GAUR8

Txandalero, txandalera... txandalari!


Hatortxu jaialdi ederraren biharamunean hasi naiz artikulua idazten. Ajerik gozoenetan bezala, atseden beharrean, baina irribarretxo batekin, bizipenez, emozioz eta energiaz gainezka. Eta, egia esan, jaialdiak egindako antolaketa-erakustaldiarekin liluratuta.

“Auzolana gure indarra” leloa bizkarrean, denak fosforitoz, zenbat eta zenbat txandalari! Abestiari segika, batzuk barran, txupito, ginkas, kaña ta kali ateraz. Inork ezin du ukatu barralari baten xarma... ezta zaborra biltzen, trafikoa zuzentzen, filtroetan, antipaniko gisa edo aitzurrarekin lurra berdintzen ibili direnena ere! Pizzagile zein argazkilari, hantxe ibili dira sabelak eta arimak betetzen, eta emozioen, jakien eta edarien nahasketak gainez eginez gero, ttaka, komuna garbi. Walki, salda ta manta, gora gure seguratak! Eta, jakina, peto moredunak, sirena hotsek behin baino gehiagotan egin baitute deiadarra kasu honetan ere, eta ezinbesteko lana egin baitute denentzat gune segurua izan zedin.

Beriaineko magal magikoan, halaxe aritu dira 7.000tik gora txandalari -erraz esaten da!-. Maitasunaren apologiak bultzatuta, arduraz eta umorez; logika merkantilistaren aurrean, borondatez, eta enpresa askok nahi luketen profesionaltasunez. Delegatu sindikalak eta afiliatuak; alkate, zinegotzi zein herritarrak; espetxeen izenen zerrenda luzeak buruz ikasi behar izan dituztenak eta pertsonalki presorik ezagutzen ez dutenak... denak batera, parez pare, elkar helduta bi t’erdi eginez.

Oihalaren atzealdean, ekimen honen artisauak, inurri lanean. Jaialdiaren aurretik, dena planifikatzen, izapide burokratikoak egiten, herria apaintzen... Momentuan, txandalariei lanak errazten, ezustekoei erantzuten... Eta oraintxe, bestondoa kudeatzen: desmuntatzen, kontuak ixten... eta gehienok jabetu ere egiten ez garen hamaika lan egiten. Asko -tartean lankide bat baino gehiago-, oporretako egunak hartuta. Zenbat lan egiten den denak itzultzeko etxera.

«Hatortxu hiltzeko jaio zen», gogorarazi zuten ekitaldian: «Inoiz ez da helburua izan, tresna baizik». Baina bide horretan, beste hainbat eragile eta ekimenekin batera, bizi-bizirik iraun beharko duten balioak eta sarea erein dituzte. Bidean pausoak egin dira, eta pauso bakoitzean bidea egin da: elkartasun-uhinak zabaldu eta «kilometroak metro» bihurtzeaz batera, sekulako grina kolektiboa, harreman sarea eta jakintza teknikoa egituratu da. Hau da, herri antolatu eta gaitu bat.

Eta hori datozen hilabete, urte eta hamarkadetan ere ezinbestekoa izango da: oraindik kartzeletan edo ihesi daudenak etxera ekartzeko, herrira etorri ahala harrera duina eskaintzeko, euskara indarberritzeko, jatorri eta kultur aniztasunetik herri kohesionatu bat eraikitzeko, zaintza eredu publiko-komunitarioa ehuntzeko, lan eta bizi prekaritateari aurre egiteko, energia komunitateak antolatzeko... Finean, herria egiteko. «Petoa da bide bakarra!», ekitaldian aldarrikatzen zuten bezala. Kasual jantzita, txandala, soinekoa, bakeroak edota amerikana soinean, jarrera txandalaria izango da herri-egiturak ponpatuko dituen bihotza.

“Aske” izango da jaialdi berriaren leloa, «Euskal Herriaren eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzeko». Ez da, noski, askatasun neoliberal eta patriarkala izango: ez pribilegioen gurtza axolagabea, ezta muga korporal, sozial eta ekologikoen kontrako iraultza etengabea ere. Izan ere, elkar arta eta aska, elkartasuna eta askatasuna elkarrekin aldarrikatu beharko dira gerora ere. Gurea -txu edo -txo atzizkia dutenen askatasuna baita: gatibuena, deserriratuena, txikerrena... Azken finean, euskal herritar guztiona, printzipio unibertsal bezain konkretuarekin: batek gose diraueno ez gara gu asetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango.

Elkartasunean aske, askatasuna elkartasunetik (#PalestinaAskatu). Bide horretan, peto batekin eutsi bizitzari, txandalero, txandalera... txandalari! •