2025 UZT. 12 - 00:00h Ihesaldiak Izaro Zinkunegi Ihesaldien kontakizunekin hasi dugu uztaileko bigarren astea. Astelehenean, San Fermin egunez, lau hamarkada bete ziren Pitik eta Sarrik Martuteneko espetxetik hanka egin zutenetik, Imanol Larzabalen kontzertuaren ondoren, bafleetan ezkutatuta. Urteurrena aitzakiatzat hartuta, 7K astekarian gertatutakoaren kontakizun xehea egin dute. Tartean, Kortaturen abestiak aipatzen duen zuzeneko irrati haren eta bertako esatarien bila ere aritu dira. Ordea, badirudi nola batak hala besteek ere ihes egin zutela, ez baitago haiei buruzko informazio zehatzik. Eta, irratia aipatuta, Martuteneko ihesaldi gogoangarri hura ez ezik, bestelakoak ere izan dira albiste uhinetan aste honen hasieran. Iragan asteburua erabakigarria izan da Espainiako bi alderdi nagusientzat. Eta, biei ala biei ihes egiteko traza har dakieke: PSOEk aurrera egin nahi du ihes, begiak itxita; itsasontziko kapitaina prest dago horretarako, hala esan du, azkenaldion ontzia ia hondoratu duten olatuei jaramon handirik egin gabe. PP alderdiak, ostera, atzera egin nahi du ihes, begiak itxita horrek ere, espainiar estatuan oraindik orain ondo errotuta dauden autoritarismoa eta eskuineranzko noranzkoa ipar izanik. Inoiz baino gehiago, ihes egiteko giroa dago espainiar estatuan. Pitik eta Sarrik ihes egin zutenean ez ezik, egun ere ustel usaina baitario. Martuteneko gertakari gogoangarri hura baino hamarkada bat lehenago ondo lotuta utzi zuen frankismoak bere oinordekotza. Eta egun, gero eta ageriago daude orduko korapilo haiek. Horregatik, ihes egiteko aukerei ateak irekitzearen alde egin beharko genukeela nago iritzita. Zerbait hobearen bila. Elkarrekin. Aldeko itsasoarekin. Begiak parez pare irekita. Eta, ahal bada, konta dezatela irratian, zuzenean. Politikan ez ezik, iheserako aldia izan ohi da uda ere, jendartean, hainbatentzat. Luze egindako ikasturteari ihesi gabiltza, hark berriro noiz harrapatuko. Urrutiko txokoak izango ditu zenbaitek jomugan; maleta handiak eta egonaldi luzeak. Beste batzuek, berriz, gertuko bazterrak bilatuko dituzte; bizkar-zorro arinak eta joan-etorri laburrak. Bada hango eta hemengo parrandetan ihes egitea bilatuko duenik ere; gauari ihes, egunsentiak harrapatu bitarte. Nik, ihesaldi luze bat egin ordez, aldi labur batez ihes egiteko asmoa nuen buruan uztaileko opor astean. Eta, nolakoak diren gauzak... haiek iritsi baino pare bat egun lehenago hasi dut ihesaldia, hala espero gabe: sakelako telefonoak galdu ditut (bat gutxi ez, eta bi, gainera). Eta, zilegi izan ala ez, ihes beterako aukera izan daiteke halako egoera bat. Izan ere, ez al litzaiguke ederki etorriko tarte batez askotariko sareetatik deskonexio pixka bat izatea? Haatik, itoalditik gehiago izan du nire ustekabeko ihes telefonikoak. Horregatik, bazterrak presaka astindu eta bi telefonoak berreskuratu ditut egun baten buruan, oporrak ate joka izan arren, zer gerta ere. «Ihes egiteko era guztien artean, gutako bakoitzak aukeratua du berea; eta zuk zeurea». Halaxe dio Anariren abestiak. Banakako ihesaldiak. Ihesaldi kolektiboak. Askotarikoak izan ohi dira ihesak. Aldi baterakoak. Ihesaldi betierekoak. Oroimenean gordetakoak. Ahanzturan galdutakoak. Norberak bilatutakoak. Halabeharrez iritsitakoak. •