2025 IRA. 06 - 00:00h 108+1 Miren Azkarate Kazetaria Iraila topikoz betetako gaiez lepo dator urtero: oporren amaiera, kurtso berria (politikoa eta irakaskuntzakoa...), kiroldegian izena ematea udan irabazitako kiloak galtzeko… Aurtengoa hamargarren iraila dut, hau da, bederatzi urte daramatzat, hilabetero-hilabetero, huts egin gabe, artikulutxo hauek idazten. Guztira, 108. Erraz esaten da gero. Denetariko gaiak ekarri ditut lerro hauetara: umorezkoak, serioak, tristeak, aktualitatekoak… Gehienetan argi izaten dut zertaz hitz egin; gutxi batzuetan, azken momentura arte ezin jakin orrialde zurian zein letra beltz jarri. Baina beti garaiz. Kurtso berri honetarako eta gezurra badirudi ere, orain arte aipatu ez dudan gai bat ekarri nahi nuen, nahiz eta dena esana dagoela iruditzen zaidan. Gaza aipatu nahi dut. Aipatu, behintzat, ahanzturan gera ez dadin. Ezer gutxi egin dezakegun honetan jakin dezatela gogoratzen ditugula, beraiekin gaudela eta ahaztuko ez ditugula. Azken egunotan Israelen aurkako ekintzak eta Palestinaren aldekoak gehiagotzen doazela iruditzen zaidan honetan, nire aletxoa hauxe da. Manifestazioetan ikusiko nauzue eta egunerokoan egin ditzakedan ekintza txikiak egiten. Eta noski, hilabetero hemen aurkitzen jarraituko nauzue, Gazaren eta herrialde zapalduen askatasunaren aldeko aldarria eginez, letren bidez mundu justuago baten aldeko artikuluak idazten orrialde zurietan. •