GAUR8

«The war is over»

Behark estudioaren proiektua Soraluzen. (BEHARK ESTUDIOA)

Aste honetan hasi dira eraisten Zumarragako Forjas eraikina. Lantegi mitikoaren tokian 80 etxebizitza berri eraikiko dira, egiturazko bizitegi krisia pairatzen duen gizarte honi aire apur bat emateko edo. Gasteizen ere URSSA, Bilboko Guggenheim altxatzeko beharrezkoa zen altzairuzko egitura ernaldu zuen fabrika, jabez aldatu da, eta eraisketaren inguruko lehenengo ahotsak entzuten hasi dira.

Eraikin industrial bati bizitza erabilgarria bukatzen zaionean hariekin zer egin gai konplexua izaten da. Proiektu, asmo eta desioak gorabehera, ia beti amaitzen dute eraitsita, noizbait haren lekuan zerbait egingo denaren esperoan. Bizi berri baten esperoan.

Eraikin historikoekin nahiko argi izaten dugu birgaitu eta beste erabilera bat eman behar zaiela eta, kasuak kasu (eta badira kasu mingarri asko), orokorrean bigarren bizitza bat bilatzen zaie. Bilboko Alhondiga zaharra kultur etxe zoragarri bihurtu da, bilbotar zein kanpotarren beharrak artatzen dituen eraikin koloretsua. Donostiako Tabakalerak ere kultura eta sormenari esker izan zuen loraldi berria. 2015. urtetik hona Donostia eta Gipuzkoako kultura instituzionalaren ikur bihurtu da, eta bertako aretoetan batzen dira modu organikoan, auzotar, hipster, bidaiari zein askotariko ikasleak. Bi kasu hauek irudikatzen dute arkitektura zaharrek funtzio garaikideetara egokitzeko duten gaitasuna. Bi kasu hauek, gainera, eraikin industrialak ziren.

Ados, argumentu bat eraikitzeko ez da zilegi bi eredu esanguratsuenak (eta birgaitzen garestienak) aukeratzea. Balio arkitektoniko apalagoa duten eraikinen edota erabilera zehatz eta ikusgarri bat aurkitzen ez zaien kasuetan askoz zailagoa izaten da ondare industriala kontserbatzea.

Orain ez asko, Soraluzen, Behark estudioak errealitate honen aurrean “The war is over” proiektua sinatu zuen. Proiektuak herri industrial honetako SAPA fabrikaren nabeetako bat zaharberritzea zuen helburu, baina, zertarako? Proiektuak ez du funtzio zehatzik. Eraikinaren hezurdura aprobetxatzen du espazio estali txukun bat lortzeko. “Kondentsadore sozial” hitza erabiltzen da, baina azken finean plazatxo bat lortu da, plaza estali bat. Proiektuak, funtzio konkretua baino, espazioa jartzen du balioan, espazio horrek edozein funtzio jasotzeko gaitasuna izan dezakeelakoan. Bihar, agian, hormak itxi eta kultur etxe bat egin liteke bertan, baina bitartean, espazio bizi bat izango da, etorkizuna ukatu ez zaion eraikin baten barnean.

Fabrika huts bat herrigunean izatea arazo iturri izan ohi da, eta Udalarentzat seguruenik errazagoa zen eraikina bota, bertan plaza bat egin, eta, handik hamar urtera, kultur etxea egiteko beste toki bat bilatu behar izatea. Tentazio horren aurrean, Soraluzen jakin izan dute, hondakinari duintasun minimo bat emanik, iragana eta oraina uztartzen dituen eta etorkizun posibleen esperoan dagoen espazio atsegin bat lortzen.

Mota honetako proiektuz josita dago Europa industrial osoa. Turineko Parco Dora ikusgarria Michelin eta Fiat-en fabrika zaharren errautsetatik jaio zen, baina proiektu berrian integratu egin ziren pabiloirik ikusgarrienak, eta gaur egun, normalean kirol pista estali soil direnak, urtean behin Europako tekno jaialdi ezagunenetako baten eszenatoki bihurtzen dira. Naberik gabe jaialdia egin al liteke? Seguruenik bai, baina altzairuzko erraldoi baten erraietan dantzatzen egoteak sortzen duen esperientziarekin zerikusirik ez luke izango.

Espazio, eraikin eta leku askok ez dute zertan zerbait izan, zerbait izateko aukera izan behar dute soilik. Arkitektura industrial askok badu gizarte postindustrial honetan bizi garenok liluratzen gaituen xarma gordin bat, eta haien atmosfera kontserbatzea huskeria dela pentsa litekeen arren, Soraluzekoa bezalako proiektuek nostalgiarekin zerikusirik ez duten memoria zantzu batzuk fisikoki gordetzea lortzen dute.

Zertarako? Ezertarako ez. Edozertarako. The war is over. Bizi daitezen berriz. •