2025 ABU. 11 - 00:00h Gaurko egunez jaio zen Enid Blyton idazlea Nork ez du irakurri nerabezaro betean Enid Blytonen nobela bat? Historiako autore ospetsu eta salduenen zerrendan bosgarrenean kokatzen da idazle ingelesa, hainbat haur belaunaldik jarraitu izan dituztelako berak idatzitako abenturak. Kritikoek, ordea, beti gutxietsi dute. Enid Blyton etengabe idazten zuen. (Wikipedia) Amaia Ereñaga Enid Mary Blyton gaurko egunez jaio zen 1897ean, abuztuaren 11, East Dulwichen eta 1968ko azaroaren 28an zendu Hampsteaden. Haur literaturan nabarmendu zen, baina oihartzun handia lortu zuen arren, kritikoek beti gutxietsi izan dute bere lana: Hizkuntza mugatua duela, bere nobelen egitura oso sinplea dela eta ‘moralkeria’ dezentez eta une errepikakorrez beteta daudela leporatu diote. Bere biografoek diotenez, haur literatura erabili zuen ihesbide gisa, 12 urterekin traumatizatuta geratu baitzen gurasoak banandu zirenean. Idazmakina hanken gainean jarrita zuela eta esku bakoitzeko hatz bakarra erabiliz, egunean 10.000 hitz idazten zituen. Horrela gogorarazten du bere alaba txikienak, idatzi zuen biografian. Imogen Pollockek, horrela deitzen da, ‘A Childhood at Green Hedges’ autobiografian ez du ama goxo uzten: ospearen menpe bizi zen, alkoholikoa zen eta alabei ez omen zien jaramonik egiten. Bere bizitzan zehar Enid Blyton haurrei zuzendutako 762 lan argitaratu zituen eta bere tituluak 40 hizkuntzatara itzuli dira. 600 milioi kopia saldu ditu, eta kopuru horri urtero 8 milioi gehitzen zaizkio. Malory Dorreko eta Santa Clarako ikasleen sagak idatzi zituen, baina ospetsua da, batez ere, Bostak (‘The Famous Five’) haur koadrila edo taldearen sortzailea izateagatik. Bostak izena bildumako protagonistei egiten die erreferentzia: Jorgina eta horren lehengusuak diren Julian, Ana eta Dick, Tim txakurrarekin batera, osatzen dute lagun taldea. Oporretan daudelarik Kirrin uhartean biltzen dira eta bizi dituzten abenturekin hornitu zituen Blytonek guztira 21 alez osatu zuen liburu bilduma, 1942-1963 urte bitartean idatzirikoak eta euskarara eta beste hainbat hizkuntzatara itzuliak izan direnak. Bere liburuotan dauden joera arrazistak eta sexistak baztertu dira azken hamarkadetan kaleratu diren berrargitalpenetan.