatzaren 3an, eta Madrilen hil zen gaur 40 urte direla, hots, 1985eko uztailaren 5ean. Euskal Herriak eman duen boxeolaririk garrantzitsuena da eta pisu astunen kategorian ibili zen. Halaber, falangista izaki, 36ko gerraren ostean frankismoak propoagandarako erabili zuen. Bederatzi anaia-arrebaren artean gazteena, gaztetan aizkora probarekin hasi zuen kirol ibilbidea. Boxeoari ekinda, Uzkudunek bere garaiko munduko txapeldun Joe Louis, Max Baer, Max Schmeling eta Primo Carnera izan zituen aurkari hainbat borroka sonatutan. Erretiratu zenean, guztira 50 garaipen (34 KO), 17 porrot eta 3 berdinketa zituen; hau da, 70 borroka egin zituen. Boxeolari bizkorra zen eta haren ezker gantxoarekin orduko pisu astun indartsuenei gailendu zitzaien. Harry Wills famatua erretirarazi zuen, 1927ko uztailaren 13an lau asaltotan irabazi zionean. Uzkudun bere karreran behin baino ezin izan zen borrokatu munduko titulua lortzeko, 1933ko urriaren 22an, Italian: Primo Carnerak puntuka irabazi zion hamabosgarren asaltoan. 1933-1934 denboraldietako udan, Uzkudun Rocky Pointen, New Yorken, entrenatu zen. Franklin Rosaliarekin sparring saio bat egiten ari zela, hark Uzkudun eraitsi zuen eta ezuste hark eragindako etsipenak erretiratzera bultzatu zuen. 1935eko abenduaren 13an, ordea, boxeora itzuli zen, Madison Square Gardenen Joe Louisekin borrokatzeko. Laugarren asaltoan, Louisen eskuin uppercutak Uzkudun lurrera bidali zuen, eta arbitroak borroka amaiarazi zuen, nahiz eta Uzkudunek borrokara itzuli nahi izan. Uzkudun oso indartsua zen, inoiz ez zuten eraitsi haren azken borroka profesionaleraino. Kirol ibilbideaz gain, aipatu beharra dago falangista zela eta, beraz, 36ko gerran nazionalen bandoan borroka egin zuela. Halaber, gerraostean frankismoaren propagandarako kirol izar bihurtu zen. 1976an, paralisiak eraginda, bizitza publikotik erretiratu zen. Arteriosklerosiak makuluak erabiltzera behartu zuen, eta 1985ean Madrilen hil zen.