2025 UZT. 26 - 00:00h Misterioa eta konpromisoa Xabier Izaga Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea Nora doaz garbigailuan desagertzen diren galtzerdiak? Azalpenik ez duten fenomeno horietako bat da, edo azalpena Jainkoaren existentzia dutenetakoa. Ez dakit adibiderik aproposena jarri dudan; izan ere, galtzerdiak desagertzea Jainkoaren existentziarekin lotzeak jainko (galtzerdi-) lapur baten irudia iradokitzen du. Azken urteotan oso maiz sumatzen den beste misterio bat da Estatu espainoleko hizkuntza koofizialen ingurukoa, edozein koofizialtasun baino askoz lehenagotik Jainkoaren existentziarekin lotua, historia sakratuaren arabera. Zenbait lurralde edo lurralde zatitan hizkuntza ofizial bat baino gehiago omen daude. Esate baterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bi, baita Nafarroako inguru batean (beste batean, ez, eta hirugarren batean, batek jakin); beraz, biak ofizialak direla uler liteke. Baina ez: bata ofiziala da eta bestea, koofiziala. Horrela ulertzen du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta horrela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere. Gorenak dio euskara lehenesteak koofizialtasuna urratzen duela, hizkuntza horren aldeko neurriek, alegia; finean, euskara (ko)ofiziala izateak. Hizkuntza minorizatua lehenesten bada, koofizialtasuna urratzen dela dio. Euskarak, horren aspaldi ez dela, (ko)ofiziala ez zenean, ez zuen koofizialtasunik urratzen. Gaztelaniak, edo frantsesak, inoiz ez. Euskararen etorkizunaz hitz egin du oraindik orain Eneko Kopetaundi Anduezak elkarrizketa batean: «Euskararen etorkizuna ez dago inposizio mailaren ez lanpostu publikoak eskuratze aldera ikasteko betebeharraren menpe». Erronka euskararen erabilpenean dagoela dio. Jakina, baina administrazio publikoarekin behintzat, gero eta nekezago. 1992an, Estatu espainiarrak bat egin zuen Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunarekin; 2001ean berretsi egin zuen atxikimendua. Gutunaren bigarren artikuluak konpromisoak zehazten ditu: «Bere lurraldean hitz egiten diren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza guztiei II. zatiko xedapenak aplikatzeko» konpromisoa, besteak beste. II. zati horretara jota, hauxe dio 7. artikuluak: «Parteek helburu eta printzipio hauek izango dituzte oinarri beren politika, legeria eta praktikan: (b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakoitzaren eremu geografikoa errespetatzea, lehendik dauden zatiketa administratiboak edo berriak ez daitezen oztopo izan hizkuntza hori sustatzeko; (c) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak sustatzeko ekintza ausart baten beharra, horiek babesteko; (d) hizkuntza horien ahozko eta idatzizko erabilera erraztea eta/edo sustatzea bizitza publikoan eta pribatuan». Eta artikulu bereko 2. atalak alderdi, sindikatu eta epaile espainolen (eta frantsesen) asmoa deskribatzen du: «Hizkuntza horietako baten mantenua edo garapena desanimatzea edo arriskuan jartzea helburu duen justifikatu gabeko bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehentasun oro ezabatzeko konpromisoa hartzen dute parteek». Zalantzaren bat baldin badago ere, horrela jarraitzen du: «Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna sustatzeko eta haien egoera bereziak kontuan hartzera bideratutako neurri bereziak ez dira hizkuntza hedatuenen hiztunekiko diskriminazio ekintzatzat hartuko». Hain justu ere, Auzitegi Goren espainolak egin duenaren kontrakoa. Gutuna eta haren berrespena Espainiako errege (orain emeritu) Juan Carlos I.ak sinatu zituen. Lekutan dago, sinatzailea eta labadorako galtzerdiak bezala, sinatutako konpromisoa betetzeko borondatea. •