GAUR8

Nazio zapalkuntza eta zapalkuntza koloniala


Kolonialismoak eta nazio zapalkuntzak hainbat ezaugarri komun partekatzen dituzte. Batzuk aipatzeagatik: lurraldean bertakoa ez den talde baten botere inposizioa, tokiko identitatearen ukapena eta horren aurka sortzen den erresistentzia.

Bi kasuetan zapalkuntza sistema bat eratzen da, non lurralde baten gaineko kontrola bi kolektiboren arteko botere-harreman asimetriko eta hierarkiko batean oinarritzen den. Estatu, nazio edo talde okupatzaile batek beste baten gainean kontrol politikoa ezartzen du, eta zapaldutako herriaren burujabetza gaitasuna murrizten edo ezabatzen da.

Halaber, bi erregimenetan ohikoa da komunitatea disolbatzeko zapaltzailearen kultura eta hizkuntza inposatzea, eta, aldi berean, zapaldutako komunitatearen identitate kulturalaren bazterketa, folklorizazioa edo desegitea bilatzea.

Zapalkuntza egoera horiek guztiek erresistentzia eta askapen prozesuak eragiten dituzte, bai borroka armatuen bidez, bai bide politiko, sozial eta kulturalen bitartez. Azkenik, okupatzaileak herri honek hain ondo ezagutzen duen erresistentziaren aurkako errepresioa aktibatzen du: heriotzak, atxiloketak, torturak, kartzelatzeak, zentsura, presio ekonomikoa, desjabetzeak.

Kolonialismoak eta nazio zapalkuntzak testuinguru historiko eta geografiko ezberdinetan errepikatzen diren elementu asko dituzte komunean, eta horrek aukera ematen du bi fenomenoak modu konparatiboan aztertzeko eta ulertzeko, baina konparaketa hori egin ahal izateak ez du esan nahi biak berdindu behar ditugunik, kolonialismoa eta nazio-zapalkuntza sinonimo gisa erabiltzeak analisi on bat egitea ahalbidetzen digunik.

Erabiltzen ditugun hitzek, errealitatea deskribatzeaz gain, eragin performatiboa dute, errealitatea (partzialki bada ere) egituratzen dute. Kolonialismo hitzak erabilera estrategikoa izan zuen 1970eko hamarkadatik aurreragoko Euskal Herrian. Gure herriaren eta munduko beste herrialdeen gatazkak kolonialismo berdinaren parte gisa ulertzeak sortu zuen informazio, militante eta elkartasun fluxuak alde bateko eta besteko borroka politikoak indartu zituen, Euskal Herria Palestina, Kuba, Kurdistan edo territorio Zapatistekin lotuz, besteak beste.

XXI. mendean, ordea (elkartasun internazionalistak beharrezkoa izaten jarraitzen duen arren), zailago egiten da Euskal Herriaren eta Espainia, Frantzia edo Ingalaterraren kolonia izan diren hegoalde globaletako herrialdeen egoera berdintzea. 2018an Salda Badago! Euskal Herriko Jardunaldi Feministetako mahai antikolonialean esan zen bezala, Euskal Herriak bere ardura koloniala onartu behar du. Horrek ez du esan nahi Estatu espainiar eta frantsesaren menpe ez gaudenik, ez gaudenik nazio gisa zapalduta edo Euskal Herriak burujabetza duenik inolako politika dekolonialik aktibatzeko. Esan nahi duena da Iparralde globaletako aberastasuna hegoalde globalen baliabide naturalen ustiapenean eta biztanleriaren esplotazioan oinarritzen dela eta, euskaldunok nahi edo ez, ados egon ala ez, sistema horren “onurak” jasotzen ditugula (betiere klasearekin lotutako banaketa asimetrikoan).

Kolonizazioa eta nazio-zapalkuntza bereizi behar ditugu errealitate ezberdinak azaldu behar ditugulako. Ez delako berdina erakunde paramilitar baten eskuetan hiltzea edo Bidasoan itota, zure hiriko dendetan euskaraz komunikatzea ia ezinezkoa izatea edo Euskara ikasten jartzea 10 orduko lanaldiaren ostean, zure identifikazio dokumentuan “Reino de España” jartzea den umiliazioa jasatea edo paperik (eta hortaz, eskubiderik) ez izatea.

Honekin ez dut nahi bi zapalkuntzen arteko lehiaketa bat egin, helburua ez da bien artean zapalduena zein den determinatzea, baizik eta biak batera nola jarduten duten ulertzea elkar laguntza estrategiak garatu ahal izateko. Euskal Herria ez da kolonia bat, baina bai zapaldutako nazioa. Horrek ez du soilik estatu arrotzen menpekotasunari aurre egitea eskatzen, ez da soilik Espainia eta Frantziaren menderakuntza gainditzea: gure pribilegio zurien eta kolonialismoaren aurka ere borrokatu behar dugu. Herri honen askatasunak ez duelako zentzurik, ez bada beste herri zapalduekin elkartasunean. •